Donostia eta turistifikazioa… euriari begira bezala, egonean?

Donostia eta turistifikazioa… euriari begira bezala, egonean? –

Donostian gentrifikazio eta turistifikazioaren eraginak ezin nabarmenagoak dira eta hamar urte hauetan jasan duen eraldaketari begiratu besterik ez dago. Donostia betidanik izan da hiri erakargarria higiezinen inbertsiorako eta horrek nahi eta nahi ez beti eragin du etxebizitzaren prezioen mailan. Alabaina, hori tarteko ere, azken urteotakoa besterik da, eta beste gako erabakigarri bat sartu behar dugu ezinbestez gentrifikazioa azaltze alderako ekuazioan, turisitifikazioa alegia. Biak daude elkar hertsiki loturik, edota, hobeki esan, turistifikazioak bestean eragin du jauzi nabarmen bat. Turistifikazioak berekin dakarren erasan gentrifikatzailea ez da inondik Donostiako kasu isolatu bat. Oro har, gutxi-asko gure ondoko hiri gehienetan gertatuz joan den fenomeno bat dugu, areago, mundu zabaleko fenomeno golbaltzat hartu beharrekoa dugula esango nuke.

Donostia eta turistifikazioaHori horrela ere, Donostiako kasu nabarmen deigarritzat, are eredugarritzat ere, joko nuke nik. Jarraiko lerro hauetan, gertakariaren zer-nolakoa, bere zergatikoak eta bere zuzeneko ondorio zein albokoak arin-arin hona ekartzen ahaleginduko naiz. Gerora, gurera etorriaz, Donostiakoari zuzenduko diot nire hausnarketa-begiratua. Honekin guztiarekin, azkenik, zera utzi nahiko nuke oso argi; gertakari hau tokian toki ematen den gertakari unibertsala delarik ere, nolabait edo beste denok pairatzaile zein, gehienetan ere, parte-hartzaile bilakarazten gaituena, ezin da arrunt ekidin ezina den euriaren bustigarritasunatzat jo. Gertakari honek ekidiezinetik badu, ezin uka, baina politikak badu, eta izan behar du, berorren aurrean nola koka eta zer esanik. Donostian, nire ustetan, Eneko Goiaren gobernuak diskurtso maila euriaren bustigarritasun ekidin ezinaren diskurtsoari heldu dio eta, bere erabaki politikoak, edota horien eza, ikusirik, zin-zinez gertakari hau ondo onartu, eta gehienetan baimendu, azkartu are indartu ere egin du.

Turismo egiteko eta oporraldirako denbora-tarte laburrerako, astekako, are egun gutxietarako alokairuetarako aukerek gora eta gora egin dute azkeneko urteetan. Hau ezinezkoa izango zatekeen hori ahalbidetu duen sarearen bidezko plataformak tarteko ez baleude. Egungo egunetan nornahik, mundu zabaleko nonahitik, bere apetaz eta nahierara planifika dezake samur asko bere ordenagailu edo mugikorretik bizi deneko tokiz beste muturreko toki hainbatetan egingo duen egonaldien ibilbidea, bi egun hemen, beste bi ondoko hirian eta horrela jarraika osatutako gustuko oporraldi pertsonalizatuak lortzeraino. Zerbait alokatzeko egunkarietako iragarkietan bilatu behar genueneko egunak oso atzean geratzen zaizkigu jada gomutan, eta hori gutxi ez eta, gutxienera jota, alokatu beharrekoak hamabostaldi baterako izan behar zuenekoa ere. Honek guztiak iraultza zinez handia ekarri du berekin gure hirietan. Negozio errentagarri eta aurrera eraman erraz bilakatu da etxebizitzak turismo molde honetara bideratzea, erraza eta etekin oso erakargarrien iturri.

Bestetik ezin uka praktika molde hauen gaineko kritika zintzo bat egitea zinetan zaila denik. Teorikoki edo inora ez doazen gure solasaldi bazkalosteko arinetan gutxi-asko gehienok ager gaitezke kritiko gure hirien azken urteetako itxura-aldatzeekin praktika hauek tarteko. Jarrera kritiko hori nabarmenagoa izango da, kasu baterako, Donostia bezalako hiri batekoak bagara, berez jada historikoki turismorako hiri zinez erakargarria bazen ere, gertakari honen eraginez, egun, hiria gero eta bizi-ezinago bilakarazi den aldetik. Egoera anbibalente batean mugitzen gara baina, ezen, printzipioz gehientsuok egingo dugu bat hasiera batean delako kritikarekin; alabaina, berehalakoan bizi gaituen inkoherentziak ere erraz agertuko zaizkigu. Zeinek du bere hiritik kanpo beti eta erabakimen irmoz turismo mota honi uko egingo bere oporretan? Zeinek ez luke, ahal izanez gero, bigarren etxebizitza bat alokatzeari uko egingo?… Denok harrapatu gaituen gertakaria dugu, kapitalismoaren olatuaren baitan gertatzen diren zenbait eta zenbait praktikatan bezala, askotan biktima bezain parte hartzaile bilakarazten gaituena.

Guztiarekin ere, eta bizi gaituzten kontraesanak kontraesan, begirada altxatu beharrean gaude. Ezin gara analisi mikroan gelditu, nahiz-eta honek ere busti egiten gaituen. Esanda moduan, gertakaria aurrerapen teknologiko oso zehatz batek ahalbidetu badu ere, behin negozio-esparru hau zabalduz joan dela, berorren hazkuntza ziztu bizizko, egundoko eta ezin geldituzkoaren atzean interes- eta botere gune handiak daude, sarri askotan tokiko eta gertuko administrazioetatik oso urrun eta tokian toki ematen den globalizazioaren olatuaren baitakoak izateraino.

Azken hau esanda ere, eta hortaz gertakari globala dela onarturik, hein batean bederen geldiezinetik duenik ezin uka, baina tokian tokiko politikagintzak ezin da egonean egon, euria nola ari duen leihotik dakusanak bezala. Donostian, nonbait, alkatetzatik azken 8 urteotan egindako politikak zera baino ez digu jartzen nabarmen erakutsian; leihotik euri begira egotea gutxi ez, eta, berorretatik babeste alderako “estalki” zenbait eta zenbait erauzi eta maiz are, delirioz-edo ere, alkatetza bera berau euri bihurtu nahi izatera ailegatu da.

Gentrifikazioak, dituen zergatiak jatorri ezberdinetakoak izan daitezke, baina azterketa honetarako horien artean turismoak eragindakoak hartuko ditut aitzakotzat gehienbat. Turismoak etxebizitzaren prezioaren igoera eragin du hasteko eta behin. Turismoa egin ahal izateko modu berri honek, gorago esanda moduan, hasieran hirigunean, eta pixkanaka gero eta auzo gehiagoetan, bizitzeko etxebizitzen kopurua urritzea eragiten du; izan ere, salgai dauden horiek, bizitzera zuzenduak izan beharrean, edota gerora bizitzeko alokatuak izan beharrean, egunekako edo astekako turismo alokairu gero etekintsuagoak dituzte helburu. Honek ezinbestez eta nabarmen etxebizitzen prezioek gora egin dezaten erasaten du. Hori pisu turistikoei dagokienean, baina horri gehitu behar zaio, etxebizitzen blokeak zirenak edota izan litezkeenak, xede horretara zuzendu ordez, hotel bilakatea. Honen eragin zuzena etxebizitzen prezioen igoera da eta horren ondorioz hiriko jendea, eta batez ere beregainki bizitzera abiatzen diren gazteen belaunaldi berriak, hirigunetik hasieran, eta pixkana-pixkana hiritik beretik, kanporatzen ditu.

Gertakari honen kontra har litezkeen neurri politikoak sarri aipatu eta denok ezagutuak dira: alokairu turistikoen baimenak asko eta zorrotz mugatzearekin dute lotura gehienbar. Besteak beste, kasu baterako, eta egun Donostian egiten ari den ez bezala, Alde Zaharrakoaz askoz harrago, beste hainbat eta hainbat zonalde eta auzo berehalakoan zonalde “gainezkatu” izendatzea; etxebizitza bat turistikotzat jo ahal izateko bete behar izateko zenbait baldintza zorroztea (lehengo solairuan egotea, zorrozki bete beharreko hainbat baldintza material zein segurtasunezko, irisgarritasun baldintza zorrotzak…); zonalde gainezkatua izan edo ez, kalekako, zonaldekako pisu turistikoen arteko gutxieneko distantzia bat ezartzea… Beste hainbat neurri politiko ere ezar litezke, ezar, etxebizitzen erabilpena eta, hortaz, euren prezioen egoera espekulatibo logikaz kanpokoa murrizte aldera.

Aurreko paragrafoan aipatutako neurriz kanpoko etxebizitzen prezioen egoera da faktorerik nagusiena hiri bat “bizi ezin” izatea azaltzeko. Ezar litezkeen neurriak ere, arin-arin, eta ziur oso modu “atarikoan” aipatu ditut. Noan orain baina, Donostia bezalako hiri bat “bizi ezin” bilakarazten duten beste hainbat neurri politiko oker aipatzera, etxebizitzen prezioetan eragin edo ez, jada hirian bizi direnei eragiten dienak, eta euren bizi kalitatean zuzen-zuzenean eragiten dutenak. Askotan espazio publikoaren erabilerarekin lotuak daude, edo delakoek oraindik publikoa izaten jarraitzen ote duten udal erabakiekin. Donostian oso arduragabe (edo batek daki, beste interes propioek bultzatuta, oso “arduratsuki”) jardun da politikoki espazio publikoarekin: hor dugu, esaterako, San Bartolome muinoan egin nahi den astakeria, berrikitan, auzibidera eramanda, baina, epaia udal gobernuaren aldekoa izanda ere, gune hori “bizi ezin” bilakatuko duena; Manteon publikoak diren, auzotarren erabilera normalerako diren, metro horiek guztiak interes pribatuko ekimen baterako bideratuko direnak… Dena den, inork alkate hau bultzatzen duen politika egiteko moldeaz dudarik oraindik ere baleuka, gogora dezala bere unean Miramar Jauregiarekin zer egin nahi izan zuen, bertan hotel handi baterako kontzesio bat ematea… Ondo neurtu eta motibatutako erabaki “handi” hauez gain, badaude beste neurri txiki asko gure hiriaren paisaia pixkana-pixkana txarrerako eraldatuz joaten direnak eta gure hiri eta auzoak bizi ezin bilakarazten, hala nola, eta labur beharrez, kale estuetan emandako terrazetarako ezin konta ahala baimen,  edota, esaterako, Triunfo eta Blas de Lezo kaleen 50 metro oinezkoentzako jarri izana, inora ez doazen kaleak, baina bertakoentzat kaleko aparkaleku galdera eraginda…

Alde Zaharra dugu horren erakusgarririk argiena, baina, larriena zera da, hori gutxi ez, eta Hirigunerako horren segida egin asmo duela Eneko Goiak agerikoa dela. Zentrorako duen egitasmoa bide bertsutik doa. Bere diskurtsoak ere, askotan anbibalentea izan badaiteke ere, gehienetan, eta hartutako neurriekin koherente den horietan, argi jartzen digu erakutsian. Hiriaren martxaren onaz ari denean, etorri behar diren kongresisten eta turisten kopuru du aitzakotzat hartzen, eta beroientzat dauden hotel logela urritasuna, kanpora begira hiria erakargarri egiten dituzten ekimen eta egitasmoen zerrenda du kezkagai soil-soil. Eta hori, hein batean, ondo legoke, baldin eta, ikusi dugun moduan, azken urteotan ez bezala, Donostiarron bizitzan, gure bizimoldeetan, endekatze-eraginak ez balekarzke, euren ekonomia domestikoan nolabaiteko porositate positiboa balekar.

Dena den, ez gaitezen engaina, honen guztiaren atzean ez dago aurrera eramandako udal politika kaskar bat, urrik eman ere, honen guztiaren atzean hiri eredu politiko oso zehatz bat dago, ondo asko pentsatu eta zer-nolakotua “ikuspegi horretatik”, eta donostiarron eguneroko bizitzarako ezin kaltegarriagoa dena. Alkateak, ondo asko adierazi digu bere diskurtsoan, agerian jarrita edo nolabait ulertarazita, Alde Zaharra, Hirigunea, Gros,… benetako auzotzat jo beharrean, soil-soil kanpotarrentzako interesguneak direla, eta horren arabera tratatu beharrekoak.

Igor Goitia

Donostia eta turistifikazioa… euriari begira bezala, egonean?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.