Domingo Zabalo “Jats”, zapatagin eta pilotari

Domingo Zabalo “Jats” –

Hazparnen sortu zen Gaskoina ezizeneko pilotari handia herri berean hil zen egunean, hau da, 1859ko urriaren 27an. Hazparnen zapatagintza tradizio handiko jarduera izan da beti, eta Domingo Sabalok hamabi urterekin eman zituen lehen urratsak lanbide honetan. Sei librako mailua airoski erabili behar izaten zuen eta honek izugarrizko indarra eman zion, gero pilotan jotzeko biziki ongi etorri zitzaiona. Azkarki mugitzen zen pilota-plazan, nahiz eta 140 kilo pisatzera iritsi zen.

Domingo Zabalo “Jats”
Hazparneko frontoia

1.- Gazte-gaztetik pilotari

Mutikoa zela pilotan aritzeari lotu zitzaion, hasieran trinketean eta Ermindegiko plazan. Era guztietako jokoa maite zuen: pasaka, esku huska, xistera… Ainitzetan, eskolara joan beharrean, pilota-plazara joaten zen eta hortxe ari izaten zen jokoan ama, haserre eta makilatxo batekin eskuan, bila joaten zitzaion arte.

Hamalau urte zituelarik, ez zuen kontrakorik Hazparnen eta herri auzoetan, denei irabazten baitzien. Hamasei urterekin Luhusora joan zen Shabatto eta Kashino pilotarien aurka egitera. Garai hartan Kanbon bazen Halty izeneko pilotari eta maltzur handia, honek hazpandar gazteaz entzun zuen eta Hazparnera joan zitzaion bila. Trinketean, pasakan jokatzen, topatu omen zuen, eta biziki ona iruditu zitzaionez, Kanboko bestetan jokatzera gonbidatu zuen.

Kanbon Halty, Berterretxe, Larrondo eta Patsola pilotariekin batera jokatu zuen. Partida egunean, oinez joan zen Kanbora; han, Halty pilotariak bere gerizpean hartu zuen, eta bere buruaz konfiantza hartzen lagundu zion. Partida denboran, jendeak oihu egiten omen zion: Garbi zak plaza, Jats, garbi zak plaza!Egun horretatik aitzina Jats (jatsa = erratza) izengoitiazdeitu izan zuten Euskal Herri osoan.

Partidak bukatzean, Haltyk 30 libera eman zizkion ordain gisa eta hazpandar gaztea poz-pozik itzuli zen etxera. Halty ere poz-pozik gelditu zen, mutilari 150 libera eman behar zizkiolako, eta 120 bere sakelan atxiki zituelako. Kanboarra azeri samarra zen, maltzur-maltzurra.

2.- Herriz herri eta partidaz partida

1875 eta 1900 urteen artean, Jatsek partida ainitz jokatu zuen, eta garaiko pilotari handienekin batera ari izan zen, Xilhar, Larrondo, Ottarre, Patsola, Leixelard, Txantrea, Ziki eta gainerakoekin. Iparraldeko pilota-plaza guztietan aritu zen, Donibane Lohizunekoan, Urruñakoan, Miarritzekoan, Baionakoan, Kanbokoan, Donapaleukoan, Maulekoan… eta norgehiagoka aritu zen Iparraldeko, Nafarroa Garaiko eta Gipuzkoako pilotari onenen aurka. Urte haietan biziki famatuak ziren Bagoa eta Xilhar ezpeletarrak, Berterretxe eta Leixelard itsasuiarrak, Halty kanboarra, Larrondo hiru anaiak, Patsola eta Txantrea saratarrak, Ottarre, Nañi Teilleri, Ganix Landaxko eta Ziki azkaindarrak, Dindaburu, Bellekabe eta Amezpil hazpandarrak, Manix botikaria, Beloki eta Besomotza nafarrak…

Harrobi on eta kalitate handikoa zegoen.

Jatsek ainitzetan jokatu zuen Xilharrekin, eta adiskide handiak izan ziren beti. Geroago Baionan Ottarre azkaindarrarekin jokatu zuen. Sarako plazan partida bat jokatzen ari zela, epaileek bere aurka jo zuten atxiki egiten zuela erranez. Irunen Xilhar eta Patsolarekin batera sekulako partida jokatu zuten Txikibar, Agustin Beloki eta beste gipuzkoarren kontra. 1846an beste partida famatu bat jokatu zuten Irungo frontoian. Goizean hasi ziren eta ordu bietan oraindik jokoan segitzen zuten. Xilhar eri jarri zen, eta izerdiz blai eginda zegoela, auto batean sartu, eta Hendaiako mediku batengana eraman behar izan zuten.

Jatsen semeetako bat biziki pilotari ona omen zen, eta aitak itxaropen handiz begiratzen zuen, baina, zoritxarrez, Lehen Gerla Handian eman zuen azken hatsa. 65 urterekin, Jats oraindik aritzen zen herriko pilota-plazan adiskideekin batera. Hainbat urte berantago, 1927an zendu zen, 68 urte zituelarik.

Domingo Zabalo “Jats”, zapatagin eta pilotari

Domingo Zabalo “Jats”
Domingo Zabalo “Jats”

Euskaltzalea eta irakasle-ohia