Diasporako gazteak: folklorea bai, euskara ez
Lehenago ere ezagunak dira sarean, baina GazteAukeran egin dioten elkarrizketaren bitartez ezagutu ditut nik Anne Marie Chiramberro euskal amerikar gaztea eta Hella Basque, bere bloga. Ipar Ameriketako euskal diasporako gazteen errealitatearen berri ematen du bertan, eta arrakastatsua omen da. Horrez gain, bertako euskal dantza talde bateko bi kidek Euskal Herrira egindako bidaia kontatzen duen eleberria idatzi du, eta udan argitaratuko duela espero du. Twitter zaleek ere bertan jarrai dezakezue.
Urtzi Urrutikoetxeak ere bloga jarraitzen zuen nonbait, eta Hego Euskal Herrira -Ipar Euskal Herrian familia du, eta bertan izana zen lehenago ere- egin duen bisita baliatu du harekin biltzeko. Hemen ikus dezakezue bilera horren emaitza: EiTBk zabaldutako bideoa.
San Franziskon jaioa da, eta Manchesterren egin ditu unibertsitate ikasketak, baina hala ere ameriketako euskal komunitateko kide gisa aurkezten du bere burua eta euskal kulturarekin lotutako makina bat ekimenetan hartzen du parte. GazteAukerak zabaldutako elkarrizketan argitu du zerk eraman zuen bloga sortzera: ”
“Hella Basque bloga ireki nuen euskal jatorriko amerikarrentzako topagune birtual bat sortu nahi nuelako, bertan gure euskal identitatearen inguruko bizipenak trukatzeko. Asko idatzi da Euskal Herritik Estatu Batuetara emigratu zutenen gainean, baina oso gutxi idatzi izan dela iruditu zait diasporaren 1, 2, 3. belaunaldiez. Nola indartu genezake euskal nortasuna Estatu Batuetan jaiotakook?”
Harritu nau San Frantzisko hirian jaiotako gazte batek, euskal sustraiekiko horrenbesteko interesa eta lotura izateak, baita belaundaldi berriak ere euren giza harremanen zati handi bat euskal komunitatearen arabera antolatzen dutela ikusteak ere.
Blogean bertan aipatzen duenez (eta ondorengo bideoan ikus daitekeenez) bertako nerabeek euskal dantzak ikasten dituzte, pilotan eta musean jokatzen dute, eta antolatzen dituzte euskal “udalekuak” ere.
Atlantikoaren beste aldeko baten begietatik behintzat, imagina dezakegun aisialdi eskaintza zabalenetakoa duen hiri batean, euskal jatorriko komunitateak -edo zati batek behintzat- euren seme-alabeengan euskal tradizioa errotzea lortu du. Euskarak aldiz, ez dirudi belaunaldien arteko langa gainditu duenik. Harritu nau horrek ere; dirudienez, eta Anne Marie Chiramberrok kontatzen dituenak orokortzearen arriskua nire gain hartuta, diasporako euskal komunitateek tradiziotik eta folkloretik edanez bizirauten baitute, batuko dituen hizkuntzaren beharrik gabe.
Euskaraz beste egite hori epidemia da bertosporan ere, hots “Euskal” Herrian.
Dantzari txiki eguna ospatu genuen larunbatean Altsasun. Bertan parte hartu zuten bai Altsasuko taldeko haurrek, bai Urretxu edota Ibarrakoek ere. Dantzan egin ondoren, bazkaltzera eraman genituen elkarte batera dozenaka haur. Gehienen arteko hizkuntza erdara zen. Zer esanik ez, gurasoen artean are gehiago, salbuespenak salbuespen. Hori bai, haiek jantziak, hura dantzen ederra, txistuen doinu gozoa eta ikurriñak airean…
Ez dago zertan San Franciscora joan, euskara diasporatu dugula ikusteko.
Bertospora ere, erdaraz bizi da.
Itzainekin ados,
ederki gaude ba gu eta gure gazteak, hizkuntza (ko)ofizialtzan duen eremu batean, diaspoarakoez ezer analizatzen hasteko, gauza arraroa balitz bezala.