Deseraikitze paraleloak
Deseraikitze paraleloak-
Haizea Barcenillak Berria egunkarian.
Artearen Historiako Lizentziatura amaitu nuenean, 2004an, dozena bat emakume artista ezagutuko nituen, eta Euskal Herriko bat bera ere ez. Haietako bost batera ikasi nituen, gorputz arteari eskainitako eskola bakar batean. Baina hori ez zen okerrena; okerrena zen azken ikasturtera arte absentzia hori ez zitzaidala deigarria egin, nire ordura arteko artearen esperientziarekin bat baitzetorren: museoetako artelanak gizonek eginak ziren, artisten filmek gizonen bizitzak irudikatzen zituzten, eta emakume zorte onekoenak modeloak eta musak ziren, sorkuntzaren dohaina zuten gizon haiengandik hurbil egoteagatik.
Azken ikasturterako, ordea, klaseko guztiok konturatu ginen emakumeen falta justifikatzeko azalpenak sorgin-gurpilak zirela. Errepikatu zitzaigun emakumeek ez zutela arte bikaina sortzeko ahalmen nahikorik, baina arte bikain haren ezaugarriak zehazten inork ez zekien. Zerk egiten zuen Robert Delaunayren lana bikaina eta Sonia Delaunayrena ez? Zerk egiten du Riberaren lana Artemisia Gentileschirena baino hobeagoa? Zergatik da gudari buruzko lan bat (Picassorena, bat esatearren) Louise Bourgeoisek jaiotzari buruz egindako beste bat baino transzendentalagoa?
Galdera horiek botatzen hastean barneratzen ari ginena zera zen: artearen historia eraikuntza bat zela, eta eraikuntza modernoa gainera, azken hirurehun urteetan zehaztutakoa. Ordutik boterea izan dutenek definitu dutela zer den artea eta zeinek duen hori egiteko eskubidea, eta haiek idatzi dutela gerora gogoratzea merezi duten artisten zerrenda. Kanonak eta gaien garrantziaren hierarkia zehaztu, hezkuntzaren aukera banatu eta legitimazio sistemak ezarri dituzte, emakumeak eta beste menpeko gizatalde batzuk kanpoan uzteko tresna legal zein kontzeptualez betez. Horri guztiari patuaren izaera emateko, jenioaren ideia sortu zuten, alegia, artea jaiotzetiko dohain zoragarria zuenak besterik ez zuela egin ahalko. Naturaz gaindiko arrazoiak baliatu behar izan zituzten errealitateak erakusten zuena ezkutatzeko: emakumeek ez zituztela lan bikainak egiten horretarako bideak ixten zitzaizkielako.
Historia eraikia zela ulertzen genuen heinean, generoa orobat eraikia zela antzematen genuen; ez baitzegoen Rosa Bonheur eta Tamara de Lempicka lotzen zuen esentzia femeninorik, ezta emakumea gizartean gizonaren azpitik jartzen zuen ezaugarri biologikorik ere. Askorentzat, emakumea sortu ez baizik eta egiten dela ikastea, historia ezerezetik agertu ez baizik eta egiten dela ikastearekin bat etorri zen. Hortaz, euren generoaren gailentasuna naturala dela uste dutenek soilik mantendu dezakete gaur egun artearen historia objektiboa dela, besteok deseraikitze paraleloetan gabiltzan bitartean.