Desazkundea? Bai zera! (III) [Ekonomia]
Desazkundea? Bai zera! (III) [Ekonomia] –
Lehenengo aldia bada post honetara hurbiltzen zarena Desazkundea hitza irakurrita jakin ezazu beste bi ere idatzi ditudala aurretik:
=========================================
Ay amigo es el mercado!!, erantzun zuen Rodrigo Ratok bere Black Txartel opakua arro erakutsiz.
Pues vamos a hablar del (manipulado) mercado Rodrigo!
Arro erakusten zuen Rodrigok bere txartela bazekielako intokablea zela nahi zituen barrabaskeriak egin eta erosteko. Bazekien harrapatuta ere intokablea zela, bazekien, harrapatuta, interrogatuta eta epaituta ere, intokablea zela, ez zu eta ni bezala edota Altsasuko gazte gizajoak bezala. Gu ez gara Rodrigo, gu jendaila gara, txusma, lau urtetik behin txintxo txintxo kutxa batera hurbildu eta papertxoa botatzen dugunak.
Sutan ikusi duzun gizon hori katedraduna da Juan Karlos Erregea Unibertsitatean Austriar Eskolako ordezkari sutsuenetarikoa Espainian, anarkokapitalista ultraliberal peto petoa, beragatik balitz, kaleetako adokinak ere pribatizatuko lituzkeena. Bere ikaslea bazara, onddo haluzinogenoak hartuta joan zaitez bere ikastorduetara han gertatzen dena ulertu eta irensteko. Erne irakurle!, telepredikatzaile espainiarrak bere edabe praxeologikoa prest du eta zure deabru estatalista gorputzetik ateratzeko Ayn Rand musak seduzitu lehenik eta Rothbard, Mises eta Hayekek exorzistatuta gero.
Anarkokapitalistentzat minarkistak epelak eta traidoreak dira. Mindungi batzuk! Epelak, nahiz eta antiestatalistak izan, ez direlako %100 antiestatalistak, oraindik estatuaren aztarnak behar dituzte defentsa eta justizia lanetarako. Beraiek ez, beraiek %100 dira antiestatalistak. Ospitalak behar dituzula gaixoak zaintzeko, lasai, merkatua azkarra da eta berehala eraikiko ditu. Ura eta argindarra behar dituzula etxeetan, lasai, hor dago merkatua zure erreguak asetzeko. Haurrak dituzu eta arduratuta zaudela ez dakizulako nondik eta nork eraikiko dituen ikastetxeak, lasai, aita merkatua gutaz arduratuko da eta, ez gaitu biluzik utziko eta, perretxikoak bezala germinatuko dira eta, ikastetxeak nonahi. Pandemia bat sortu dela, lasai, langabezi tasa jaitsiko dugu milioi batzuk hilda eta finantziazio publikoa erabilita garatutako txertoa, urrearen prezioan salduko dugu.
“Jakina klaseen arteko gerra dagoena, baina nire klasea da, aberatsena, gerra egiten ari dena eta irabazten ari gara”. Warren Buffett.
Zuek nahi duzuena esango duzue baina gizona behintzat zintzoa zen. Ez alferrik bere Berkshire Hathaway holdinga 330.952.724.000(2022/03/29) dolarretan dago baloratua burtsan (Warren Buffett – Berkshire Hathaway Portfolio).
Buffett jaunak ez dizkizu ospitaleak, ikastetxeak eta zerbitzu publikoak eraikiko. Coca Cola edan eta itxaron egingo du estatuak eraiki ditzan eta eraikita daudenean, korroskada bat bota -Coca Colak korroskadak eragiten ditu- eta erosi egingo ditu. Erosi gero estatuari alokatzeko. Erosi, zuk eta nik ahal badugu erabiltzeko, barkatu kontratatzeko, kontratu legal eta adostutako batekin. Ez dago eskubiderik!, oihukatu duzu eta Rodrigo Ratok bere Bahametako erretirotik erantzungo dizu: Ay amigo es el mercado!
Buffett jauna jakina, ez da bakarra hori egiten duena estatuekin, goiko holding horiek ere ez dira atzean gelditzen. Kontura zaitezen zein indartsuak diren eskuinean munduko lau herrialde nagusien gehi Frantziaren eta Espainiaren BPG-ak ipini dizkizut beldurtzeko eta hausnartzeko. Beldurtzeko, bilioi guzti horiek ez daudelako koltxoipean lotan, lanean daudelako gau eta egun etekin bila ehundaka enpresen akzioetan eta ehundaka estatuen zor publikoetan. Broma gutxi holding horiekin irakurle, ez baitira gobernuz kanpoko erakundeak giza-laguntza banatzera joaten direnak Afrikara. Oso “nomadak” eta promiskuak dira gainera gaur, zurekin oheratuko dira afaria ordaintzen duzulako baina bihar, hango harekin joango dira esmeralda meategiaren jabea delako. Ay amigo es el mercado!!
Eta zer? diozu, merkatuak bere arauak ditu kamarada!, ez bazaizkizu atsegin, saldu dena eta joan hadi Ibizara lepokoak saltzera eta Hare Krishna, Krishna Hare kantatzera! Aspertuta natxeok hi bezalako mengelen lamentuak entzuten!
Ados egongo zara nirekin, zuk hainbeste miresten duzun herrialdean, Estatu Batuetan, merkatuaren arauak aplikatzen diren toki sakratu horretan, merkatu arauak aplikatuta, kriston Osasun Zerbitzua izan beharko luketela ez? Herrialde horretan, zaharrek ehun urte erruz eta erraz hartuko lukete eta merkatuaren arauak aplikatuta, merke merkea izango zen Osasun Zerbitzua. Eta hara zer aurkitu dudan anarkokapitalista jauna:
Ai ama!, herrialde garatuenetatik gehien gastatzen du zure herrialde gogokoenak osasungintzan eta atso-agureak berehala hiltzen zaizkio hori dena merkatu arauak aplikatuta. Ay amigo es el mercado!!
Eta ez da izango anarkokapitalista, merkatu arauak manipulatuta daudela. Marrazo gehiegi daudela harrapakinaren odola xurgatzeko eta denek eskatzen dutela bere puska, bere lobby-puska.
Hori da hori Biden, 9.451 dolar gastatu pertsonako eta atso-agureak hil eta hil!!! Hain ona izanda merkatu arauak aplikatzen eta, 33. posizioan osasungintzan(Indice de Calidad de vida por pais 2022). Arauak aldatu beharko dituzu Biden!!
Oraingoan zuri zuzentzen natzaizu ekonomialari -aurrerago, ekonomialari pedofilo deituko dizut. Kaixo, dagoeneko adurretan zaude pentsatuz, hemen bai pailazo!, hemen emango diat egurra!!
Batak, beltza esan orduko bestea zuriarekin datorkizu. Batak, inflazioa gora egingo duela eta besteak behera. Batak, QE-ak(Quantitative Easing) onak direla eta besteak, ezetz. Ekonomialariak, non zaudete krisi aurreko urteetan? Non zaudete krisi aurreko urtean? Cancuneko kongresuko hoteleko piszinan?, zure aurkezpen ponposoa errepasatzen, zure paper(paper hau ez da komunekoa, izan zitekeen baina ez da, hau peiper irakurri behar da) ziztrin hori gainbegiratzen tsunamia zetorrela jakitun? Bai badakit apaiz guztiak ez direla pedofiloak baina bai batzuk. Ez dut Vatikanoaren baimenik behar hori egiaztatzeko. Eta hala diotsut zuri ere, ekonomialari pedofiloak gorrotatzen ditut eta zuk ere, ekonomialaria bazara, gorrotatuko zenituzke.
Lehen ikusi dugu Biden jauna ez dabilela buru-belarri merkatu arauak aldatzen, ez du behar, hain deserregulatuta daude ez duela beharrik. Azken boladan, indizeetan du ipinita arreta bereziki Kontsumorako Prezioen Indizean (KPI) Ez da bakarra, Espainiako Pedro Sanchezi ere buruhauste ederrak ematen dizkio eta. Espainiako inflazioaren bilakaera historikoa aztertzen denean garrantzitsua da jakitea non ipintzen den hasierako marra. 2.000n ipintzen baduzu konturatuko zara inoiz ez dela iristen %5era. Marra hori atzeratzen baduzu adibidez 1990era, %5ak eta %6ak agertzen dira eta 1980ra bazoaz, %12ak ere agertzen dira. Grafikoan ikusten den legez, azken hamarkadako inflazio tasa txikia izan da eta bereziki azken urteetakoa. Orain badirudi joera aldatzera doala, batzuentzat aldi baterako, eta beste batzuentzat behin betiko.
Kontsumorako Prezioen Indizearen bilakaera soldata, pentsio eta produktuen prezioak aldatzeko erreferentzia gisa erabiltzen da maiz; izan ere, Kontsumorako Prezioen Indizea zenbat igo, halako igoera izan beharko lukete ere soldata eta pentsioek erosteko ahalmena mantentzeko(Wikipedia).
Inflazioa bi osagairen nahastetik sortzen da. Lehenengoa, prezioen gainean sortzen den presioa da, diru gehiegi dabilelako zirkulazioan. Ondasunak eta zerbitzuak konstante mantentzen badira baina zirkulatzen ari den diru kopurua handitzen bada, inflazioa sortuko da.
Bigarren osagaia jendeak etorkizunean espero duen inflazioarekin dago lotua. Jendeak, prezioek gora egingo dutela espero badu, orain gastatuko du bere dirua, espektatibak oraindik onak diren bitartean, eta horrek inflazioa gehiago sustatzeko balioko du modu auto-elikatu batean.
Beraz, bi osagai horiek kontrolpean edukitzeko, inflazio politika ofizial batek bi estrategia erabiliko ditu. Lehenengoarekin, diru hornidura behar den mailan ipintzen du nahi den inflazioa lortzeko, eta bigarrenarekin kontsumitzailearen itxaropenak ainguratzen ditu inflazioa kontrolatzen laguntzeko.
Badirudi, azaldutako prozesua, mekanikoa, aseptikoa eta neutroa izango dela, datu batzuk eskuratu, kalkulu batzuk egikaritu eta hor duzu emaitza. Eta horrela da prozesua baina gobernuan dagoen talde politikoari ahal denik eta txikiena izatea interesatzen zaio batez ere bere zorra finantzatzeko eta administrazioko langileen eta jubilatuen soldatak eta erretiroak ordaintzeko. Enpresariari ere txikia izatea interesatzen zaio langileen soldatak edota kredituak eskatzeko eta gauza bera hiritar arruntari.
Beraz, bizitzako hainbat egoeratan legez KPI-k ere bere Yin-ak eta bere Yang-ak ditu, bere alde positiboak eta bere alde negatiboak, bere ilun-argiak. Alde ilunetara begiratuta(KPI txikia denean) espekulatzaileak, inbertsoreak, gobernuak eta enpresetako zuzendariak poz pozik dabiltza zorra, bai zor publikoa bai zor pribatua, merke merke finantzatzen delako eta nahi beste zorpetzen dira interesak oso txikiak direlako. Bestalde, Yang aldea, galtzaile ateratzen da, Bankuek hipotekak eta maileguak eman ematen dituzte baina behartuta daude interes txikiak kobratzera. Aurreztaile kontserbatzaileak inbertsio egonkorrak eta sendoak bilatzen dituztenak, behartuta aurkitzen dira inbertsio espekulatzaileak egitera etekinak ateratzeko bere diruari.
Eta zer du horrek txarra? Ezer ez, KPI-ren balio hori organikoa bada, hau da, naturala bada, sistemak berak, “inongo” interbentziorik gabe sortua bada. Baina ai adiskide!, hemen hasten dira arazoak, KPI-a manipulatzen hasten garenean txikia izan dadin hori interesatzen zaigulako.
Manipulazio horren bertsio estatu batuarra, Chris Matersonen The Crash Course liburuan dago jasota eta labur labur kontatuko dizut.
Inflazioa zure erara neurtuko bazenu ziurrenik salgaien saski bat sortu eta saski horren kostuaren jarraipena egingo zenuke urte batetik bestera, hasierako eta amaierako kostuak aztertu eta azkenean, beraien arteko aldea neurtuko zenuke. Horrela egingo bazenu, zure metodoak, Estatu Batuetan 1980ko hamarkadaren hasieran inflazioa ofizialki nola neurtzen zen islatuko luke. Metodo guztiz logikoa eta zentzuzkoa.
Richard Nixonek, estatu batuar presidenteak, 1971eko abuztuaren 15ean, urre-patroia indargabetu zuen Bretton Woods-eko hitzarmenak baliogabetuz aldebakarreko erabakia hartuta. Erabaki horrekin urre-patroia hiltzat ematen da eta urre-dolar trukea baliogabetuta gelditzen da fiat diruari lehentasuna emanez.
Nixonek beste neurri politiko-ekonomiko gogor bat ere hartu zuen gure gaiarekin lotua: Core inflazioa edo Azpiko inflazioa . Hots, inflazioa neurtzeko beste era berri bat proposatu zuen. Egoera berri horretan energia eta janariak ez ziren kontuan hartuko inflazioa kalkulatzeko, bolatilegiak zirela eta, “gehiegi” distortsionatzen zutelako kalkulua. Nixon, txapeldun!! Hori da hori ondo kalkulatzea!!. Ay amigo es el mercado!
1996an Clintonek, Nixonen emaitzak hobetu nahian, Boskin Commission delakoa eratu zuen inflazioaren kalkuluei beste “irakurketa berri bat” emateko. Horretarako hiru bitxikeri estatistiko inplementatu zituen zein baino zein “hobeagoak” : ordezkapena, ponderazioa eta doitze hedonikoa.
Lehenengoarekin(ordezkapenarekin) kontsumitzailearen portaera bat sistematizatu nahi da eta da sinplifikatuz, kontsumitzaileak produktu bat garestitzen dela sumatzen duenean beste bat aukeratuko duela. Garestia, saskitik atera eta merkeagoa barrura. Horrela pin pan!! Horrela pin pan tentsio inflazionista jaitsi egiten dugu bai ala bai era determinista batean.
Bigarrenarekin(ponderazioarekin) pisuak manipulatzen dira. Hau da, osasungintzak %17ko pisua beharko, lasai, guk %6 eman eta Amen!!
Eta amaitzeko, nire gogokoena, doitze hedonikoa. Zer ote dago izen polit horren atzean? Jarraitu baino lehen, Pablo Gil jaunarekin uzten zaitut ezin hobe azalduko dizu eta:
Ikusi duzun bezala, Ford Taurusak, 17.995 dolar kostatzen zuen 1996an, aldiz, 2019an, 27.900 dolar. 10.000 dolar horiek ez dute “garestitu” produktua(autoa) “hobetu” egin dute aurrerakuntza teknologikoak sartuta eta beraz, ez da kontabilizatu behar, ez da kontuan hartu behar!!! Beraz, hurrengo Ford Taurus-a erosten joaten zarenean esaiozu kontzesionariokoari 12.000 euro gutxiago ordainduko diozula doitze hedonikoa dela eta, ea zer aurpegi ipintzen dizun!!
Eta heltzear gaude bidaiaren azken kilometrora eta azken galderara: Zergatik makillatzen digute hainbeste inflazioa? Hainbat erabaki ekonomiko garrantzitsu inflazioaren balioaren arabera hartzen direlako eta agintean dagoenari txikia izatea komeni zaiolako.
Eta orain galdetuko duzu: badago erarik ikusteko benetako inflazio hori, hau da, 1980ko eta 1990eko baldintzak islatzen dituena? Eta erantzuna da: Bai, badago!! John Williamsek shadowstats.com webgunea sortu zuen horixe bera kalkulatzeko eta hemen dituzu emaitzak:
Kontu egin, gobernuek eta hedabideek saltzen digutena marra gorria dela eta urdina, 80 eta 90eko parametroekin neurtuta ateratzen den inflazioa dela. Alde ederra alajaina!! Horren atzean dagoen hausnarketa zure esku uzten dut irakurle.
Eta amaitzeko azken traka:
Goiko grafiko horretan hainbat puntu daude marraztuta puntu-hodei bat osatuz. Puntu horien korrelazio lineala aztertuta, beltzez marraztutako marra ateratzen zaigu, gero ikusiko duzu emango diogun erabilera praktikoa.
Puntu bakoitza marrazteko bi balio behar ditugu hileroko inflazio tasa (US Core CPI) eta hil horretan zenbat kostatzen duen finantzatzea 10 urtera (US 10 yr yields). Logikoa den bezala, zenbat eta handiagoa izan inflazioa orduan eta garestiago da finantziatzea. Hori da hain zuzen ere, datu historikoek diotena. Beraz, hori da era organikoa, era naturala. Kontu egin, grafikoan, azken 30 urteetako(1991-2021) historia dagoela islatua.
Hori jakinda, azter dezagun zer gertatzen den azken urteetako balioekin. Balio horiek, gorriz marraztutako eta ingelesez(laukizuzen gorria) idatzitako puntuak dira. Zer gertatzen da puntu horiekin? Guztiz anormalak (manipulatuak) direla eta nola dakigu hori? Beraien portaera, “normatik” (korrelaziotik) kanpo dabilelako.
Laukizuzen gorriko puntuak hartzen badituzu konturatzen zara bere interes tasa %1,5 inguruan mugitzen dela. Kontu egin ia %4 eta %5 arteko inflazio tasaz ari garela. Hori da errealitate manipulatua!; zein litzateke benetakoa inongo Banku Zentralen interbentziorik gabe? Galdera hori erantzuteko bi koloredun gezi marraztu dizkizut eta adibidetxo bat prestatu.
Demagun hil honetan, %3,5eko inflazioa izan dugula. Inflazio horrekin zein izan beharko litzateke interes tasa? Ba kontuan hartzen badugu datu historikoekin ateratako korrelazioa ia %6 ingurukoa.
Espainian, 2022ko martxoan, inflazioa, %9,8koa izan da. Atera kontuak, non egon beharko litzatekeen interes tasa inflazio balio horrentzat. Atera kontuak, zenbat manipulatu duten Banku Zentralek ekonomia erreala. Esteroidez elikatuta bizi izan da ekonomia azken urte hauetan, fiat dirua inprimatu eta inprimatu, kriston zor-mendia sortuz eta hazkundea arrastaka mantenduz.
Ordiga!, eskerrak ez nagoena Christine Lagarden edota Jerome Powellen azalean!! Zer egingo ote dute Banku Zentralek datorkigun odolustea gelditzeko?