Denok ulertzen dugu dena, baina zer da egingo duguna?

Lerro artean irakurtzen euskaldunoi irabaziko digutenak gutxi izango dira munduan. Ez da hautatutako heziketa izan, baina hemen ederki ikasi dugu dena galbahetik pasatu beharra dagoela, komunikabideek eta kolore guztietako agintariek hitz egiten dutenean.

Terrorista, separatista, independentista, nazionalista… moduko adjektiboak argitaratu izan diren bakoitzean, denok egin dugu gogoetaren bat hitzen benetako esanahiaren inguruan, askotan geuri buruz ari baitziren termino horietan hizketan eta zaila da oso, patetikoa ez bada,  beste inork geu benetan zer garen edo ez garen geuri sinestarazten ibiltzea.

lotu ytxakurrak1

Bide beretik, denok dakigu hemen zipaio, estatu demokratiko, Justizia, lege… eta antzerako  guztiak ez direla hiztegietako sarrera soilak, alegia, badutela ondotik  adierazpen karga zehatz eta galanta. Alferrik etorriko zara erdipurdiko kontu filosofiko, semantiko edo semiotikoekin euskaldun bati esatera hitzen esanahia unibokoa edo adiera bakarrekoa dela.

Hemen denok dakigu zer esan nahi duen  preso politiko adierak, esaterako, nahiz eta errotik erauzi nahi diguten kontzeptua geure hiztegitik. Guk badakigu batzuetan otso esan arren, ulertu behar dela ardi, eta alderantziz;  dispertsioa esaten denean, euskaldunontzat zigor bidegabea dela. Horrelako kontuak denok dakizkigu, izan kolore bateko ala besteko.

Era berean ulertzen dugu denok Ertzaintza zergatik joan zen AskeGunean babestutako gazteak atxilotzera. Urkulluren gobernuak ez du beste aukerarik legea bete eta guztiz bidegabea den zerbait egitea baizik. Izan ere, bai Urkulluk, bai bere gobernuko kideek, bai EAJko militante guztiek —zer esanik ez EGIko gazteek—, ederki dakite sei urteko kartzelara zigortutako gazteak ez direla inondik inora terrorista. Beste enbor bateko ezpala da zergatik jokatzen duen ertzaintzak horrela edo, hobeto esan, zergatik agintzen duen horrelakorik Urkulluren gobernuak. Sailburu andereak berak erantzungo dio horri: “Ertzaintzak ez du erabakitzen gazte horiek atxilotzea ala ez, epaileen erabakia da. Eta berriro diot: ez nago ados ideia politiko batzuk defendatzeagatik jendea kartzelara bidaltzearekin“.

Euskaldun orok ulertzen du, Estefanía Beltrán de Herediak zapuak, labezomorroak eta kakalardoak irentsi behar izan dituela —Urkullu eta jeltzale guztiekin batera—, ertzainak Bulebarrera  bidaltzeko agindua eman beharrarekin, bai baitaki “gaizkiaren alde” ari dela terrorista ez diren gazte horiek terrorista balira bezala atxilotzeko agindua betearazterakoan. Eta Cabacasen heriotzaren aurretik ez bezala, mila begi zituztelako begira eta sare sozialak airean, europarrago jokatu du gure poliziak. Abixu elebidun eta guzti. Estreinakotz, nik dakidala.

Urkulluk eta Beltrán de Herediak ederki dakite aukera politiko baten alde egin duten gazteak atxilotzen ari direla eta ez beste ezertan. Guk denok bezala dakite eurek ere —eta agian hobeto—,  Madrilgo Entzutegi Nazionala  Tribunal de Orden Público izateari utzi gabe sortu zenetik, deus onik ez digula ekarri euskaldunoi, are gutxiago duintasun edota zentzu onaren seinale urrutikoren bat. Zer esanik ez gurekiko maitasun edo errespetuaren zantzuren bat. Halakorik miraria zatekeen.

Eta nahi badute edo ez, Urkulluk, Beltrán de Herediak eta denek ederki dakite Espainiako agintearen  menpekoa dela euren zeregin guztia, horrek dakartzan kontraesan ikaragarriekin, batez ere kontutan hartzen bada Lehendakariak ez duela ezkutatzen independentista denik, aitzitik, bide horretatik lotzen du bere baitako abertzaletasuna.

Hori guztia ikusirik, Espainiako Gerra Zibileko gudari jeltzaleetako baten batek burua jasoko balu, oka hasiko litzateke, seguru asko, ikurriñaren gainean bere ondorengoen adore ezaz jabetutakoan.

Ezker abertzalean gertatzen dena ere denok ulertzen dugu: onartu ezin den funtzionamendu kode baten arabera funtzionatu behar kontraesankor hori berria da eta oso maiz inprobisazioa eta hankasartzea dakar. Badakigu zein gogorra izan behar duen Espainiako Erregeari eskua eman behar izatea higuina dion batentzat, edota itxura batean  norberaren agindupeko udaletan piper potoa jartzen ibili beharra. Etc., etc. Ez zaizu hala iruditzen?

Maximalismo garbiak bazterrean utzi eta gero hainbeste zapu eta kakalardo jaten ikasi behar izan dute, EAJko horien antzera. Ordenamendu juridikoa halabeharrez onartzera euren buruak derrigortu dituzte iraultzaile independista sozialismozaleok. Euskadi askatzeko asmo eta helburuarekin betiere, jakina.   Sakrifizioak kontraesana eta gehiago ere merezi du, antza. Baina aipatu gudariaren antzera Telesforo Monzonek ere burua altxatuko balu, hau ere oka hasiko zatekeen, seguruenera. Ikurriñaren gainean. Bere ondorengoaen adore ezaz jabetutakoan.

Bai, Urkulluk esan ei dio Rajoyri egiteko zerbait presoen kontuarekin bakebidea aitzina dadin, nolabait. Baina denok dakigu Rajoyk ez duela deus egingo. Zergatik egingo du, ba, zerbait? Badaki Urkulluk ez hozka eta zaunka, ez diola ezer egiten ahal eta egingo balio ere berdin-berdin etorriko litzatekeela oilarraren kukurrukua bihar goizean Espainiako erreinuan. Geuk ere bete ditzakegu milagarrenez Bilboko kaleak, zifra batzuen gora beherarekin jendetza ikaragarria osatu eta presoen eta geure erabakitzeko eskubidearen alde egin euripean. Eta zer? El Paíseko azalean ere ez ginateke irtengo seguruenera.

Halaxe dago mundua. Denok dakigu dena, eta abertzaleok erdia baino apurtxo bat gehiago ei gara geure herriko zati autonomikoan eta, hala ere, beti gabiltza mokoka  geure artean, zuk hau eta nik bestea. Normala da hori, mokoka egitea ondokoari, auzoari, nori egingo diozu, bestela?

Baina dagozkion eskubideak gauzatuta nahi dituen gizarte zaildua ere bagara,  presoak kalean eta konponbidea aurrean behar dituen gizartea, krisitik lepoa altzatu nahi duten herritarrak. Eta denok dakigu ezin dela egiazki deus aurreratu baldin eta ez badira euskal eskuina eta euskal ezkerra batzen. Lizarra-Garaziko garaietan bezala. Denok dakigu egunen batean hasi beharko dutela Madrili eta ageriko bidegabekeriari aurre egiteko  estrategiak adosten. Euskal ezkerrak eta euskal eskuinak badakite —edo jakin behar lukete—, gorrotoak gorroto, minak min eta ezintasunak ezintasun, elkarren artean batuta beharko diotela aurre egin etsaiari, gainean duten zapaltzaileari. Adostutako erresistentzia zibilaren bide baketsuen bitartez, seguru asko.

Gainerako guztia inora eramango ez gaituen erretorikaren zarata baizik ez baita. Denok dakigun legez.

 

 

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

4 pentsamendu “Denok ulertzen dugu dena, baina zer da egingo duguna?”-ri buruz

  • Ederki ikasi degu/dute bainan estatuak geo eta bortitzkeri gehio erabiltzen du eta hobeto eskutatu ere, beraz sufritzeko asko gelditzen da, horrela jarraitzekotan oain arte gertatutakoa bider 100 egingo da herriaren aurka, hau hasi besterik ez dunk egin.

    Gauzak nola gauzatzen ari dian ikusterakoan, Europa Mailan gudak ere ikusten ditut, ea erratuta naoen bainan ez det uste.

  • Lukas Mateo 2013-04-22 13:49

    Sugar, honakoa diozu “estatuak geo eta bortitzkeri gehio erabiltzen du eta hobeto eskutatu ere”, baina hori benetan sinesten baduzu, oso gaztea behar duzu izan, bai behintzat ni baino askoz gazteago. Espainiako gerraz Zibiletik hona, gaur biziduguna da euskaldunontzat, dudarik batere gabe, aldirik “gozoena”. Beraz, ez ezazu uste horren gainean eraiki zure argudio multzoa, buztinezko oinarria litzateke eta.

    • Lukas, oraingo ostiak “gozo” hartzen ditugu. Baina beti bezala, hartzen. Asimilazioaren ondorio izan daiteke?

  • EAJ ez da bere zakurrak suelto utzi izan dituen bakarra.