Dena azalezko, dena huts

Marcos Gurgel “Bicicleta” / CC http://www.fotopedia.com/items/flickr-3856800647

Ni ez naiz inoiz oso Armstrong-zalea izan. Futbolean gertatzen den bezala, beti berdinak irabazteak ez dit grazi handirik egiten. Gainera, nik nahi nuen Iban Mayok (edo-ta Haimar Zubeldiak) Tourra irabaz zezala. Baina ezin zen izan, zer-eta Amstrong handia zuten aurrean; menderaezina zirudien txirrindularia. Barrabiletako kanzerra gainditu ostean; 7 tour irabaztea lortu zuen estatubatuarrak. Beraz,  miresteko arrazoi bi geneuzkan: 5 tourraren marka hautsi eta gaixotasun ankerra gainditzearren. Hala izan zen.

Orain hainbat urte pasa dira eta Armstrongek Tourrak ilegalki menderatu zituela aitortuz gero, hauts guztiak nahastu ditu. Heroi eroriarena jokatuz, asaldatuarena egiten dute askok, baina Xabier Usabiagak dioen bezala, nik uste Armstrong ere biktima bat dela (“bagenekiela” erantsiko nuke). Hasteko, ez zen oso ezohikoa susmatzea, ez dakit zenbat kilometroetako etapak egunez-egun egitea ezinezkoa zitzaiela txirrindulariei ere. Segitzeko, Usabiagak aipatzen duenez, Jesús Manzanoren berbak hor genituen, baita Guido Trentinak ere. Hala eta guztiz, ez genuen kasu handirik egin nahi izan eta asaldatuarena jokatuz egiten diogu aurre errealitateari. Beste behin ere.

Armstrongen kasuak gizartean atxikita daukagun zinismoa agerian uzten du. Gauzak ondo joan bitartean, ezikusiarena egiten dugu, baina okertuz gero, errudunari seinalatzeko denbora ez zaigu falta. Futbolean ere horrela suertatu zaigu: Haziendan diru falta dela-eta, taldeei zorrak ordain ditzatela eskatzea otu zaigu. Baina berandu da. Nahiz et UCIk Tourrak kendu, Armstrong txapeldun izango dugu beti. Futbolarekin berdin. Munduko Liga onena montatu nahi eta taldeak diru barik geratu dira. Dena azalezkoa, dena hutsa. Amesten genituen ikuskizunak gozatuz gero, hauxe da ordaindu beharreko prezioa: lotsarena eta asaldatuarena. Inork ez digu dirua itzuliko (ezta ilusioa ere).

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.