Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak
Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak –
Norbaitek erran zuen behin, gure artean badirela behin borrokatu direnak; horiek garrantzi handikoak dira. Badira beste batzuk denboraldi luze batez borrokan aritu direnak eta horiek oraindik garrantzitsuagoak dira; baina izan badira, bizitza osoa borrokari eman diotenak eta horiek ezinbestekoak ditugu. Zendu berria dugun Daniela Albizu azken horietakoa genuen, bizitza osoa eman baitzuen euskararen eta Euskal Herriaren aldeko borrokari atxikirik.
Daniela Albizu Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an. Aita arabarra zuen, Ilarduia herrikoa, eta ama gipuzkoarra, Urtsuaran aldekoa. Espainiarrek aita deitu zuten Marokoko Rif aldera, bertako matxinoen aurka borrokatzera joateko eta albizutarrek, bi aldiz pentsatu gabe, azienda eta ondasun urriak gurdian sartu eta Lapurdira etorri ziren. Lau seme-alabak Urruñan sortu zitzaizkien.
Danielak, haurra zelarik, euskararen aurkako jarrera eta debekuak ezagutu zituen eskola frantsesean. Orduan deliberatu zuen euskaraz eta euskararen alde egitea. Maistra ikasketak bukatu zituen eta berehala lanean hasi zen Garazi aldean. Han, berriz ere, frantses administrazioak euskararen aurka erabiltzen zuen jokaera makurra topatu zuen. Joko zikin horretan lagundu beharrean, euskaldunen auto-estima garatzen eta orduz kanpo, hango gaztetxoak euskaraz alfabetatzen ahalegindu zen. Handik hainbat urtetara, irakasle titulua atzeman zuen eta orduz geroztik Donibane Lohizuneko Ravel eta Hendaiako Irandatz lizeoetan aritu zen frantsesa, espainola eta euskara irakasten.
Urruñan euskal mintzaira eta sentimendua pizten saiatu zen etengabe. Horrela, beste sei emaztekirekin batera, 1978an, Hazia euskal kultur elkartearen sortzean parte hartu zuen. 1983ko udal hauteskundeetan zinegotzi atera zen Herritarrak mugimendu abertzalearen ordezkari gisa. Abertzaleek Urruñan izan duten lehen zinegotzi abertzalea izan zen. Bederatzi urte luzez, aurre egin behar izan zion Daniel Poulou auzapez eskuindarrari. Ainitz sufritu zuen eta ainitz sufriarazi zuten. Bere autobiografia labur batean kontatzen duenez Poulou beti trufaka aritzen omen zitzaion: Vous voyez bien, Madame Pilotte, il n´y a que vous qui demandez ça!
Aurten, 2020ko ekainaren bukaeran izan diren udal bozketan, Filipe Aramendi abertzalearen zerrenda atera da garaile. Danielak urte zail haietan ereindako haziak zuhaitz ederra ekarri dute, gerora, fruitu ederrak emanen dituena. Mila esker Daniela zure lan eta sakrifizioagatik!
Aipatu sufrikario horiek guziak gibelean gelditu ziren. Gaur abertzaleek oposizio sendoa osatzen dute eta herriko etxeko gobernua eskuratzeko prest daude. Bitartean, Daniel Poulou eskuindar nostalgikoen oroitzapen hutsa da, besterik ez.
Danielak, berriz, ez zuen nehoiz etsi, eta beti lanean, irakaskuntzan, kulturan, literaturan, itzulpengintzan, ikerkuntzan, euskarazko material pedagogikoen sorkuntzan, bakegintzan, preso eta iheslarien aldeko laguntzan… aritu izan zen bizitza osoan. Emazte langile eta militantea izan da beti.
Bizitzan arras momentu minberak bizitu behar izan zituen. 1990. urtean, auto istripu batek Tolosako unibertsitatean ikasten ari zen Domena alabaren bizia moztu zuen. Ikaragarri gogorra izan zen eta Daniela saminean murgildurik ibili zen luzaz. Honela zioen “Domenari bihotz osoz” izeneko olerkian: “Ene sabelean sortua / hor zaitut berriz etorria, / Domena ene maiteñoa. / Betetzen didazu, ARGIA, ene izaite guzia.” Orduz geroztik, Domenaren oroitzapena beti ukan zuen bihotzean estekaturik.
Bere militantzia politikoak Hegoaldetik zetozen iheslariak laguntzera eta aterpetzera eraman zuen. Polizia frantsesek 2003an atxilotu eta Fleury- Mérogis-eko presondegira eraman zuten. Bertan egon zen bi hilabete luzez.
Horrela kontatu zuen “Loretan ez nuzu batere lorietan” olerki autobiografikoan: “Loretan deitzen da… gaztelu bat, Parisen inguruan. / Loretan, holako izenarekin ederra daiteke! / Errazu uste duzula! Harresi lodi eta gorak… / leihoek burdin hagak dituzte / (…) / Eta zu gaztelu hortan egon zira? / Bai, bortxaz, bi hilabetez baizik, zorionez. / A, ulertzen hasia naiz! / Loretan: Fleury, Fleury-Mérogis, Allée des Peupliers, Sainte-Geneviève-des-Bois herrian den presondegia. / Hor direnak ez dira batere lorietan!
Gartzelan zegoela, kuku batek bisita egin zion behin, leihoko barroteen artera igota. Danielak honela kontatu zigun “Kukua” izeneko olerkian: Zer hotza dunan hemen! Alta, maiatzean gauden. / Baaa! Parisen haiz! Euskal Herria goxoagoa dun ! Hala pentsatzen ari zela, leihotik hurbildu zen kuku bat / eta bi burdin hagen artetik kanpora begiratu./ (…) /
Kuku maitea, zer plazera hire entzutea! / Kantu berbera Euskal Herrian eta mundu guzian / ematen diguzue zuek, xori miresgarriak!
Presondegitik ateratzerakoan, Hendaiako hondartzan bainatu eta Larrun mendira igo zen berreskuratutako askatasunaren xerka. Horrela kontatu zigun “Etxerat itzultzean” olerkian: Bai, preso batentzat eguneroko gauza horiek / zinez miresgarriak dira, askatzen dutelarik./Espetxean utzi ditudan laguneri, / nola erraiten ahal niekeen… / biharamun berean, itsasoan igerika ibili naizela, laino eta euria izan arren? / Bozkarioz betea, Larrunera igo naizela,… / hiltzen ari den bati ez diozu erraiten ahal: badoa? / Presoak oroituz, tristura eta oldartzez betetzen zait bihotza.
Euskalgintzan sekulako lan handia egin zuen ehunka artikulu plazaratuz, itzulpenak eginez, Gure Irratia-rako saioak burutuz, gazteendako euskarazko material pedagogikoa sortuz eta euskarazko lau liburu eder argitaratuz: Hiru uhainak, 1979. Elkar. Ipuin zahar baten moldapena, Lau sasoi, lau ipui, 2003. Maiatz. Lau ipuinen bilduma, Ilargi eta hontz sorginen ipuinak, 2006. Pyrémonde. Ipuin bilduma eta Iturri-aldeko nere leihotik, 2011. Maiatz. Literatur lanen bilduma.
2004an, Manex Goienetxe hil zelarik honako olerki ederra eskaini zion: Manex ibiltari / ibiltariak bere biziaren bidaia / bukatuko du. / Mendiz mendi ibili da, / hain gora, hain trebe, / kezkak eta bihotz minak / bidean utzi nahiz, / eta azkenean / heriotza haren xeka etorri da, ! bertze munduan sar dadin, / bere lagunarekin. // Manex, hor, zure semea / aurkitu ote duzu? / Mugagabeko mundu hortan / badukezu non ikertu, / non ibili? / Ez adiorik lagun maitea.
Presoen aldeko manifestazioetan poliziaren bortizkeria hurbiletik ezagutu eta kontatu egin zuen “Marea urdin iluna” izeneko olerkian: Marea beltza, maltzurkeria, podere gosea. / Marea urdina, maitasuna, elkartasuna. / Eta marea urdin-beltza, ezagutzen duzue, ezta? / Gizon multxo urdin ilunez jantziak / botak eta kaska beltzak, / herri zainak, omen. / Herritarrak kexatuak biltzen direlarik / justizia-tegiaren sartzean / bultzaka, ostikoka, / negar egiteko bonbak botaka. Ai zer… lotsa! / A, orain badakizue nor diren? / Aingeru beltzak, / zeherrezak.
Azken urteetan unatzen hasia zen, eta bere burua akitzen. Berak ongitxo zekien hori, guztiz kontzientea zen, eta horrela kontatu zigun “Ahulezia” izeneko olerkian: Xoriak ez du kantatzen, / olerkariak ez du bertsurik asmatzen, / egunero laino xuriek / zeru urdina dute estaltzen. // Iduzkia, ilargia eta izarrak / ez ditugu ikusten, / ekialdeko haize minak / basaki dauku agurtzen. // Banoa hartzaren harpera / horren ondoan lo egitera.
Hala eta guztiz ere, tinko jarraitu zuen euskararen eta Euskal Herriaren aldeko borrokan. Garbi zuen zein ziren batzuk eta non besteak, eta bera zein aldetan kokaturik zegoen. Ikus ezazue Gabriel Arestiren olerki famatuaren oihartzuna dakarkigun “Gure etxea defendituko dugu” olerkian erraiten diguna: Zoin dira bortizkeria erabiltzen dutenak? / Bi bortizkeria mota dira: / Bortizkeria beroa, / hau da, zuzentasuna errespetatua izan dadin / armak hartzen dituztenak; / eta bortizkeria hotza / mina ixilpean barreiatzen duena.
2011n, “Iturri-aldeko nire leihotik” liburua prestatzen ari ginela, “Ametsa” izeneko olerkia bukaeran jartzeko eman zidan. Egin zuen azkena omen zen. Jadanik, ez zuen bere burua gai ikusten gehiago idazteko. Ber urtean, Urruñan egin zitzaion omenaldian, paper plegatu bat eman zidan eskura. Olerki bera zen. Auxtin Zamorari emateko eskatu zidan, Hatsaren Poesia bildumako urteko liburuan plazara zezan. Auxtinek sentimendu handiz jaso eta 2011ko liburuan zuen plazaratu. Olerki hori bere testamentua delakoan nago. Bertan, sortzeko eta hiltzeko iragan beharreko tunel luze-ilunaz mintzo zen. Bazekien bere bizitzaren azken txanpan zegoela. “Bizitzak heriotzari zor” erraiten dugu euskaldunok, eta horretaz mintzo zen Daniela azken olerki horretan. Haatik, ez du halabeharraren edo patuaren aitzinean beldur, damu edota penarik agertzen; argirantz iristeko bide natural gisatzat hartzen du.
Bizitzak berekin dakar heriotza, ezinbestekoa da. Ez da tragedia, bizitzaren azken urratsa baizik. Ikus dezagun Danielaren azken olerkian: Banoa, ilunpetan nintzen, hortxe gordea. / Egun batez, urrun-urrun, argi bat, ez nakien zer zen, ARGIA / Banoa emeki-emeki, argia handitzen ari da / Orai argiak hartzen nau, gelditzen naiz, begiak itxita. / Begiak ideki nituelarik, poz ikaragarri batek hartu ninduen. / Tunel batean nintzen, begiak itxita banoa aintzinean. / Begiak ideki nituelarik, tuneletik ateratu nintzen, argi turrusta batek hartu ninduen / Ikusten nuen, bai eta entzuten xorien kantuak, haurren irriak eta nigarrak… eta abar… / Orduan jakin nuen zer zen BIZIA.
2015eko otsailaren 26an, 78 urte zituelarik, Daniela Albizuk bizitzaren eta heriotzaren arteko tunela zeharkatu zuen. Orain dagoen tokitik, berriz ere, haurren euskarazko hitzak, txalapartaren ttakuna, euskal kantuen xaramela… entzunen ditu, baita Urruñako plazan mutxikoen urratsak ematen ari den ahotsa ere. Azkenean, Albizu Andereak ongi merezitako atsedena hartu du. Urruñak bere kultur erreferentzia historikorik handiena galdu du.
Baina denok dakigu Daniela ez dela lotan egoten den horietakoa eta hor nonbait ibiliko da, Larrungo gailurrean, Hendaiako hondartzan edota Sokorriko Ama Birjinaren kaperan, haizea, euria eta iduzkiarekin gozatuz. Hor-hemenka ibiliko da urruñarren bihotzetan euskararekiko eta Euskal Herriarekiko maitasuna sustatzen. Daniela Albizu ereile izan zen; belaunaldi gazteei dagokie orain uzta jasotzea.
Albizu Andereari.(doinua: Ara non diran)
1.- Gure Anderea, / Urruñan sortua, / Albizu Andere handia, / euskalgintzari / ongi lotua, / euskara beti ezpainetan. / Euskal Herria maite baitzuen / bere alde eman zuen bizia, / beti gogoan, beti lanean, / odol ta arima guzia, / beti gogoan, beti lanean, / odol ta arima guzia. //
2.- Urruñakoa, / lili ederra, / euskal zelaian sortua, / gaua argitu / zuen izarra / Lapurdiko baratzean. / Irakaslea ta ikerlaria, / itzultzaile ta idazlea, / beti lanean, beti borrokan / aritu zen gudaria, / beti lanean, beti borrokan / aritu zen gudaria. //
3.- Gure Daniela, / euskal lilia, / euskararen laguna, / bere herriari / ongi atxikia / bizitu da gure artean. / Milesker zuri, Albizu Anderea! / Milesker, Daniela, zuri! / Gure buruan izanen zaitugu / oroitzapenen euskarri, / gure buruan izanen zaitugu / oroitzapenen euskarri. // 4.- Bizitza honetan / momentu txarrak / tamalez dituzu ezagutu, / zure bidean / xoxo ta eperrak / izan dituzu kantari. / Azken unera arte aritu zira / Euskal Herriaren alde, / zuk egindako ildo guzia / ez da izanen debalde, / zuk egindako ildo guzia / ez da izanen debalde.///
Zuri bihotzez, Daniela.