Dagokiguna betetzen hasi den urtea
Dagokiguna etetzen hasi den urtea –
Urtean zehar, zinema gehien kontsumitzen den sasoia da. Pantailek oro har jarratzaile gehien dituzten aroa, egunak labur izaten diren hau. Eta urtero ohi den legez, Kataluniako umeek euren hizkuntzan goza dezaketen artean Strange World edo Avatar, euskaldunek, ia erdararik ez dakiten haur askok tartean, espainolez ikusiko dituzte. Berdin gertatu da aurreko urteotan, Frozen, Moana/Vaiana eta beste hainbat film arrakastatsurekin. Itxura batean, herri-ekimenetatik egin zaizkien eskaerei zein erakundeetatik hurbildutakoan egindako proposamenek, ezezkoa izan dute erantzun Disney Faktoriaren eskutik. Disney Plus-ek ere Irabazi Arte telesail arrakastatsua erosi duenean, espainol bikoizketa baino ez omen du eskaintzen; jatorrizko bertsioa entzuteko ahotsik gabe. Hau da, filma koreeraz edo tamileraz balitz posible litzatekeen aukera, edozein filmekin eskaintzen den jatorrizkoa ikusteko aukera, ukatu egiten dio Disneyk euskarari. Larria eta negargarria da, eta ahalik bizkorren hartu beharko litzateke neurriren bat.
Ez da Disney euskarari ateak ixten dizkion plataforma bakarra, baina bai, ziur aski, modurik mingarrienean egiten duena. Errealitate horrek, alabaina, ez liguke ezabatu beharko gure hizkuntzarentzat historikoa izan den urte baten garrantzia. 80ko hamarkadatik gertatzen ez zen legez, Netflix eta Amazon moduko plataformek euskarazko itzulpena erantsi diote euren ekoizpen garrantzitsuenetakoei. Ez dute sistematikoki egiten, baina ez dira sinbolikoki euskaratutako film bakanak ere. Telesail eta film asko eta asko ditugu euskaldunok 2023a hasiko den honetan, duela urtebete geneukan eskaintza baino askoz gehiago. ETBren aldetik ia aldaketarik egon ez den sasoian, atzerriko multinazionalek barneratu egin dute euren eskaintza euskarara itzuli beharra.
Zer Non Ikusi webguneari begirada bat ematea besterik ez dago aldaketa sakon horretaz ohartzeko. Webgunea bera, erakundeen aldetik egon beharreko zerbitzua behar lukeen arrean, Pantailak Euskaraz-en inguruan antolatu den talde bikainaren eskutik iritsi da, eta sekulako altxorra da euskaldunok gure hizkuntzan goza dezakegunaren berri izateko. Eta goza dezakegun horren neurriaz ere ohartu gaitezen.
Asko eta gehiegi kexatu dira zenbait, nire iritzian, Boterearen Eraztunak telesail arrakastatsuaren euskarazko bikoizketa ez zelako garaiz iritsi irailean. Ia lau hilabete beranduago iritsi da, egia da, eta horrelakoak unean bertan behar ditugu, jarraitzaile gehienek orduantxe ikusten dituztelako. Baina irailean bertan egon zen euskaraz azpidatzita ikusteko aukera. Euskaldunok ez dugu zertan espainolezko bertsiorik jarri telesail horretaz gozatzeko. Eta berdin gertatzen da The Witcher, Glass Onion, Pinotxo, Lady Chatterleyren maitalea, The Peripheral, The Contractor, Samaritan eta beste hainbat lanekin. Zenbait kasutan (Pinotxo, Sonic Prime, Boterearen Eraztunak, Crooge…), bikoiztu ere egin da, euskarazko audioa erantsita. Baina euskarara itzultzeko era sistematikoa azpidaztea da, Europako hizkuntza txikiekin gertatu ohi den legez. Hobe esanda, Europako hizkuntza txiki normalizatuekin gertatu ohi den legez. Hizkuntza minorizatu gehienak, ez bikoizketa ez azpidatzi, astiro-astiro hizkuntza hegemonikoan asimilatuz doaz, gutxiengo baten erabilera sinbolikoan mugatuz bertako hizkuntzen erabilera.
Horregatik, aurten gertatu dena oso garrantzitsua izan da, baina euskaldunok, benetan euskaraz bizi nahi dugun gutxiengo euskaltzaleak batez ere, gertatu den horren garrantziaz ohartu behar dugu. Ez da aski, asko falta da, baina aspaldi ez bezala, agian inoiz ez bezala, itzuli dira euskarara nazioarteko film eta telesailak. Egia da, itzuli denaren, itzultzen ari denaren gehiena azpidatziz euskaratzen da, eta euskaldunen zati handi batentzat nahiko sistema arrotza da. Espainierazko bikoizketara ohituta dago. Nahi beste katramilatu gaitezke sistema baten onurez eta gabeziez, baina agerian geratu da posible dela nazioartetik datorkigun gehiena euskaraz izatea. Euskaldunok euskaraz bizitzeko urrats garrantzitsuak dira. baina horretarako, euskaraz bizi nahi dugun euskaldunoi ere ohiturak aldatzea dagokigu. Nahi beste kexa gaitezke Boterearen Eraztunak-en bikoizketa berandu iritsi dela-eta, baina sistematikoki euskaraz azpidatzitako telesail eta film mordoa daukagula da garrantzitsuena. Ez dugula erdararik behar kultur ekoizpen horiek guztiak gozatzeko. Eta garrantzitsua iruditzen zait horren aldeko aldarria egitea, orain arte egin dena baino ozenago. Plataformek egindako urratsaren oihartzun zabalagoa egin behar diogu euskaltzaleok, herririk euskaldunenetan hasita gainerako zinema-aretoek ere berdin, ohitura-aldaketa batekin euskaraz bizitzeko askoz aukera handiagoak ditugula jakitun.
Errealistak izanda, lehen unean batzuek, gehienek ziur aski, nahiago izango dutela espainierazko bikoizketa, euskarazko azpidatzia baino. Baina euskaraz bizi nahi dugunok, beste gai askotan gertatu den legez, hasieran minoritarioa izan arren, bidea argi izan beharko genuke. Posible da, gertatzen ari da, eta bide horretan sakontzea dagokigu: segi lanak euskaratzen, asko lortu ditugu eta gehiago behar ditugu. Disneyri presio handiagoa, euskaraz bikoiztu behar dituzte haurren ekoizpen horiek guztiak. Zinema-aretoek ere urratsak -edo/eta laguntzak – beharko dituzte, eta euskara sistematikoki baztertzen duten zinemaldiek (Donostiakotik hasita, badu zer ikasi sistematikoki euskaraz azpidazten hasi den Zinebitik), euskaldunon eskubideak errespetatu beharko dituzte. ETBk ere 2022ko euskaldunen beharrizanak bete beharko ditu, noski, Clanek ere iragarritako euskalduntzea gauzatu beharko dugu. Asko dago egiteko, baina asko egin da. Zorionak, eta goza dezagun gure hizkuntzaz.