Crystal Fighters: Harpeak sorginduta
Crystal Fightersek Zugarramurdi sorgindu zuen pasa den ostegunean. Erresuma Batuko milaka hipsterrek sartzeagatik dirutza ordainduko luketen mugako kobetan, 300 pribilegiatuk bizi ahal izan zuten ‘Cave Rave’ (2013) diskoaren Europako aurkezpen festa. Harpeek txiki bihurtzen zuten bertaratutako publikoa, eta oihartzun berezia eman, euskal mitologiak liluratu duen talde britainiarraren doinu eta hotsei. Haien apeta izan zen halako katedral naturala 300 pertsonentzako soilik izatea.
Wilhelm & The Dancing Animals taldeak estreinatu zuen harrizko oholtza, publikoaren animoak berotzeko aperitif gisara. Ostean hasi zuten haien akelarrea Belakoko mungiarrek, argi erakutsiz sasoiko daudela, gai izan baitziren une batez erresuma batuko musika taldea ahantzi arazteko. Unetxo batez bada ere. Dantzan jarri zituzten harpeak, oihuz beteaz abesti eta abesti arteko ixiluneak, Joy Division gogora ekartzen duten haien abestiekin. ‘Sea of confusion’ hita izan zen errezitala ixteko erabili zuten abestietako bat. Gaztea maketa lehiaketa irabazi zuen taldeak etorkizun oparoa duela dirudi.
Hauek amaitu eta denbora gutxiko itxaronaldiaren ostean, Graham Dicson kitarra jolea jaitsi zen eszenatokira saguzarra bailitzan, argazki kamera eta bideo kamera mordoaren artean. Batek daki nondik. Munduko hamaika hedabidetako kazetariak zituen parean; hala nola, The Guardian, BBC, Vice, TAZ eta Rolling Stonekoak. Eta baita Zugarramurdiko festetak aitzakia gisara hartuta, sarrera doan zutela probestuz, parrandara irtendako zugarramurditarrak. Denetik zegoen han eta dena ematera irten ziren Crystal Fighterseko kideak.
Hona hemen ZuZeuk bildutako irudi batzuk.
Esan bezala, Cave Rave izena du Crystal Fightersen lan berriak. Itziar Martinezek idatzi zuen gurean 2010ean, talde hau deskubrituz, “Perurenaren Nafarroakoa izan nahi duen” talde bezala definituz, gutako askoren harridurarako. Eta Nafarroaz txundituta jarraitzen dute ikusten duzunez, haien diska berriaren Europako aurkezpena Zugarramurdin egin baitute.
Haien musikaz gozatzeko aukera duzu ostiral honetan bertan Igeldon ospatuko den Kutxa Kultur Festibalean. Informazio gehiago hemen.