Crowdfunding: S.D Eibar igoera baten kronika
Egilea
Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetari zarauztarra. Hainbat hedabidetan aritua, 2009. urtetik ZuZeuko erredakzioko kidea.
Ideia
Aitaren parteko familia armagina izaki, txiki txikitatik eramaten ninduten Ipuruara S.D Eibar taldearen partidak ikustera. Balkoietatik animatu eta epaileari ‘txotxolo’ deitzen zaio Ipuruan. Ile gorria eta gona daramate intxa zaratatsuenek. Eibarpool oihukatzen da armailetan eta purua ahoan, bazkideek urtez urte izen abizen mordoa ikasi behar dute, taldearen erdia aldatzen baita gutxienez. Eibarko taldeak ez du aurrekontu erraldoirik, ez eta milioika euroko soldatarik ere. Eredu propio bati eutsiz iraun du bigarren mailan, jaitsi da 2B mailara eta gero berriz igo. Eta eredu berberarekin dago orain bigarren mailako lehenengo postuetan, “izarren ligara” salto egiteko gertu.
Eibarrek ez du inoiz izarrik izan, Eibarrek izarrak sortu ditu. Bere planteletik igaro dira, besteak beste, Xabi Alonso, Silva, Joseba Llorente, Almunia eta orain puntako taldeetan dabilen jokalari asko. Eskola ona dira Unbe eta Ipurua, eta horregatik talde askok nahi dituzte laga haien perla gazteenak utzita Eibarren.
Liga bukaera honetan, lehenengo mailarako balizko igoeraren kronika bat proposatzen dizuet lerrootan, bide batez antagonikoak diren bi eredu (S.D Eibarrena eta LFP ligarena) parez pare jarriz.
Edukiak
2 erreportaje, 10 elkarrizketa eta bideo lan baten bidez egin nahi nuke kontakizuna, nire Eibarko erroetatik abiatuta. Alex Aranzabal eibarko presidentearekin hasiko dut elkarrizketa sorta, eta berak gomendatutako zer esana duten gainontzeko 9 pertsonak elkarrizketatuko ditut.
Horrez gain, bideo lan baten bidez, hemendik liga amaierara bitarteko kontakizuna egingo dut, eta kontakizun horretako esperientzien bidez bi erreportaje idatzi. Ezin duguIpuruan jokatuko diren azken 4 partiduetara joango gara eta bakoitza prisma ezberdin batetik kontatu.
Idatzizko 2 erreportaje, argazki originalekin
10 bideo elkarrizketa
Bideo lan luzea: Igoera baten kronika
Egutegia
Igandean, apirilaren 27an, hasiko dugu lana eta ekainaren amaiera bitartean argitaratuko ditugu erreportaje eta elkarrizketak. Bideo lana izango da aurkezten azkena.
Finantzaketa
- Aurrekontu osoa: 3000€
- Bidaiak: 500 euro
- Produkzioa: 1500 euro
- Posprodukzioa: 1000 euro
*Aipatutako finantziazioa, Oier Aranzabalek hala erabakita, ZuZeuren izenean egongo diren S.D. Eibarren akzioak erosteko erabiliko da.
[purchase_link id=”82666″ style=”button” color=”red” text=”Parte hartu”]