Ez zinen agertu

Alter dixit.

Galdutako aukerak, mahaia, aulkia;
joan zaizkigun trenak, pena, errukia…
Paper zuria, ni, bolaluma,
aitortu gabeko maitasuna,
argia eta iluntasuna…

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
zu, ordea, ez zinen agertu.

Ederra da Sevilla, diote, euritan;
gu, hala ere, banatu egin gaitu, bitan.
Bi izan gura, gau hartan, batak,
gudarako prest zeuden ezpatak:
ametsa eraman du enbatak…

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
zuk, baina, ez zenuen ulertu.

Zain eduki ninduzun, biluzik, luzaro,
nigana noiz iritsi, artega, arraro…
Zain eduki ninduzun, gerora,
“ez dator, baina etorriko da”
nire portuaren abarora.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
azkenerako, dena okertu.

Esan ez denak ekarri ohi du damua,
egin ez zena da, aldiz, nire mamua…
Sexuak behar zuen nagusi,
haren lekuan, zenbat aharrausi…
eta bidean, bihotza hautsi.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
hurrengoan, txo, indarrak neurtu.

Nik, besterik ezean, papera bete dut.
Nori zuzendua den? Hori, ikusi zuk…
Bihotzean daukat ubeldua,
baina dena ez dago galdua:
hankartean dago ukendua.

Ez zinen hitzordura agertu,
hain geunden hurbil, hain gertu…
beste batean, amari deitu.

Ego dixi.