COVID-19aren ikasturte hasiera: monarkia bai, baliabiderik ez
COVID-19aren ikasturte hasiera: monarkia bai, baliabiderik ez –
Joan den astelehenean Letizia Ortiz Milagroko eskolara eta San Adriango institutura joan zen ikasturteari hasiera ematera. Ez dakigu zenbateko gastua ekarri zuen bisitak, kolokan dagoen Borboien monarkia legitimatu nahi zuenak, baina bi gauza badakizkigu: Nafarroako Gobernuak inbertsio eskasa bideratu duela bere low cost kontingentzia-planean Covid-19k hezkuntza publikoan planteatzen dituen erronkei aurre egiteko, eta errege familiak aukera duela norbait bere alabaz arduratzeko, ikaskide batek koronabirusa harrapatu duenean. Eta monarkia urtean 8 milioi euro baino gehiago kostatzen dela, ilunpean gordetako ondarea alde batera utzita.
Ez da kasualitatea Bigarren Hezkuntzako inaugurazioa San Adrianen egitea; izan ere, Hezkuntza Kontseilariaren jaioterria izateaz gain, institutuko zuzendaria David Herreros da, Barcinaren gobernuaren agintepean Hezkuntzako Zuzendari Nagusia izan zena. Garai horretan, hain zuzen ere, etengabe urratutako hezkuntza publikoak murrizketa basatiak jasan zituen: ratioak handitzea, 800 irakasle baino gehiago kaleratzea, laguntza eta indartze saioak kentzea, eraikinak ez mantentzea eta soldatak murriztea, besteak beste.
Hain zuzen ere, Nafarroako Hezkuntza Publikoa Hobetzeko Itunak, 2018ko abuztuan sinatuak, murrizketa horietako asko gainditu nahi zituen, eta hobetzeko bide sendo eta etengabea hasi. Hala ere, eskola publikoaren aldeko diskurtso hutsa gorabehera, egungo kontseilariak uko egin dio itun hori betetzeari eta, gainera, Eskola Baliabideen Zuzendari Nagusi izendatu du Barcinaren garaian Giza Baliabideen zuzendari izan zena, UPNren azken gobernuaren politika neoliberal, austerizida eta euskarafobikoen jarraipena ziurtatzeko.
Politika horiek eragotzi dute birusa ez transmititzeko prebentzio-neurri eraginkorrenetako bat aplikatzea, eta STEILASek eta arlo horretako beste hainbat adituk honako hau eskatu dute osasun-krisia hasi aurretik: ikastetxeetan ratioak jaistea, pertsonen arteko distantziaren eskakizunetara egokitzeko espazioak handitzea, gainerako sektoreetarako legeak ezarri diren bezala, ostalaritzatik hasi eta eskolaz kanpoko jardueretaraino. Neurri hori 3. eszenatokitik aurrera baino ez da kontuan hartzen, eta ez zaie oraindik ikastetxeetako zuzendaritzei jakinarazi; izan ere, horietako batzuek ikasleen heren bat etxean dute konfinaturik, eta ez dakite nora bidaliko dituzten ikasleak, segurtasun tartea betetzeko.
Ez alferrik, Kanadako Waterlooko Unibertsitateak ikerketa bat argitaratu berri du eta, bertan, ikasgelen 6 konfigurazio desberdin aztertu dituzte. Emaitzek erakusten dutenez, 15 ikasle baino gehiagoko gelek ez dute ahalbidetzen beharrezko distantzia soziala eta higienea mantentzea eta, gainera, konfinamenduen areagotzeko aukera asko handitzen da. Zer esanik ez 33ko ratioak dituzten ikasgelak aztertu izan balira, Nafarroako Batxilergokoak kasu.
Horregatik guztiagatik, taldeak automatikoki banatzea eskatzen du STEILASek, 2. egoeratik konpentsatu ezin den ratio jaitsiera baten ondoren, ikasleen arteko gutxieneko tartea 1,5 m-koa izan dadin, 2,25 m2-ko gutxieneko azalerarekin, Haur eta Lehen hezkuntzan 10 ikasle gehienez, eta 15 DBHn eta Batxilergoan. Gainera, honako hauek eskatzen ditugu: plantillak handitzea; erabiltzen ez diren eraikin publikoak egokitzea ratioak etengabe jaisteko; baimen ordaindua familiek ume konfinatuak zaindu ditzaten; proba serologikoak kasu positibo aktiboekin kontaktuan egon diren irakasleentzat eta lanpostuak azkar moldatzea langile zaurgarriei eta haurdunei. Orobat osasungintzako eta lan-arriskuen prebentzioko langileak eskatzen ditugu eta garbitzaile gehiago lanaldi guztian.
Horretarako, ezinbestekoa da Hezkuntza Publikoa Finantzatzeko Legea, gutxienez BPGaren % 6 hezkuntza publikoari bermatuko diona, eta zerga- eta aurrekontu-politika bidezkoa eta progresiboa, non honako hauek lehenetsiko diren: zor ez-zilegia bertan behera uztea, zerga-onurak ezabatzea, zerga-iruzurraren aurka borrokatzea, hitzarmen ekonomikoa aldatzea, bankuei bidegabeko kobrantzak eskatzea, ikastetxe segregatzailee itunak kentzea edo Makroproiektu ekozidak geldiaraztea. Neurri horiekin guztiekiekin 3.192 milioi euro aterako lirateke, 2020ko Hezkuntzaren aurrekontua halako 5.
Arantxa Ruiz Vidorreta
Raul Lopez Ekai