COVID-19 gaitza detektatzeko testak
COVID-19 gaitza detektatzeko testak –
Iosu Razquinek Zientzia Kaieran.
Koronabirus berriak eragin duen osasun krisi honetan, SARS-Cov-2 birusa detektatzeko testen garrantziaz mintzatu dira adituak. PCRak eta ‘test azkarrak’ deiturikoak aipatu dituzte komunikabideetan. Espainiako Gobernuak berriki aditzera eman duenez, test azkarrak egiten hasiko dira asteon, COVID-19aren hedapena ezagutu eta datu epidemiologikoak lortzeko asmotan. Bada, oraindik ez dago oso argi zertan datzan bakoitza, zer detektatzen duten, zein den horien funtzionamendua eta bakoitzaren fidagarritasuna. Honatx aukera paregabea eskura dauden test horiek hobeto ezagutzeko.
Egunotan, Zientzia Kaieran, birusak zer diren eta birusak zelula ostalaria kutsatzeko prozesua azaldu digu Josu Lopez-Gazpiok, eta, tartean, birusaren atalez ere jardun du artikuluetan. Azalpen horri jarraiki, dakigunez, SARS-Cov-2ak dituen elementuen artean, bik berebiziko garrantzia dute testek nola funtzionatzen duten jakiteko: RNA (azido erribonukleikoa), informazio genetikoa daraman materiala, eta lipidoz eta birusaren proteinaz osatutako kanpo azala.
Gatozen harira, testen mamia ezagutzera, alegia. Oro har, bi multzo handitan banatzen dira: birusa zuzenean detektatzen duten teknikak eta modu ez-zuzenean egiten dutenak. Lehenengo multzoan, bi mota daude: batetik, PCRa, birusaren material genetikoa detektatzea helburu duena, eta bestetik, birusaren kanpo geruzako antigenoak (proteinak) antzematen dituena. Biek birusaren atal desberdinak detektatzen dituzte baina informazio bera ematen dute: testak esango digu birusa gure organismora heldu den, gaixotasuna garatu den jada edo egun gutxi barru garatuko den. Aldiz, bigarren multzoan sartzen den testak ez du birusa jomugan, baizik eta haren aurkako ekinean sortzen diren antigorputzak.
.
Test zuzenak
PCR teknika: birusaren RNAren anplifikazioa (erreferentziazko teknika)
PCR teknika (Polimerase Chain Reaction edo polimerasaren kate-erreakzioa) RNA laborategian detektatzeko erabiltzen da. Sistema honen bitartez, edozein material genetikoren sekuentzia zehatz bat anplifika daiteke; hasiera batean antzemanezina den nukleotido kate mikroskopikoaren milaka kopia berdin egiten dira detektagarri bihurtzeko. Lagina lortzeko, errinofaringea isipuaz igurtzi eta bertan egon daitezkeen birusaren arrastoak hartzen dira. Ondoren, laborategian, laginean dagoen COVID-19-aren RNA anplifikatu eta detektatzen bada, proba positiboa izango da.
Metodo honek sentikortasun (positiboak detektatzeko gaitasuna) oso ona dauka eta gaur egun dauden testen artean fidagarriena da. Alabaina, arazo bat dakar: laborategi batean egin behar da proba eta 4-5 orduko lana eskatzen du. Hori gutxi balitz bezala, teknikoki trebatutako langileek soilik egin dezakete, eta orokorrean, nahiko garestiak dira (40-60 € artean). Abantailei dagokienez, sintomak agertu baino lehen birusarekin infektatuta dauden pertsonak positibotzat hartzen ditu, hau da, gaixotasunaren lehen faseetan birusak detekta daitezke. Gainera, gaixotasunaren jarraipena egin daiteke, izan ere, gaitza guztiz gainditu dutenek PCRa negatiboa eman beharko lukete. Azkenik, hainbat paziente batera azter daitezke prozeduraren automatizazioari esker.
.
Test antigenikoak: birusaren proteinen detekzioa
Lehen aipatu den moduan, birusaren antigenoak (kanpo geruzako proteinak) hautematen dituzte. Mota askotakoak daude eta aukera ugari eskaintzen dituzte. Horien artean, ezagunena immunokromatografia da, haurdunaldi-proba bezalakoa, hain zuzen ere. Aurrena, modu artifizialean sintetizatutako birusaren antigenoaren aurkako antigorputzak beste animalia batzuetatik lortu eta paper euskarri batean itsatsi egiten dira. Test laginetik hartutako tantatxo bat jartzen denean, bertan dauden birusak antigorputzei indarrez lotuko zaizkie, erreakzio berezi bat sortuz: kolore marka baten agerpenak positiboa dela esango digu 15-20 minuturen bueltan.
Teknika hau oso azkarra da eta, orokorrean, PCR testa baino merkeagoa da (12-19 € inguru). Horrez gain, ez da ekipamendu ez kualifikazio berezirik behar proba egiteko. Aldiz, PCRak baino espezifikotasun (benetako negatiboak detektatzeko ahalmena) eta sentikortasun (positiboak detektatzeko gaitasuna) apalagoak ditu. Sentikortasunari dagokionez, %30 baino gutxiago eta, noizean behin, positibo faltsuak ere suerta daitezke, gaixotasuna gainditzerakoan gure organismoan birusaren hondakin proteikoak izan ditzakegulako oraindik. Bestalde, lagin asko batera lantzea oso zaila da, test bakoitza bakarka egin behar delako. Hau guztiagatik, ez da gomendagarria diagnosi errutina batean baliatzea.
.
Test ez-zuzenak
Test serologikoak: antigorputzen detekzioa
Azkenik, test serologikoek giza organismoak birusaren aurka sortutako antigorputzak detektatzen dituzte. Gaixoaldian, gorputzak agente arrotzat hartzen du birusa, berezkoa ez duena eta gaitz larri bat eragin diezaioken elementu bat bailitzan. Horren kariaz, mekanismo ugari abian jartzen dira, besteak beste, birusaren antigenoak ezagutu, beraiei itsatsi eta suntsitu egingo dituzten antigorputzak sortzen dira. Nolanahi ere, prozesu hau ez da bat-batekoa, 7-10 eguneko tartea behar du eta.
Teknika honetan, odol-lagina erabiltzen da (serum edo plasmarekin ere egin daiteke), antigorputzak odolean zehar hedatzen baitira. Test antigenikoaren antzekoa da, baina kasu honetan, paperezko euskarrian artifizialki itsatsita birusak jartzen dira (laborategian sortutakoak edo lagin biologikoetatik erreproduzitutakoak) eta gainean, odol-lagina. Odolak antigorputzak edukiz gero, erreakzio positibo bat gertatu eta koloredun marka bat agertuko da. Emaitza positiboak esan nahi du pertsona horrek COVID-19aren aurkako antigorputzak dituela, noizbait birusarekin kontakturen bat izan eta gaixotasuna pairatu duen seinale.
Test antigenikoen antzera, nahiko azkarrak dira. Ez dute ekipamendu berezirik behar, baina euren sentikortasuna eta espezifikotasuna ez da nahikoa. Hala, negatibo faltsuak ager daitezke. Hauek ere PCR testa baino merkeagoak dira (6-13 € inguru). Bestetik, proba hauek oso aldakorrak dira gaixotasunaren fasearen arabera, hau da, test hauek ez dituzte inkubazio prozesuan dauden pertsonak positibotzat hartzen, antigorputzak 7-10 egun geroago sortzen direlako. Beraz, gerta daiteke pertsona batek gaitz infekzioso bat izatea eta test honetan negatibo ematea. Esan beharra dago, test antigenikoekin gertatzen den legez, nahiz eta testak 15-30 minututan emaitza eman, oso zaila dela hainbat lagin batera lantzea.
Jakina da, test serologikoak interesgarriak direla immunitatea lortu duten pertsonak identifikatzeko; alde batetik, printzipioz denboraldi luze batez gaitz hori hartuko ez duelako (gaixotasuna txerto “natural” gisa aritu delako) eta, bestetik, serum horiek oso erabilgarriak izan daitezkeelako gaixo dauden pertsonei tratamendua eman eta birusa akabatzen laguntzeko.
Kontuan hartu beharra dago, sarritan prozesu biologikoek eta gaixotasunek aldakortasun handia izaten dutela, salbuespen eta gertakizun desberdin ugari izan daitezkeelako. Bestalde, oso zaila da edozein baldintzatan informazio anitz eta zehatza emango digun teknika bat soilik eskuartean izatea, horregatik komenigarria da test bat baino gehiagorekin batera aritzea. Kasu honetan interesgarriena da jakitea test bakoitza zein baldintzatan eta nori egin behar zaion, jasoko ditugun datuak desberdinak izan baitaitezke.
Adibidez, COVID-19aren aurkako immunitatea duten biztanleen kopurua jakiteko, antigorputzen testa erabiliko dugu; bestetik, arrisku taldeetan dauden eta sintoma argiak dauzkaten pertsonei PCRa egitea litzateke onena, honek kutsatuen kopurua zehaztasun handiz emango baitigu.
Bukatzeko, argi dago osasun krisi honetan diagnosi ikerketa bat aurrera eramatea zaila dela oso, inportanteena pertsona infektatuak garaiz antzeman eta krisiari aurre egitea delako. Gainera, biztanleriaren baldintzak ez dira egokienak, berrogeialdian sartuta denon laginak lortu ahal izatea, laginen garraioa, osasun zerbitzuen prestasuna eta logistika, kasuak kasu. Hala ere, zinez garrantzitsua da birusari eta berak sortutako izurriteari buruzko informazio eskerga ateratzea, bai momentuko erabakiak hartzeko, bai aurrerago gerta dakigukeen antzeko krisi bati garaiz eusteko.
COVID-19 gaitza detektatzeko testak COVID-19 gaitza detektatzeko testak