Denak ez du balio

Denak ez du balio –

Hilabete daramagu etxeetan konfinatuta. Askoz gutxiago oinarrizkoak ez diren jarduerak egiteari utzi zela. Egunak dira txorien kantu zaratatsuarekin esnatzen ari garela hiri erdian bizi garenok baina gaur, jende hotsarekin esnatu gara. Lanera zihoazen lagunen ahots hotsarekin. Estatu espainiarreko gobernuak horrela erabakita eta euskal gobernuak erabat babestuta.

Denak ez du balio
(Berria)

Egunero entzun, irakurri edo ikusten ditugu datuak, hildakoenak, kutsatuenak. Hildakoen zenbakiak oraindik handia izaten jarraitzen du. Kutsatuena txikiagoa, herritarrek egindako esfortzuaren seinale. Hala ere, zenbaki horiek oso handiak izaten jarraitzen dute. Gainera, egunean oso test gutxi egiten dira eta egiten ez direnen artean ere makina bat kutsatu egongo dira eta egongo ziren.

Oinarrizkoak ez diren jarduerak geratu aurretik, horren beharra oso garbi ikusi genuen herritarrok. Gure inguruko asko ziren gaixorik, batzuk etxeetan bakarturik eta beste batzuk gainezka dauden ospitaleetan. Urkulluk zioen ekonomiak jarraitu beharra zuela. Ezin zela euskal ekonomia koman erori. Sanchezen gobernuak oinarrizko jarduerak ez ziren beste guztiak geldiarazi aurretik ere, langileek enpresa asko itxi zituzten. Arantxa Tapia ere ez zen batere gustura gobernu zentralaren erabakiarekin. EAEko egoera bestelakoa zela esaten zuen eta egoerari erantzuteko gai zela horrelako erabakirik hartu gabe. Estatu guztian gelditzea erabaki zen. PNV eta CONFEBASK haserre. Zirrikitu bat bilatu zuten, ordea, enpresa batzuk irekita mantentzeko.

Ordurako langile askok galduta zuten haien lana, autonomo askok hamabost egun zeramaten geldituta. Autonomo kuota berdin ordaintzen, alkilerrak berdin ordaintzen, kexarako aukerarik gabe eta euskal gobernutik laguntzarik jaso gabe, eta haien aldeko borroka sutsurik egin gabe. Justu alderantziz. Baserritarren kasuan esaterako, ordurarte haien produktuak saltzeko zituzten gune asko itxita eta merkatuak ixtea erabaki zuen euskal gobernuak. Herritarren kexaren ondorioz eta udal batzuk herriko azokak egiten jarraituko zutela erabaki ondoren, gobernuak atzera azokak irekitzea erabaki zuen.

Gaur milaka lagun haien lanera bueltatu dira berriro. Neurriak hartuko omen dira. Herritarrak ez gaude ados erabakiarekin. Hainbat herrialde harritu egin dira erabakiarekin. Baina berriro ere gaixoen zenbakia igotzen hasten denean ez gara harrituko. Ikusi da herritarrak elkartu eta aldaketak egitea posible dela.

Geroa eta iragana
Ezabatuak izan dira
Oraina luze eta antzua,
Mutu itsua geure aurrean
Biharra ez bada existitzen
Orain antzu hau
Saiatuko garela aldatzen
Aldatzen, aldatzen.

(Berri Txarrak)

Denak ez du balio

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.