[Euskal Gaizkileak] Corellako mairua

Corellako mairua –

Euskal Gaizkileak seriea

Vicente Recio apaiz frantziskotarrak Tetuaneko Misio Katolikoko liburutegian zegoen 180 orriko eskuizkribu baten berri eman zuen iragan mende erdialdean. Izenburua: “Eleuterio Otxoa Delgadoren bizitzaren historia, Nafar Erresumako Korella hirian sortua, Fezen idatzia 1865ean”.

1824ko apirilaren 18an jaio zen Eleuterio, Francisco eta Mariaren semea. Francisco errealista sutsua zen, Cadizeko Konstituzioaren aurkakoa eta Fernando VII.aren aldekoa. Eleuterio jaio aurretik izan zen gerra errealistan parte hartu zuen Corellako Batailoiarekin, 1820-23 bitarte. Fernando VII hiltzean Gobernuak armak entregatzeko eskatu zien bolondres guztiei, baina Corellakoek ez zuten nahi izan, eta borrokan jarraitu zuten Santos Ladronen agindupean. Erretaguardian, betikoa: Maria bakarrik, lau seme-alaba bere kargu. Bergarako Besarkadaren ondotik etxera itzuli ziren soldaduek eman zioten berria familiari: Francisco gerran hil zuten.

Corellako mairua
Corella

Kolpe gogorra izan zen etxekoentzat, baina okerrena hilabete gutxiren buruan heldu zen: Maria, lur jota eta gaixorik, 1840 uztailaren 27an zendu zen. Eleuteriok, 16 urterekin, bere bi anai eta arreba gaztea zaintzeaz arduratu behar izan zen. Hasieran nekazari lanetan jardun zen, eta gutxira, bere osaba baten bitartez, fabrika batean sartu ahal izan zen lanera (“makil gozoa” egiten zuten lantegi bat, erregaliz zukua ateratzen).

Lantegian sartzerakoan sei erreal irabazten zituen egunean, eta urtebete igaro ondoren bi pezeta eguneko, soldata ederra garai hartarako. Nagusiak biziki estimatzen zuen Eleuterio mutil azkarra eta langilea zelako, eta konfidantzazko postu bat eskaini zion: ordainketak egiten zituena, eta erosketa eta salmenta arduradun. Horrek, aidanez, inguruko jende askoren bekaizkeria eta inbidia piztu zuen.

Begiz jo zuenetako bat zen Manuel Sesma. Eleuteriok idatzita utzi zuenez “oilar” bat zen, txoriburu eta handiustea; Sesmak 23 urte zeuzkan orduan, eta Eleuteriok 19.

Arratsalde batean Sesma eta bere koadrila haietako baten etxean elkartu ziren meriendatzera, eta ardo batzuk hartuta, lagunek Sesma xaxatu zuten Eleuterioren aurka egin zezan. Ez zuen askoz gehiago behar izan. Sei lagunak etxetik atera eta Corellako Kale Nagusian gora abiatu ziren; haietako hiru  neskalagunak “kortejatzera” joan ziren, eta beste hiruak, Sesma barne, Las Cadenaseko jauretxea dagoen plazatxora heldu ziren. Urte haietan taberna bat zegoen, orduan “Salaberriren korralea” deitua, eta bertan sartu zen hirukotea… Eleuterio bertan zela jakin gabe.

Sesmak hots egin zion:

– Eleuterio!

– Zer?

Eta honek buelta ematerakoan… zapla! Sekulako belarrondokoa eman zion.

Sesmak ez zuen Otxoaren erreakzioa espero, garbi dago, baina garaiko giroak horrelako zerbait aurreikusi zitekela iradoki behar zion gutxienez. Gerra ondorengo urteetan gizonezko guztiek zeramatzaten labanak aldean, eta hilketak eta erasoak eguneroko ogia ziren Erriberan. Garaiko jota hauek ikustea besterik ez dago:

 

No tires piedras, cobarde,
que el tirar es cobardía,
saca tu navaja a mano,
que yo sacare la mía

Canta, compañero, canta,
no le temas al que viene,
con la punta del cuchillo
le preguntaré que quiere.

A mi corazón le dieron
veinticinco puñaladas,
y se levanto diciendo:
¡Aquí no ha pasado nada!

Baja, baja, fanfarrón,
baja a medio de la plaza,
verás el frío que da
el filo de mi navaja

 

Belarrondoko zaratatsu bat, jendez betetako taberna batean… Manuel Sesmak zer edo zer esperoko zuen bueltan, baina ez zuen aurreikusi Eleuterio Otxoak labana atera eta amen jesus batean saihetsean sartuko zionik. Sesmaren lagunak ziztu bizian atera ziren korrika Salaberriren tabernatik, bat desagertu egin zen eta bestea bizilagun baten etxean sartu zen “hilko naute, laguntza!” oihukatuz.

Lasaitu zenean, Eleuterio bere etxera joan eta anai-arrebak bildu zituen: “Anai-arreba maiteok, nireak egin du. Manuel Sesma hil dut. Bera etorri da ni xaxatzera. Beraz, Justizia heldu baino lehenago alde egin beharrean nago. Min handia ematen dit zuek utzi behar izatea, baina ez daukat beste irtenbiderik. Agur, ene anai-arrebok. Laster izango duzue nire berri”.

Bere lehengusu baten etxean igaro zituen 13 egun ezkutatuta. Paper faltsuak lortu eta Alfaro ondotik igaro ondoren Castejonera iritsi zen, txalupa hartu eta Ebro ibaia zeharkatzeko. Otxoaren zoritxarrerako corellar batek bertan ikusi eta salatu egin zuen. Bardeak zeharkatu eta Zarrakaztelura iritsi zenerako zain zeuzkan goardiak, eta atxilotu egin zuten. Tuteran sartu zuten preso, eta bertan epaileak galdekatu zuen, interes berezia jarriz paper faltsuak nondik atera zituen konfesa zezan, baina corellarrak ez zuen hitz erdirik esan. Epailea amorratu eta heriotz zigorrera kondenatu zuen, baina Iruñeko Epaitegiak gehiegizkotzat jo zuen sententzia eta atzera bota zuen. Hamar urteko espetxe zigorra jarri zioten, Afrikako kartzeletako batean konplitu behar zena.

Zaragozako espetxera mugitu zuten, eta bertan gobernuak hartutako erabaki batek bere patua aldatu zuen: hamar urteko espetxe zigorra zeukaten guztiak Gaztelako Kanaleko obretara joango ziren lanera. 128 preso bidali zituzten Paletziako probintzian dagoen Villarramiel herrira, 227 kilometroko kanala eraikitzeko: bero zapak, izotza, pikotxaren egun osoa, kateekin lotuta, latigo kolpeak jasoz, gaizki lo eginez, okerrago janez… Bederatzi hilabeteko tarte eskasean obretara iritsi ziren 128 gizonetatik bederatzik soilik jarraitzen zuten bizirik. 1845eko ekainaren 10ean atera ziren infernu hartatik, eta Toledora eraman zituzten.

Corellako mairua

Toledoko zaintzaileen nagusia Orobio abizena zeraman gizatxar bat zen, presoak izugarri gaizki tratatzen zituena. Horrek ekintza zeharo arriskutsu bat egitera bultzatu zuen preso talde bat, Otxoa tartean: haien goardiak une berean erasotu eta desarmatu zituzten hamasei presok. Haietarik bederatzi nafarrak ziren, eta elkarrekin abiatu ziren etxerako bidean, baina egun batean goardiekin tupust egin eta bederatzi harrapatu zituzten, eta astebeteren buruan mendiko goardiek Otxoa eta beste biak Aranda de Dueron.

Epaiketa baten ostean Ceutako espetxera eraman zituzten 1846ko errege bezperan. Kartzela hartan 2131 preso zeuden, horietako 146 nafarrak. Hilabete batzuren buruan berriz Espainiaratu zuten ihesaldiagatik epaitzeko, eta bigarren heriotz zigorra ezarri zioten bai berari eta beste 11 nafarrei, baina oraingoan ere zortea izan zuten, indultu bat iritsi baitzen. Behin epaiketa amaituta, Melillara eraman zuten.

24 urterekin bi heriotz zigor jaso zituen korellarrak, 20 urteko espetxealdi gogorra aurretik… Eleuterio ez zegoen hori ametitzeko prest, eta Melillan ohartu zen hiriko plazatik apur bat aldenduz gero mairuen artera sartu eta bertan espainiarrek ezingo zutela atxilotu. 1848ko uztailaren 29an, Kasedako Joxe Urrutia eta beste sei lagunekin mairuen eremura pasa ziren, Santiagoko kuartelera. Euren harridurarako, mairuek esklabu gisa saldu zituzten, bakoitza nagusi bati. Otxoa Barrabas izeneko batekin abiatu zen Rifeko barnealdera. Irudikatuko duzuen bezala, Barrabasek ez zuen luzaz izan morroirik. Esklabu bihurtutako beste lau presorekin egin zuen topo azokan, eta Fezera ihes egitea erabaki zuten, bertan Sultanaren aurrean aurkeztu eta beren zerbitzuak eskaintzeko. Bide bihurri samar baten ondoren Sultanaren akanpalekura iritsi ziren, eta bertan harrera egin ostean mairuekin batera gerran zeuden desertoreekin elkartu ziren.

Sultanak bere Fezeko baratzeetan nekazari lanetan aritzera bideratu zituen, eta bertan denboraldi bat egin ostean lizentziatu egin zituen, hots, berriz armadan parte hartzeko deia jaso arte libre zen Eleuterio. Kafetera bat erosi eta hiriko kaleetan barna kafea saltzen igaro zituen hiru urte, eta bertako emakume batekin ezkondu zen, Alkia Samia. 1851 urteko maiatzean deitu zituen berriz Sultanak, kabilia batek ez zituelako bere zergak ordaindu. Hilabete gutxi batzuk igaro zituen armadan. Sultanak txokolatea prestatuko zuen norbait nahi zuela jakin zuen nafarrak, eta ez bat eta ez bi, hantxe agertu zen buruzagiaren aurrera, bera txokolatea prestatzen zinez ona zela esatera. Hiru urte igaro zituen txokolatero lanetan.

Baina badirudi Otxoaren bizitzak bueltak ematen zituela toki berera itzultzeko. Bigarren aldiz gustuko lan batean, bigarren aldiz ekonomikoki egoera hobean… eta bigarren aldiz ingurukoen inbidia eta bekaizkeria jasan behar izan zituen. Torres izeneko balentziar batek (militar desertorea) akusazio faltsu bat zabaldu zuen bere aurka, hilketa batena, eta horren erruz hilabete ugari pasa behar izan zituen ziega batean, baldintza negargarrietan.

Corellako mairua

1859.urtean Muley Abufadh Abderrahman sultana hil zen, eta bere 62 ondorengoentatik zaharrenak hartu zuen lekukoa, Sidi Mohamedek. Hori gertatu bezain pronto, espainiarrek gerra deklaratu zioten, eta sultanak erresuma osoko eskale, lapur, hiltzaile… bildu zituen bere armada osatu eta Ceutara abiatzeko, espainiarren kontra borrokatzera. Baina armaden diziplina, formakuntza eta armamentua oso desorekatua zen mairuen kaltetan, eta sultanak Maroko osoan bizi ziren espainiarrak biltzeko agindua eman zuen: 300 inguru elkartu zituen, gure korellarra tartean. Sultanak galdetu zuen ea haietarik nork zekien zerbait artilleria kontuetan, eta nola ez, Otxoak aurrerapauso bat eman zuen. Txokolateaz bezainbat ulertzen baitzuen hark kainoietaz. Melillan artilerroak lanean ikusi omen zituen zenbait egunez, eta zer edo zer behintzat ba omen zekien, edo hori utzi zuen idatzita behintzat bere eskuizkribuan. 25 gazte jarri zizkioten bere aginduetara, denak nahiko trebeak, nafarraren aburuz.

Formakuntza kontuetan burubelarri ari zirela espainiarrek Tetuan okupatu zuten. Bertako kainoi zaharrak kendu, berriak jarri eta harresiak indartu zituzten. Tetuanetik kendutako kainoi zaharrak penintsulara eraman zituen armadak, eta urtu egin zituzten, zer eta egun oraindik ere Diputatuen Kongresuaren sarreran dauden lehoiak egiteko. Beste datu kurioso bat: kainoi bat urtu eta kanpai bat egiteko erabili zuten, eta kanpai hori Billareko Birginaren santutegira eraman zuten, hots, Korellara.

Tetuaneko batailan espainiarrak gailendu ziren, eta horrekin gerra irabazi. Wad-Raseko “bake hitzarmena” etorri zen ondoren, sultanarentzat zinez txarrak ziren baldintzekin.

Belarrondoko bati labankada batekin erantzuteagatik dena galdu zuen Eleuterio Otxoak: preso izan zen, esklabu, nekazari, kafe saltzaile, militar, txokolatero… Amnistia eta indultuen zain pasa zuen bizitza, pentsatuz agian 1875eko Alfontso XII.ren tronuratzeak Korellara itzultzeko aukera eskainiko ziotela… baina ez. 1902an saiatu zen berriz, Alfontso XIII. errege izendatutakoan, baina orduan ere ez. Korellako erregistroetan ez dago bere heriotza aktarik, eta beraz, ziurrenik, 80 urte baino gehiagorekin hilko zen Fezen.

Honakoa izan zen Eleuterio Otxoa Delgadoren bizitza. Zoritxarrak hala behartuta Marokon ia bizitza osoa igaro eta bere sorterrira itzuli nahi arren inoiz halakorik lortu ez zuen corellarraren historia.


Iturria: El moro corellano. Aventuras y desventuras de Eleuterio Ochoa. Jose Maria Iribarren. 1955

Corellako mairua

 

euskal gaizkileak seriea

Corellako mairua  Corellako mairua  Corellako mairua  Corellako mairua  Corellako mairua  Corellako mairua  Corellako mairua

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “[Euskal Gaizkileak] Corellako mairua”-ri buruz