Charlie Hebdo, gu eta haiek

Haiek beldurra ekarri dute gure etxeko atarira. Zeinen ezagun zaigun Parisko estanpa, eta zeinen arrotza bertan kalasnikovak eskuan haiek tiroka ikustea. Poliziak azkenengo aldiz burua altxatzea. Tiroa. Izua. Charlie Hebdoko erredakzioko argazkia, lurrean odola. Supermerkatuan leherketa eta hildakoak zenbatzea. Gure etxeko atarian. Eta hausnarketak datoz gero errenkadan; konspirazioak, oiloarena eta arrautzearena. Burdin harian alde batera ala bestera ibilean. Kikilduta, Isaac Rosak definitu bezalaxe.

islam
Martxoaren 11 hartan Madrilgo gobernuak baino zuhurtzia gehiagoz jokatu du Hollanderen exekutibak errudunak seinalatzean. Ohiko legez, hedabide zenbait izan da abangoardia egileen identitatea erazagutzeko. Eta haiek epaitzeko. Haiek terroristak eta haiek yihadistak. Haiek Saïd eta Chérif Kouachi, bi erretratu. Arabiar trazako bi gazte, paristarrak. Gure aurka egin dutenak. Haiek hedabideek epaitu eta poliziak akabatuak. Al Qaeda edo Estatu Islamikoa, Ekialde Hurbil urrunetik aldarrikatu bezala. Haiek islamistak. Edo islama Le Pen, Geert Wilders edo Nigel Faragek azaldu bezala: “Hau ez da hasiera besterik”. Frantziar Estatuko mezkitek errefusatu dute, bitartean, Charlie Hebdoren aurkako erasoa. ‘Je suis Charlie’ jarri dute tenpluen atarietan. “Lumarekin eraso gaituzte, eta guk lumarekin erantzun behar diegu”, dio Omar mezquita erradikaleko Abdel Qader Achour Imanak.

Eta denok gara Charlie. Trending Topic izan da #JeSuisCharlie. Frente Nazionaletik hasi eta alderdi komunistara, Europako mutur batetik Alabamara edo Illinoisera bertara. Jean Marie Le Pen izan ezik. Haien lumak ere altxa dira. Eta haiek eta guka darraite eta darraigu diskurtsoak harilkatzen. Baina ezin asmatu nortzuk diren haiek, eta nor gu. Kouachi anaiak, kristauak, Michel Houellebecq, Gazako marrazkilariak, islama, Le Pen, Hollandek deitutako Parisko manifestaldira batasun nazional sakratuaren izenean joango direnak. Besteak. Zu. Eta ni. Iruditzen zait batzuetan gutaz ari garela, haietaz hitzegiten dugula uste badugu ere. Eta alderantziz.

Ekaitza bainuontzi batean

Zer duzu buruan “Charlie Hebdo, gu eta haiek”-ri buruz