Celaák euskara eta Euskal Herriari eraso berria abiatu du
Hiru esparrutan abiatuko dituzte aldaketak:
Euskara: Euskara hizkuntza behikularra izatea kendu dute. Orain “gaztelera eta euskara maila berdinean” egongo omen dira, euskal jendartearen %80a ez delako euskaraduna ama hizkuntzaz. Euskara eta gaztelera maila berean egoteak D eredua egoteaz gain A eredua mantenduko dutela esan nahi du.
Euskal Herria: Euskal Herria termino kultural batetik haruntzago irakastea adoktrinamendu nazionalista omen da. Horregatik hori kendu eta erreferentzia guztiak ezabatzea proposatzen dute, bai mapa eta testu-liburu zein ikasleen buruetatik. Euskal Herria kenduta abertzaletasunarekin ere amaituko dutela proposatzen dute.
Bakea: Bakean hezi nahi dute eta horretarako ETAren biktimak eraman nahi dituzte eskoletara. Euskal Herria ukatzeaz gain kontzeptu politiko hori defendatu duten batzuek sorturikoarekin eskarmentua eman nahi dute orain.
Esan bezala erantzunak ugariak izan dira. Luzeena Euskal Herriak Bere Eskolak eskaini du bere webgunean. Errefelxioen artean hauek:
PSE-PPk argi eta garbi dute hizkuntza inposaketa nahi dutela. Eta PSOEk azaldu beharko luke zergatik egiten duten politika hau Hego Euskal Herrian eta kontrakoa Katalunian, Balear Uharteetan edo Galizan.
Patxi Lopezek berak esan zuen Parlamentuaren aurrean: “Yo soy de la tierra de Axular” (Ni Axularren herrikoa naiz). Axular Nafarroan jaio eta Lapurdin hil zen. Bere bizitza osoa lapurteraz egiten pasa zuen. Ziurrena da Patxi Lopezek ez dakiela nor zen Axular, ezta Isabel Celaák ere. Axular ekarri nahi dugu gogora bereziki lurraldetasuna ordezkatzen duelako, eta ez kontzeptu “kultural” eta “linguistiko” bat.
Arazoa ez da Euskal Herria estatu bat ez denez hori ezin dela irakatsi; arazoa gure herriaren historia ezabatu nahi dutela da. Izan ere Nafarroa Euskal Estatu izan zela ezkutatu nahi dute. Nafarroa armen indarrekin konkistatu zutela ezkutatu nahi dute. Noizbait herri, hizkuntza eta kultura izateaz gain Europako estatu izan garela ez dute irakatsi nahi.
Alderdien artean ere izan dira erantzunak. Lehenengoa EAk eman zuen; izan ere eurak izan ziren dekretuen sortzaileak:
(…) euskarak eta gaztelaniak hezkuntzan jasotzen duten tratamendua berdintzeko Celaak plazaratu duen asmoa “sekulako arduragabekeria” da, “biak hizkuntza ofizialak diren arren, errealitateak bien arteko desoreka izugarria dagoela erakusten duelako, euskararen kalterako noski”.
Ezker Abertzaleak ere analisia plazaratu du:
Laster etorriko dira zer ikasi behar den eta zer esateaz gain nola irakatsi behar den eta nork egin behar duen esaten. Ildo horretan kokatzen da euskal gatazka politikoaren biktima batzuek (oso zehatzak) eskoletan sartzeko gogoa: gure herriaren historia aldrebestu, abertzaleak gaiztoak direla eta eurak munduko “hiritar” onak.
Aralarrek orain doktrinatzeko nazionalista hasiko dela aipatu du:
Euskal Herria termino politiko legez ere existitzen dela aditzera ematen dute egunero-egunero PSEk eta PPk, Nafarroan eta EAEn, ez beste inon, ezin baita ulertu PPk lagundutako PSOEren gobernua izatea edo PSOEk lagundutako PPren gobernua izatea
EAJk lasaiago erantzun du:
“Expresiones y comunicaciones como las de ayer están totalmente fuera de lugar. Son un exceso verbal que sólo provocan y transmiten crispación, enfado y reacción en amplios sectores de la sociedad”
Sindikatuen artean ere izan dira erreakzioak. LABek termino gogorretan erantzutea eskatu du:
Bi hizkuntzak “maila berean” jartzeaz gain, Euskal Herria terminoa desitxuratu egin nahi du, Euskal herria gizon eta emakumez osaturiko nazioa dela ezkutatuz, Batxilergoko Historia irakasgaia Espaniako Historia bilakatuko dute, curriculum erabili nahi dute eskolan biktima batzuekiko enpatia lortzeko, Euskal Herrian bortxa egoerak askotarikoak, eta hauek sortaraziko biktimak anitzak (lan istripuak sorturikoak, jendarteak sortutako bazterketa sozialekoak, sexu indarkeriazkoak, genero indarkeriazkoak, gehiegi polizialak eragindakoak, …) diren egoera ezabatuko dute, … Honek guztiak adoktrinamendu nazionalista espainola izena du, eta honen aurrean oldartu beharra dago.
Errepasoarekin amaitzeko ELAk eginiko kritika ere aipatu beharra dago.
Alde batetik, Euskal Herria kontzeptua errealitate ia folkloriko batera murrizteak gure errealitate nazionalarekiko erreferentzia guztiak curriculumetik ezabatzea du helburu. Bestetik, euskarari irakaskuntza-hizkuntza nagusiaren izaera kentzeak eta horren ordez gaztelaniarekiko ustezko (ez benetako) parekatzea ezartzeak, euskara desabantailan uztea dakar, kontuan izanda bere egoera diglosikoa.
Argi ikusten da abertzaleen artean Celaáren hitzek ez dutela harrera batere ona izan. Ikusteke dago oraindik ea erantzun bateraturik ematen den edo guztia hitzetan geratzen den.
Abestiak ere eraldatuko al dituzte?
“gu euskaldunak gara
CAPVkoaaak”
Zelaaren garaia ere pasatuko da eta betiko maixu-maistra serio profesional eta euskaldunen esku geratuko da gure neska-mutilen heziketa
Hala izango ahal da, Arantza! Espero dezagun “zelaa” haizeak irakasle eta maixu-maistren artean gauzak gehiegi ez aldrebestea.
Eskerrak badauden, zuk ondo diozun moduan, maixu-maistra serio, profesional, euskaldun eta euskalzaleak, lehen, orain eta gero ere haur bakoitzari behar duena, behar duen momentuan eta bere neurrian ematen saiatzen direnak. Eta besteok, bakoitzak geure partea ere bete beharko dugu. Euskararen etorkizuna -beste gauza garrantzitsu asko bezala- ez da eskolan soilik jokatzen.