Burujabetza iraultza
Burujabetza iraultza –
Utopiarantz ibili nahi eta distopian ainguratu nahi gaituzte. Eskubide guztiak guztiontzat nahi ditugu eta gutxi batzuen pribilegioak da beraien eskaintza. Aldatzeko aukerak irekitzen dituzten markoak nahi ditugu eta hezurretaraino patriarkalak eta kapitalistak diren Frantzia eta Espainia da inposatzen digutena. Uste dut hiru konstatazio onartu beharko ditugula, eskubide guztiak denontzat izango diren ortzimuga horretara gerturatzen hasteko.
Lehenik eta behin, Espainian eta Frantzian helburu horretara gerturatzea ezinezkoa dela. Ondorioz, eta bigarren konstatazio moduan, euskal errepublika derrigorrezko instrumentua dugula. Eta azkenik, gaur egungo erakundeekin eta berauek kudeatzeko ditugun instrumentuekin, alderdiekin alegia, nahiz eta beharrezkoak izan, euskal errepublika lortzeko gai izango den mugimendu herritarra sortzea ezinezkoa dela.
Lehenengo eta bigarren konstatazioei tiraka, esan, elite independentistatik Madrili eta Parisi egiten zaizkion etengabeko eskarietara mugatzen den estrategia independentista hilda dagoela. Hilda dago euskal errepublikanismoaren gehiengo erabatekoak badakielako hortik ez dela inongo arazo estrukturalen inguruko konponbiderik etorriko. Kale itsutzat dute. Bide irrealtzat. Horregatik, jada badirenak ez ditu aktibatzen eta marko espainiarra indartu eta legitimatzen duenez, ez du independentista berriak sortzeko gaitasunik.
Hirugarren konstatazioaren inguruan, esan, egungo erakundeetara iritsi eta berauek kudeatzeko darabilzkigun instrumentuetatik erakunde horiek gaindituko dituen subjektua sortzea zentzugabea dela. Independentismoaren neurria alderdiak badira, independentismoak behar duen imajinazio politikoa indarrean dagoen legedira moldatuko baita. Horrela, euskal errepublikaren eskaria gero eta «irrealagoa» bilakatuz.
Ikuspegi soilik instituzionalean badago salbatu ezin den kontraesan bat: independentismoak demostratu egin behar du beste inork baino hobeto kudeatzen duela, sinesgarritasuna irabazi eta hauteskundeetan gora egiteko. Baina aldi berean, kudeaketa ona banderatzat hartzeak egungo markoan gauzak konpondu daitezkeen mezua plazaratzera behartzen du. Ondorioz, alderdi independentistak gora egiteko baldintza euskal errepublikaren justifikazioa alde batera uztea da. Kontraesan hau modu eraikitzailean zamalkatzeko prozesu independentista herrikoia da falta dena.
Estrategia independentista eta instituzional/elektorala berdindu izanaren kostua handia dela uste dut. Biak bateragarriak izan behar dira eta onurak ekartzeko bi hankek egon behar dute: instituzionalak eta herritarrak. Gaur egun hanka instituzionala besterik ez dago. Gainera, euskal errepublikaren aldekotasuna zabaltzeko, lehentasuna antolaturiko jendarte errepublikazaleak izan behar duela uste dut.
Independentziaren nahiak gurean bizi duen krisia ebidentea da. Katalunian eta Eskozian ez bezala, gurean, azken urte hauetan euskal errepublikaranzko bide sinesgarririk ez eraikitzeak independentismoaren lokartzea eta ehunekoetan pixkanakako murriztea ekarri du.
Independentismoari iritsi zaio tenorea gorago aipatutako hiru konstatazioak barneratu eta askapenerako bidea beste orube batean hankak jarrita pentsatzeko; aukera leihoa Madrilen egon beharrean, Euskal Herriko jendartean baitago.
Azken urte hauetan, independentismoak asmatu du burujabetzari zentraltasuna eman behar zaiola esaterakoan. Azken finean, burujabetza falta baita dugun arazo nagusia. Ezin baitugu edozein alorretan guk erabakitakoa aurrera atera. Ezin dugu, patriarkatuan, kapitalismoan eta Espainia eta Frantzia barruan bizi garelako, besteak beste. Hala ere, burujabetza eskuratzen hasteko, pedagogia independentista ezinbestekoa izango dugula uste dut.
Pedagogia independentista da, egunerokoan eragiten diguten kezka eta arazoetatik abiatuz, edozein ekintzaren bitartez, euskal errepublikaren beharra plazaratzea. Pedagogia independentistak, ekitea lehenesten duenez, burujabetza faltak lotu dizkigun ezkutuko kateak agerian jartzen laguntzen digu. Horregatik, pedagogia independentista euskal errepublikaren aldekotasuna zabaltzeko ezinbesteko erreminta dela uste dut.
Bide horretatik, Euskal Herriko errepublikanismoak beste urrats bat eman beharko du: burujabetza aldarrikatzetik, hau da, gure burujabetzak lapurtu dizkigutenei burujabetza horiek eman diezazkigutela erregutzetik, praktikan jartzera pasatu behar dugu. Elektrikek, gizonek, kapitalak, Espainiak, Frantziak, erdarek… lapurtu dizkiguten burujabetzak berreskuratzen hasteko ordua iritsi da. Baimenik eskatu gabe, legala izan ala ez izan. Norbanako eta komunitate moduan aske jokatzen hasteko garaia iritsi zaigu. Burujabetza iraultzari hasiera eman behar diogu.
Burujabetza iraultzak talka sortuko du alor diferenteetan, gure burujabetzak berreskuratu nahi ditugunon eta gure burujabetzak lapurtuz pribilegioei eutsi nahi dietenen artean. Talka horrek sortuko duen konfrontazioa, konfrontazio egokia izango da jendartea mobilizatu eta polarizazioa sortzeko.
Hala ere, hasierako bultzada eta gero, burujabetza iraultza hau ezerezean gelditu ez dadin, zentzua ematen dion helburu konkretu eta aglutinatzailea behar du; marko aldaketa posible dela sinetsaraziz burujabetza iraultza gero eta indartsuago egingo duena. Helburu konkretu hori euskal errepublikarena izan daiteke soilik. Edo ba al dago norbait burujabetzak Espainia edo Frantzian eskuratu daitezkeela pentsatzen duenik?
Laburbilduz, pedagogia independentista da burujabetza diferenteak praktikara eramaten hasteko euskal errepublikanismoak duen erreminta. Esparru diferenteetan legitimitatez beteriko konfrontazioa sortuz, polarizazioa leku egokian sortzen lagunduko diguna. Burujabetza iraultza hau da euskal errepublikanismoa indartu eta zabaltzeko dugun aukera bakarra.
Eta zergatik kapitalismoaren aurkakoa?