Mozorrorik gabe

Mozorrorik gabe –

Mozorrorik gabe
Arg: Cliff, Flickr

Bi orri bete dakartza gaur BERRIAk Oscar sariei buruzko informazioarekin. Eta bi orrietan hiru argazki. Lehenengoan Frances McDormand aktorea eta Chloe Zhao zuzendaria, oscar bana eskuetan. McDormandek jantzi beltz diskretu bat darama soinean, eta ilea haize bolada batek orraztu izan balio bezala; makilajerik, apenas. Chloe Zhaok leporainoko soineko beixa dauka, folky ukituko bi trentzatan ilea, eta hau ere makilaje arrastorik gabe doa. Bigarren argazkian adineko emakume bat eta gizon gazte bat; lehena asiar tankerakoa, beltza bigarrena. Gizona da, proportzioan, janzkera formalenarekin ageri dena, amerikana beltza eta zilarrezko katea lepoan. Daniel Kaluuya da bera, eta You-Jung Youn emakumea; taldeko aktore sariak jaso dituzte biek. Hirugarren argazkikoa ere andrazkoa da: Emerald Fennell zuzendaria. Jatorrizko gidoi onenarengatik eman diote oscarra. Makilajeak ez dio estaltzen irribarre naturala. Pandemiari zor zaio aurtengo Oscar sarien ekitaldian zine-jendea parafernaliarik gabe azaltzea, normal, mozorroen lehia alboratuta. Auskalo zer gertatuko den hurrengo urteetan, COVIDa urrundu ahala; baina 2021eko Oscar sarien festak mugarri bat jarri du dagoeneko: umiltasunak irabazi dio harrokeriari.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko apirilaren 27koa]

Mozorrorik gabe