Bulegoko Historialari Hauek (Urmenetaren Biografiaz, Bigarren Aldiz)
Bulegoko Historialari Hauek (Urmenetaren Biografiaz, Bigarren Aldiz)
I
Josu Chuecaren Gurs. El campo vasco liburuko 236. orrialdean Antonio Puncel Menan, sortzez Caparrosokoa, ageri da zelai hartan izan zirenen zerrenda luzean. Bigarren deitura gaizki dago: ez da Menan, Menaut baizik. Eta hori badakit, Antonio Puncel gure aitatxiren anaia zelako, gure osaba zaharra alegia.
Familiako tradizioak dio –igandeetako bazkarian aitatxik kontatzen ohi zituen istorioen bidez, zahartu ahala gero eta maizago kontatu ere– Antonio komunista zela, militantea erran nahi baita, eta Espainiako Gerra Zibila hastearekin batera alde egin zuela, Joaquina bikotekideak lagunduta, Madrilera, Valentziara, Frantziara gero. Txikitatik, familiako mutiko azkarrena izan omen zen: liburuak eramaten zituen ardiak zaintzera igortzen zutela ere –“pentsa ezazu lan egiteko zeinen gogo guti izanen zuen”, izaten zen gure aitatxiren komentarioa puntu horretan: lan intelektuala mespretxatzeko manera bat da–. Frantzian, kontzentrazio esparru batean izan zen – eta puntu horretan, familian ahoz transmititu memoriak eta historiak bat egiten dute Chuecaren liburuari esker–; tren batean Reich aldera zeramatzatela –Mauthausenera?–, salto egin zuten bagoitik Antoniok eta Joaquinak –haurra nintzela, zati horrek kitzikatzen zuen gehien nire irudimena–. Gerra ondotik badakit aitatxi kartzelara joan zitzaiola osaba Antoniori bisitan, Gipuzkoan, eta torturatua izan zela, baina parte hau gutitan azaltzen zen bazkalondoko kontakizunetan.
Osaba Antonio eta izeba Joaquina Bordelen bizi izan ziren hil artio, baina, 70eko hamarkadan, tarteka etortzen ziren gure aitatxi-amatxiak ikustera –osaba Antonio gustuko nuen; izeba Joaquina serioegia iduritzen zitzaidan, zorrotzegia, eta beldur pixka bat ematen zidan–. Ikusi nituen hondar aldian, nire gurasoen etxean bazkaldu zuten; zer idazle gustatzen zitzaizkidan galdegin zidan Antoniok; kasik lotsatua, aitortu zidan berak Baudelaire gustuko zuela; eta, gaztelania frantsestuan, aholkatu zidan nire liburuak ongi hautatzeko –no hay que leer no importa qué–; aleman pixka bat ere bazekien, erran zidan, arrunt guti, schnell, schnell arbeiten!: ez zuen preseski akademia batean ikasi, ezta Wehrmachteko ofizialekin lasai erausian ere. Betiko izanen dut damu azken aldi hartan kasu handirik egin ez izana, baina orduan nerabe harro ergela nintzen.
II
Aitatxi, Juan Puncel, ez zen militantea. Ezkertiartzat jo zuen bere burua, eta Bigarren Errepublikan UGTn afiliatu zen; oker ez banabil, sindikatuak gorakada handia izan zuen 1932an, eta segur aski urte hartan sartu zen gure aitatxi. Klase kontzientzia bazuen, baina “gu pobreak gara; haiek, dirudunak” izan zen elkarrekin pasatu genituen urte guzietan aditu nion teorizazio landuena. Ez zen analfabetoa; bai, ordea, eskolatu gabea. Sukaldeko mahaian oroitzen dut, egunkariko lerro-buruak ezpainak mugituz eta poliki irakurtzen.
Espainiako Gerra hasi zelarik, Antonio ez bezala, herrian gelditu zen gure aitatxi, betiere ez zela armadara boluntario joanen erabakita: deitzen ziotenean obedituko zuen, ez lehenago. Erabaki hura zela eta –eta zati honek ere pizten zuen nire imajinazioa umea nintzelarik–, noizbait ihes egin behar izan zien herriko karlisten tiroei mendian barna.
Hondarrekoz, ejertzitora joateko deialdia ailegatu zitzaion: oin lauak zirela eta, Iruñean gelditu zen, eta gerraren zati handi bat Luis del Campo mediku –eta historialari– zenaren laguntzaile egin zuen. Trebetasuna erakutsi omen zuen zeregin hartan gure aitatxik, eta, gerra ondotik, medikuak armadan segitzera animatu zuen, berak lagundu ziola aginduta. Ezetz, gure aitatxik; giro militarra ez omen zuen gustuko. Handik gutira, Caparrosotik Iruñera aldatu zen gure amatxirekin.
III
Gaurgero irakurleak eskubide osoz bere buruari galdegin izanen dio zer dela eta ari naizen hori guzia kontatzen. Roldan Jimenok idatzitako Migel Jabier Urmenetaren biografiaren kariaz, elkarrizketa egin zioten Asisko Urmenetari Euskadi Irratian, Amarauna saioan. Bertan, Argia aldizkarian nik idatzitako kritika labur baten zati bat –hondar lerroak, hain zuzen ere– irakurri zioten Asiskori, eta haren iritzia eskatu. Asisko ez zegoen nirekin ados –normala den bezala–, baina bere arrazoiak aletzen hasi orduko, komunikazioa moztu egin zen. Eta, orduan, kazetariak, nire kritika “konpentsatzeko”, Kodo Mitxelenaren esaldi hau ekarri zuen gogora [14’06”]: “Bulegoko historialari hauek aztertzen dituzte hautuak, hotzean hartuak izan balira bezala eta koakziorik batere gabe, eta behar beste aizinaz aldeko eta kontrako zioen ikusteko”.
Nik ez dakit zer diren bulegoko historialariak –baina ulertzen dut zertara heldu den esaldia–. Alta bada, nire berrogeita hiru urterekin, erraten ahal dut bizi osoan ez dudala sekulan bulegorik izan –hiru hilabetez bertze baten bulegoa okupatu nuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan; ez nuen inoiz nire sentitu–; memoria historikoa, berriz, badut, eta hari esker badakit beroan hartuta ere eta aldeko eta kontrako zioen ikusteko behar beste aizina ez izanda ere, hautuak hautu direla; memoria historikoari esker, badakit hautu guziek ez dituztela ondorio berdinak, eta, inor epaitu gabe, hautu batzuk nahiago ditudala, bertze batzuk baino. Erbestera joandakoek ez zuten eskuzabal eta herrikoi jokatzeko aukerarik izan.
IV
Gogaikarria ez ezik, bitxia ere bada Mitxelenaren aipu hori mahai gainean paratu izana, nire zutabean ez bainuen Espainiako Gerra Zibilean harturiko erabakirik aipatzen. Liburuan ikusten nituen –ikusten ditudan– bertzelako gabeziei egiten nien nik erreferentzia. Nire kritika, nolanahi ere, ez zen pertsonala –ez du zertan, oro har; eta ez zuen zertan honetakoan ere: bai Roldanen bai Asiskoren lana preziatzen dut–: liburuak zergatik ez ninduen ase azaltzen saiatu nintzen. Bulegoko historialaren nire motzean, ulertzen dut Asiskok aitarekin bakeak egin nahi zituela; Roldanen liburu honekin, nonbait, lortu du bere helburua. Bertze galdera bat da hori ote zen biderik egokiena, eta Asiskoren beharrak asetzen dituenak asetzen ote duen historia irakurlea, nik ez baitut Asisko Urmenetaren aitaren biografia irakurri –ez nuen hori irakurri nahi–, pertsonaia politiko baten biografia baizik –eta, horretan, eskas iduritu zait–. Bereizketa ez zait munta gutikoa iduritzen, uste baitut balio duela euskarazko bertsioari eman zaion tratamendua argitzeko, Asiskok egin duen bertsio horren gehiegizko patrimonializazioa azaltzeko.
Pena izan zen, nolanahi ere, komunikazioak huts egin izana Asisko bere argudioak ematen hasia zelarik, ziur bainago ez zuela esaldi arranditsurik ekarriko bere ikuspuntua defendatzeko. Horrela, bederen, badugu aitzakia –berak irratian erran bezala–, Iruñean elkartzen garen hurrengoan, zerbait hartzeko eta solasean aritzeko. Ez nahitaez bakarrik honetaz.
Bulegoko Historialari Hauek (Urmenetaren Biografiaz, Bigarren Aldiz)
Pozten naiz historialari batek “memoria historiko” zorionekoa aipatzea.
Aukera baliatu nahi nuke hemen galdetzeko, barkatu atrebentzia, zer den memoria historiko delako hori.
Badakit zer den historia, uste dut. Badakit zer den memoria, neurologo batek azalduko lukeen gisan. Memoria historikoa, ordea, ez dakit zehazki zer izan ltekeen.
Gainera, iruditzen zait ahal duen aldioro kontzeptua erabiltzen duen jende gehiena ere, ez litzatekeela gai izanen galdera horri zuzen erantzuteko.
Francisco Espinosa espainiar historialariaren arabera, zeinak ikerketa asko egin dituen frankismoak hildakoen inguruan, dio “memoria historiko” kontzeptua oximoron bat dela, historiak berak memoria dakarrelako.
Nik ez dut hainbeste bilatu. Wikipedian begiratu, eta ez dut ia deus ulertu…