Euskararen zoru komuna

Euskararen zoru komuna

Euskararen zoru komuna

.

“Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komunaren oinarriei” dagokien txostena aurkeztu zuten atzo Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Iñaki Martínez de Luna soziolinguistak, “Euskara 21” batzordeko zuzendariak.

Bost ei dira euskararen inguruko diskurtso nagusiak: errespetuarena, pragmatikoa, sustatzailea, aldarrikatzailea eta mesfidatia.

Bost diskurtso hauek kontutan hartuta, 33 baieztapen prestatu dituzte, eta hauen onarpen maila neurtze aldera biztanlegoari galderak egin; “diskurtsoetatik harago jota, gizartearen gehiengo zabal batek aldi berean partekatzen dituen ideia nagusiak” zeintzuk diren ezagutzeko..

.

.

Gutxienez EAEko gizartearen bi herenak ontzat ematen dituen baieztapen edo ideiak (onarpen mailaren arabera sailkatuak)

  1. Haurrek ingelesa jakitearen garrantzia (Guztiz gehi nahikoa ados, %96).
  2. Haurrek gaztelania jakitearen garrantzia (%95).
  3. Haurrek euskara jakitearen garrantzia (%93).
  4. Bakoitzak du eskubidea zein hizkuntza nahiago duen aukeratzeko, besteen aukera ere errespetatuz (%93).
  5. Euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatu behar da (%93).
  6. Saltoki, enpresa eta administrazioan bezeroen nahia errespetatu beharko litzateke euskaraz zein gaztelaniaz artatuak izateko (%90).
  7. Euskaraz ez dakitenek ere euskararen normalizazio babestu beharko lukete (%87).
  8. Euskaldunek nahi duten lekuetan euskara erabiltzeko aukera izatea (%87).
  9. Guztion hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen akordio bat lortzea garrantzitsua da (%86).
  10. Gaur egun, euskaraz jakiteak aukera gehiago ematen dizkio pertsona bati (%86).
  11. Guztiok, euskaraz ez dakitenek ere, harro sentitu beharko genuke hemen, eta ez beste inon, euskara dugulako (%84).
  12. Garrantzitsua lizateke Euskadiko biztanle gehienek euskara ikastea (%83).
  13. Euskaldunek ulertu behar dute pertsona askok ezin dutela euskara ikasi (%80).
  14. Euskara jakiteak laguntzen du hemengo gizartean eta kulturan integratuago egoten (%79).
  15. Euskara gero eta beharrezkoa da lana eskuratzeko (%76).
  16. Ahaleginak egin behar dira euskara eta gaztelania maila berean egon daitezen, ez bata bestearen gainetik (%75).
  17. Ezinbestekoa da euskararen sustapenean diru publikoa gastatzea (%75).
  18. Erdaldunek, euskaraz ez ulertu arren, onartu behar dute euskaldunek beraien artean euskaraz egitea (%71).
  19. Zenbait lanpostutarako euskara jakitea exijitu beharko litzateke ((%71).
  20. Euskararekiko interesa dut (%69).
  21. Etorkizunean euskararen erabilerarekin ados nago ((%68)

* Galdetegiak zituen 33 baieztapenetatik onarpen nahikorik lortu ez duten 12 esaldiek zer dioten ere jakin gura genuke, argigarria izan daitekeelakoan…

.

.

Baztarrikak adierazi zuenez, Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren konbikzioa ei da “euskara biziberritzeko prozesuan eraginkorrak izateko bi zutabe direla ezinbestekoak: bata, herritarren atxikimendua (gogoa, nahia), eta, bestea, adostasun sozial eta politiko zabala”.

Bigarren zutabe horri dagokionez, eta aurkeztutako txostenaren arabera, “badago diskurtso partekaturako zoru komun bat, non sentsibilitate ezberdinetako hainbat herritarrek, elkarrekiko errespetutik abiatuz, euskararen aldeko jarrera eta babesa argiro adierazten duten. Herritarren gehiengo oso zabal batek bere egiten ditu elkarren arteko errespetua, euskararen balio pragmatikoa eta euskararen aldeko sustapena”.

.

Eta hemendik aurrera zer?

“Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik zoru komun hori sendotzearen premia ikusi dugu. Kontua ez da, jakina, eta hau garbi geratu behar da, inoren diskurtsoa, inoren ikusmoldea ezabatzea. Hurkoaren hizkuntza hautua eta eskubidea errespetatzen duen edozein diskurtso da zilegi eta onargarria. Bizikidetzaren exijentzia da hori. Baina bizikidetzak eskatzen du oinarriak partekatzea ere, baita hizkuntza kontuetan ere”.

.

Irakurri “Euskararen gaineko diskurtso partekaturako zoru komuna” Baztarrikaren blogean.

.

* Patxi Baztarrika eta Iñaki Martínez de Luna gaurko agerraldian, Irekia bidez.

Euskararen zoru komuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Euskararen zoru komuna”-ri buruz

  • Badakigu errealitatea kasualitatez beteta dagoela eta oraingo prentsaurreko honetakoa kaleratzea ere kasualitate hutsa besterik ez dela.
    Inork ez du zalantzarik.
    Baina maltzurragoak izango bagina, lasai-lasai has gintezke pentsatzen Euskaltzaindiak euskalgintzaren lidergoaz hausnartzeko antolatu duen jardunaldia baino astebete lehenago agertzea jardunaldia bera bideratzeko ahalegin diskreto bat izan litekeela.
    Euskalgintzaren lidergo instituzionala dagokion erakundea eta ez arduradun politikoak ez baitira, izan ere, jardunaldietan azalduko. Ez behintzat mozorrorik gabe.
    Baina urrundik bada ere, dagoeneko makets geratu den hausnarketa hori muga errealista, pragmatiko eta fraternalenen barruan garatzeko aportazioa egin du Jaurlaritzak atzoko prentsaurrekoarekin: gizarteak nahi omen duen “zoru (etiko?) komuna” zein den adieraziz, eta inplizituki, aspalditik indarrean dugun Hizkuntza Politikoaren lerro nagusiak gogoratuz: hizkuntza hegemoniko eta menpekoaren arteko simetriarena eta errespetuarena, euskarari inondik ere kalterik ez dakarkion hezkuntza trilinguearen printzipioa (a, Celaa, Celaa!), euskararen normalizazioa RAEk berak ere babestu beharko lukeelako xedea, “zenbait lanpostutarako” euskara jakitea exijitu beharko litzatekeelako ametsa, etab.
    Diskurtso partekatua izan beharko litzatekeenaren oinarriak omen.
    Hori dena pentsa genezakeela diot, ez pentsatzen dugula.
    Oraindik ez baikara hain maltzur.

    • Aurrekoa irakurrita ondorengoa datorkit burura: “ezin eramana”, “setakeria”, “herri erakundeak etsai” EAJk lideratua badira noski. Eusko Jaurlaritza legealdi osoa darama “diskurtsoaren”eta “zoru komunaren” gaia lantzen. Ez da aurreko asteko kontua. Euskararen Aholku Batzordearen parte hartze zabalarekin gainera. Mesedez, utzi pakean euskara, eta bide batez, euskara biziberritzeko lanetan dabiltzanak.

      • Bazoaztela? Ala joanak zaretela diozu?
        Besteok, aldiz, bagatoz eta hemen egon nahi genuke gero ere, gure hizkuntzarekin zer egin nahi duzuen aztertzen, baloratzen, kritikatzen eta egokia iruditzen zaigunean, proposamenak egiten.
        Eta inondik ere ez gaude hemen, bistan da, zurea bezalako zentsuren aurrean burua makurtzeko eta are gutxiago inori bakerik emateko.
        Zeren eta gurea ere bada euskara, ezta? Ala hori ere patrimonializatu nahi duzue?
        Eta euskara biziberri…zer ari zaretela diozu? Hainbeste zoru komun eta diskurtso eta oraindik ez duzue ikasi ETB1 ziztrin bat ere antolatzen. Gaur bertan afalondoan telebista ikusten jarri da gure aitona eta hara non jarri diozuen Basque Team bat erdara hutsean azpiko errotuluekin. Aitonak ez ikusi, ez irakurri ez du egiten, baina entzun bai. Hantxe utzi dut erdera ikastaroa egiten. Zuen zoruk, komunak eta diskurtsoak tarteko.

  • ARGIAk dioenez, “Euskararen aurrekontuen bilakaera positibotzat jo du Baztarrikak, Jaurlaritzarena %1,9 jaitsi arren”.
    Alegia, Jaurlaritza zoru komuna sustatzen.

  • Aka Baramos 2016-03-01 23:30

    Baztarrikak zer ez du ba positibotzat jotzen?