Buf! paso

Buf! paso –

Amaia Ugalde kazetariak, axolagabekeriari buruz, Anboto agerkarian.

Desordenatuta daukagu etxea, aztoratuta mundua; Trumpek misil ederrak ditu Siriara jaurtitzeko,  politikariak ez dira lotsatzen curriculumean gezurrak esanda, astelehenero jubilatuak pentsio duinak eskatzen dabiltza, eta gazte batzuk hileak daroatzate kartzelan beste edozein lekutan borroka sinple bat izango zen iskanbila baten erruz.

Mobilizatzeko arrazoi piloa daukagu, baina, ez dakit zuei gertatuko zaizuen, niri egoera honek anestesiatu egiten nau batzuetan. Normala izango da; gure enpatiak badauzka mugak,  zailagoa ei da zuzenean ukitzen ez gaituzten gaien alde edo kontra mugitzea.

Ederra litzateke enpatia garatuago izango bagenu guztiok, herritar xumeongatik hasi, eta politikarietaraino. Orduan, ez 155ik, ez gerrarik, ez kartzela zigor injusturik, ez sexu erasorik… Eta horrelakoren bat dagoen bakoitzean, elkartasuna eta egurra iritzi publikotik! Eta ondorioak egon daitezela, mesedez, egon daitezela dimisioak, isunak, zigorrak.

Buf! pasoBaina bai, nik paso egiten dut batzuetan; injustiziek ez naute beti asaldatzen. Pentsatzen hasita, uneoro enpatiko ez izate hori defentsa mekanismoa ere bada; ezingo genuke hainbeste min jasan, beti munduarekin haserre. Baina, paso egiteko inertzia horretan ez jausten saiatu behar gara; ingurura begiratu eta gure zilborretik kanpo gertatzen dena entzuteko, ulertzen saiatzeko, geldi ez egoteko.

.

PD: Maiz entzuten dut belaunaldi gazteak mugitzea zaila dela, eta ezin dugu hori pentsatu: belaunaldi guztietan daude paso egiten dutenak eta mugitzen direnak. Entzun gazteei; euren irriketatik egingo dituzte euren borrokak. Edozein adin da ona aldaketetan sinesteko.

Buf! paso

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Buf! paso”-ri buruz

  • Ez dugu denborarik enpatikoak izateko. Etxera iristerakoan deskantsatu nahi dugu, baita burua ere. Gizarte globalizatuan munduaren beste puntako arazo eta erabakien eragina jasaten dugu, eta ondorioz hauen berriak ere datozkigu, ingurukoez gain. Alegia, inoiz baina informazio kantitate gehiago jasotzen dugu, kaka mordoa dator frente guztitatik, eta hura barneratu eta erantzun konprometitu bat emateak talka egiten du gure egunerokoak exigitzen duen esfortzu fisiko nahiz mentalarekin. Gizarte lokartua aipatu ohi da bidegabekerien aurrean erreakziorik ez dagoenean, erru osoa hura osatzen dugun pertsonengan utzita. Nik gizarte nekatua deituko nioke hobeto, gizarte kalkulatuki nekatu, inpasibo, eta maneiagarria.