Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek

Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek –

“Quis custodiet ipsos custodes?”; hots, nork zelatatzen ditu zelatariak? Apaiza da eliztarren jagole, eta apaizek kristorenak eta bi egin dituzte inork ez zizkielako kontuak eskatzen; zenbait diruzainek laidotu ote duten beren karguaren izena dirua ez zainduta, ez zeukatelako inor begira; eta poliziarekin zer? Nork zelatatzen ditu poliziak (kalean bederen), ongizate orokorraren zaindari gisa “autoizendatu” direnak? Ba, hein handi batean, kazetariek; Borok eta Mikelek kasu.

Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek
PHOTO: Mstyslav Chernov

Polizia gu babesteko dagoela pentsatuz gero, Euskal Herriak Europa osoko bigarren tokirik seguruena izan behar luke: 7 polizia 1000 biztanleko. Geroz eta polizia gehiago inguruan izateak ez du patxada handirik sortzen, are gutxiago polizia horiek ezin badira grabatu. Poliziaren inpunitatea beti izan da handia, inor gutxi da atzo goizekoa, baina kontua da eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenetan jasaten ari garen atzerapausoak geroz eta handiagoak direla; boteretsuen eta euren mertzenarioen mesedetan, beti ere. Tartean, informatzeko eskubidea.

Altsasukoen auzia hainbeste katramilatzearen arrazoietako bat parranda testuingurua da, eta ondorioz, kazetari falta. Nork informatu behar zaitu orain grabatuta ez dagoen egoera baten inguruan? EITB-k?

TV3-k dezente hobeto kontatu du Altsasuko auzia, Igor Goikolea kazetariak nabarmendu duen bezala. Alde handia baitago “zauritutako guardia zibilak” esatetik “ustez eraso bat jasan zuten guardia zibilak” esatera; are handiagoa “iskanbila” bezala definitu eta liskarra hasi zutenak guardia zibilak izan zirela ez badugu baztertzen.

Boro Madrilen atxilotu zuten 2014ean manifestazio bat grabatzen ari zela, “polizia erasotzeagatik”; Nafarroako Gobernuak berak ere babesa helarazi dio. Mikel, ordea, Gasteizen atxilotu zuten iaz kazetari lanak egiten ari zen bitartean, Errekaleorreko auzoan Ertzaintza jendea indarrez ateratzen ari zela; kasu honetan Jaurlaritza bera da Mozal Legea aplikatzen diona.

Zeren eta Gasteizko Legebiltzarrak Mozal Legea ezarriko ez duela agindu arren, 2016tik hona 8000 aldiz aplikatu du.

Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta MikelekMikelen kasuan, lehen aldia da kazetari euskaldun bati Mozal Legea ezartzen zaiona (Axier Lopezi azkenean isuna kendu zitzaiolako), Jaurlaritzak deliberatu baitu azkenean multa jartzea. Hala Bedi hedabideak iragarri du prozesu judiziala amaieraraino eramango duela, eta Eusko Jaurlaritza salatuko duela epaitegian.

Ertzaintzak honakoa dio Errekaleorren gertatutakoaz: “Mikel Saenz de Buruagak, segurtasun perimetrotik kanporatu behar genuenean, zinta poliziala hautsi eta indar handiz egin zuen bultza beste aldean zegoen ertzain ilararen aurka, beste manifestari batzuekin batera, ertzainen nahiz bere osotasuna arriskuan jarriz”. Mikelek goiz osoa informatzen pasa zuen, Hala Bediko sare sozialak elikatuz eta irrati konexioak eginez.

Eskerrak eman behar dizkiegu Axier Lopez, Lander Arbelaitz, Boro eta Mikel bezalako kazetariei polizia grabatzeagatik, zeren eta polizia grabatu behar da. Badakit zer diodan: haiek bezalakoengatik ez balitz, orain agian, hiru urteko espetxe zigor baten aurrean izango nintzateke. Ertzain batzuek zioten polizia bat jipoitu nuela, baina, kazetari bati esker,  bideo batean agertzen zen polizia nola erori zen eskailera batzuetatik. Eskerrak.

Boro egun hauetan epaitu behar zuten, baina polizia bat epaiketara agertu ez denez, prozesu judizial osoa urrira atzeratu da: sei urteko espetxe zigorra eskatzen diote. Geroz eta zailagoa da kalera ateratzea; geroz eta zailagoa kalean gertatzen ari dena kontatzea. Iruditzen bazaizu honek ez daukala zurekin zerikusirik, egunen batean karteltxo bat eskuan daukazula protestaren batean parte hartuko duzu lanpostutik bota nahi zaituztelako; edo Madrilen osatuko den hurrengo gobernuak Gernikako Estatutua eraitsiko duelako; edo osasun sistema pribatizatuko dutelako; edo oraintxe burutik pasatzen ez zaizkizun hamaika arrazoiengatik…

Egun hori iristen bada, komeniko zaizu Boro edota Mikel bezalako norbait izatea inguruan.

#BoroLibre

#MozalikGabe

Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek
Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek
boro, Errekaleor, errepresioa, Ertzaintza, grabatu polizia, Hala bedi, informazio eskubidea, Jaurlaritza, kazetaritza, Mikel, mikel saenz de buruaga, Mozal Legea, nork zelatatzen ditu zelatariak?, polizia, Quis custodiet ipsos custodes?, Quis custodiet ipsos custodes? Borok eta Mikelek
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude