Bost urte eta egun bat

Bost urte eta egun bat

Kazetarigaia nintzen, ZuZeuk pertsiana erdi zabalik zuen artean, 2009 urrun hartan. Leioako Gizarte eta Komunikazio zientzien kanpusean aurkeztu ziguten katxarroa Hasier Etxeberria, Mikel Lasa eta enparauek, oraindik errepublika aldarrikatu gabe zela. Ez nintzen han izan ordea, ez dakit zertan nenbilen orduan, baina, huts egin nuen aurkezpen hartara.

Hala ere, segituan egin nion kosk ZuZeuko beitari. Xamurra baitzen eta baita, orduan eta orain, ZuZeuk kazetari gazte eta goseti bati eskaintzen diona. Lanak argitaratu eta bere burua ezagutzera ematea, eta bide batez, saretik eta sareko euskaldunentzat egindako proiektu hau narrastuz, zarata eginaz bultzatzea. Hobby eta bizio izatetik, lanpostu ere izatera pasa zena niretzat. Dena esker on zuretzat, ZuZeu.

Eskema berri baten gainean sortutako proiektua da ZuZeu. Erredakzioa gure ordenagailuan, edo mugikorrean daramagu bertako kazetariok. 3 pertsonak osatu dugu beti erredakzioa, 10bat pertsonak lantalde osoa eta noski tribuak gure unibertsoa. Ezin ahantzi bertatik, pasaran edo geratzeko, igarotako izen abizen guztiak, bertan parte hartu dutenak, izan idazteko, irakurtzeko, astintzeko ala denererako. Askatasun eta independentzia osoz jokatzen dugu ZuZeun. Hemen ez dakigu zer aurkituko dugun hurrengo goizean, eguerdian, arratseko 18:43an edo gauerdian, horregatik deitzen diogu orainkari. Nowspaper. Hemen ez dago aldez aurreko moderaziorik, publikatu ostean berrikusi eta zuzentzen ditugu albiste eta artikuluak. Eta oso gustura gaude hala egiteaz.

Aldaketa da konstante bakarra. Aldaketa da errepikakorra den bakarra ZuZeun. Hamaika aldiz aldatu diogu aurpegia katxarroari. Eta hurrengo egunean beti hasi gara berriz hurrengo balizko aurpegian pentsatzen. Gainera, hastapenetatik izan ditugu finantzabide geure beste proiektuak: Sukaldean.com, Eskerrikasko AndereƱo eta abar luze bat. Ez dugu flotatzen eta igeri egin behar dugu, etengabe mugitu bizitzeko.

ZuZeun ez da papera inoiz desagertu, agertu baino. Bi aldiz. Lehenengoz 2010ean aldizkari mardul batekin, eta bigarren aldiz, Alain Urrutia eta zuzeulariek elkarlanean egindako poster batekin 2012an. Paperean, sarean, paperezko kontzertuetan eta bultzatzen ditugun ekimen guztietan kazetaritzaren aldeko hautua egin dugu eta egiten segiko aurrerantzean. Hori baita gure apustua, gure arrazoia eta helburua. Nola eztabaida sortuz eguneroko jardunean, hala arnasa luzeko kazetaritzarentzat plaza berriak sortuz.

Bost urte eta egun bat zabalik: 9.529 lan argitaratu, 22.101 iruzkin eta zenbakitan neurtu ezin den beste hori. Pertsianak zabalik jarraituko du, zu zeu hor zauden bitartean.

Bost urte eta egun bat

Gu Geu

Ekaitza bainuontzi batean