Unibertsitate ikasketak bost fasetan

Ongi bidean, ibilbide unibertsitarioa (oraingoz) amaitzen ari naizen honetan, ezin izan diot unibertsitatea hizpide duten lerro batzuk idazteko tentazioari eutsi. Datorren urtean zein bide hartuko duten erabaki ezinik izango dira makina bat nerabe. Horiek izutu edo argitzeko, hona unibertsitatearen deskribapena, lau urtez etxetik kanpo eta letretako gradu batean murgilduta aritu den ikasle baten begiradatik:

  • Unibertsitatera joan behar duzu, zertara ez badakizu ere. Adin nagusitasuna estreinatu berritan, ordura arteko bide akademikoari gehiegizko zailtasunik gabe aurre egin badiozu bederen, inork ez dizu unibertsitatera joan nahi duzun galdetu, eta ziur asko, gainontzeko aukerak ez zaizkizu burutik igaro ere egin. Zorioneko gutxi batzuek zinez maite duten esparru akademikoa hautatzeko aukera izan dute; beste batzuek guraso eta abarren presioei egin diete men; eta gehiengo zabal batek  nolabaiteko interesa pizten dion izen ez horren itxusiko gradua hautatu du, zer den eta nora eramango duen ez badaki ere. Gurasoen poltsikoak baimentzen badu, beste hiri batera joateak dirudi aukera erakargarriena, zenbaiten hautaketa baldintzatzeraino.
  • Kontrola eta deskontrola. Lehenengo kurtsoa erabat baldintzatu du kanpoan edo etxean ikasteak. Kanpokoek deskontrolaren bitartez ikasi dute euren burua kontrolatzen, oraindik ikasgai ezin orokorragoek jantzitako ikasgelak sozializatzeko eremu bihurtu diren bitartean. Tentagarria da: lagun berriak eta astean zehar nahi beste parranda egiteko aukera, etxerakoan inori azalpenik eman behar izan gabe. Baina ez da ahaztu behar ikasketak direla gurasoen begietan parranda horiek zilegi egiten dituztenak. Susto pare batekin hartuko diote neurria oreka horri, gehientsuenek behintzat. Etxean jarraitzen dutenek aldiz, amorruz ikusi dute nola euren klasekideek nahi beste parranda egiten dituzten bitartean, etxean aurpegi txarra jartzen dieten. Trukean, ez dute oraindik praktika kulinarioa landu beharrik izan.
  • Bigarren urtean jada apur bat baretu da lehenengoaren deskontrola, eta ez da nahikoa ostegunek ematen dutena ikaslearen bizitzari zentzua emateko. Bigarren urteak ez dakartza lehenengoak baino ikasgai interesarriagoak, ikasleen itxaropena hori bazen ere. Asko dira gradua hautatzean erratu egin zirela pentsatzen hasi direnak. Gutxi batzuk utzi egingo dute, baina gehiengoak hala-moduz jarraituko du, ilusioa eta indarra beste norabait bideratuz: militantziara, beste ikasle batzuekin batera garatutako proiektuetara…
  • Tramiteekin bizkor xamar arituta bekaren bat jaso baduzu edota gurasoen poltsikoaren baiezkoaren jabe bazara, Erasmus edo Seneca esperientzia bizitzeko aukera duzu hirugarren edo laugarren ikasturtean. Gehientsuenek harreman estuagoa egin dute bertara kanpotik datozen ikasleekin, bertakoekin baino, eta deskontrolak indarra hartu du beste behin, ordura arte gurasoekin bizitzen ari ziren horientzat batez ere. Kanpora joan ez direnek erdi damututa eta klase hutsagoekin egingo dute aurrera, unibertsitateik kanpoko proiektu eta harremanak gero eta gehiago garatuz, unibertsitateak ezer gutxi eman diela ohartuta.
  • Aste gutxi falta dira ikasleen azken lau/bost/sei urteak justifikatu dituen gradua amaitzeko. Azken ikasturtean ere ikasgaiek ez dute hobera egin. Lagun on asko ezagutu, sukaldatzen ikasi, parranda ahaztezinak bota eta unibertsitatetik kanpo zenbait proiektu garatu dituzu, baina unibertsitatean bertan ez duzu gehiegi ikasi, ohorezko aipamena merezi duten bizpahiru irakasle bikainek irakatsitakoa salbu. Ingurukoak hasi dira zein master ikasteko asmoa duzun galdetzen. Zorioneko gutxi batzuek zinez maite duten esparru akademikoa hautatzeko aukera izango dute; beste batzuek guraso eta abarren presioei egingo diete men; eta gehiengo zabal batek nolabaiteko interesa pizten dion izen ez horren itxusiko masterra hautatuko du, zer den eta nora eramango duen ez badaki ere.

NIRE KONTRA ESANAK