Borja Mani eta misterioaren naziak

Borja Mani eta misterioaren naziak –

Gorka Bereziartuak Argia aldizkariko Boligrafo Gorria blogean.

Borja Mani eta misterioaren naziak
Amnistiaren aurkako manifestazioak Madrilgo PSOEren egoitzaren inguruan.

Udazken honetako plan gehienak manifestazioak izango direla idatzi nuen, baina joder, ez nintzen horrelako manifestazioez ari. Badaezpada argitzea hobe. Izan ere, a ze folloia Puigdemontek Sanchezi Espainiako Gobernua osatzeko PIN zenbakia txibatu dionetik: Madrilgo gauetan hit frankista guztiak hasi dira entzuten berriz, baina Cayetano Meloso ez dago hunkituta horiek abestu dituelako, negar-gasa sartu zaio begian, besterik ez; eta Borja Manik ikasi du poliziak jo egiten duela Espainia putadefendatzen bakarrik ari bazara ere; eta Carmenek berriz, orain badaki atxilotzen zaituztenean txukelak ez dizula uzten fulatik korrika alde egiten, nahiz eta zuk esplikatu etxera joan behar duzula seme-alabekin egotera. O sea, traumatxoren geratuko da esperientzia superfuerte horien ondoren.

Inportantea izan da –kopuru aldetik, esan nahi dut– azken egunetako mobilizazio friki-fatxak erakutsi digun munstroen galeria. Horietako batzuk meseta iberiarreko espezie autoktonoak dira; besteren bat berriz, 2020az geroztik edonon ugaritu den konspirafaunaren parte: Ferraz kalean dagoen manifestari batengana hurbildu da telebista-kate ultraeskuindarra, eskatu dio esplikatzeko zer esan nahi duen eskuetan daukan kartelak –“Espainia esnatu. Plandemia. Iruzur klimatikoa. Amnistia. Kontrola!!!”–, eta minutu erdiko paranoia-salda hau erregistratu du bideo-kamerak: “Gizon honek [Perroxanxek, alegia] kaka ederki nahastu du boterera iritsi denetik, diktadore bat da. Plandemiarekin hasi zen, etxean giltzapetu gintuen, hori egitea konstituzionala ez zen arren; denak txertatu gaitu eta jende pila bat hil da, eta jendeak gaixotzen jarraitzen du, eta txertatzen jarraitzen dute; iruzur klimatikoa ere beraien interesen arabera erabiltzen dute, hori ere herritarrak kontrolatzeko; eta orain amnistia tokatzen zaigu, erabateko diktadura. Eta herritarren kontrola elite masonikoen aldetik. Horietako bat erregea da, horregatik ez da arazotan sartzen”.

Txapelalbal perfil horretako jendea da ultraeskuin espainiarraren azaroko udaberri honek utzi duen berrikuntza nagusia, argi geratu delako beste geruza bat erantsi zaiola ohiko frankismo soziologikoari, bere pijo, falangista eta otoizlari mariano guztiez gain. Baten batek “misterioaren nazi” izenez bataiatu ditu elementu berriok eta, obsesio bat gora, obsesio bat behera, paraje hauetan ere bolada batean asko ugaritu ziren argudioak erraz ezagutuko zituen irakurleak aurreko paragrafoko adierazpenetan. Testuingurua dugu alde, eta eskerrak: eusko labeldun eskuin mutur koskor samar bat ez denez hemen inoiz mamitu, eta aberriak oraindik gehiago tiratzen duenez telefonora iritsi zaizun azken teoriak baino, nekez ikusiko duzu euskal esnaturik estatu-kolpearen aurreko zirriak diruditen mobilizazio horietan –baten bat agertu den arren, dena esan behar baita–.

Edonola ere, eskuin espainiarraren kolore-kolore eta gustu guztiak ezagutzeko baliagarriak izateaz aparte, manifestazio horiek, bere horretan, ez dute zuzenean ezer lortzeko asmorik, nik uste. Beste funtzio bat dute; eta horregatik dira, hain justu, ezkerreko edozein mobilizazio-ziklorekin konparatuz gero kontzeptualki oso desberdinak. Cayetanoak kalera ateratzen direnean, benetan borrokatzera baino gehiago ateratzen baitira iritzi-giro bat simulatzera, ea beren performance-arekin sortutako errealitate birtual hori alibi gisa erabilita, epaileren batek, txapelokerren batek, militarren batek –edo denek batera– egoera bideratzen duten. Egin dezagun barre, baina ez gehiegi ere.

Borja Mani eta misterioaren naziak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude