Bollera ahobiziak
Bollera ahobiziak –
June Fernandezek Pikara magazinean plazaratua.
Glosario lesbikoa sortzeko asmotik harago joan da ‘Nola esan/izan bollera euskaraz’ proiektua; euskal bolleren bizipenak jaso ditu, bi identitate horien arteko harremanari buruz hausnartzeko baliogarriak.
Aitor Arana EHGAMeko kidearen Gay Hiztegia liburua argitaratu zuen Txalapartak 2005. urtean. Lesbianei eta trans pertsonei buruzko hizkera jasotzen badu ere, tituluak argi adierazten du nortzuk diren liburuaren protagonistak. Hamabost urteren ondoren, Nola esan/izan bollera euskaraz proiektua garatu dugu Amaia Alvarez Uriak eta biok, Zinegoak elkartearen enkarguz eta Histeria Kolektiboaren babesarekin.
2012an, Dimako topaketa lesbianistetan ezagutu nuen Alvarez Uria; Katalinak Bizikletan taldean zebilen, Ainara Artetxerekin batera, eta kontatu ziguten soropila hitza asmatu zutela bolleraren baliokide euskaldun gisa. Bestetik, literatura irakasle honek Genero ariketak liburuko glosarioan bildu zituen Gay hiztegiako termino lesbikoak (neskakoia, bilitisen alaba /ahizpa, motxinjalea, potxonzalea, sorgina, lamia, joxe-joxepa, marimutila, emarkia…) zein Itxaro Bordaren bibliografiatik hartutakoak (alharia, emekoi, andrakoi).
Pasa den urtean, gure proiektuaren lehenengo fasean, euskal kulturgintzako eta aktibismoko bollerei hurrengo galderak bidali genizkien: “Nola esaten dugu lesbiana euskaraz? Nola izendatzen dugu gure burua, gure praktika, gure subjektu politikoa? Eta kontuan izanik euskara minorizatuta dagoela, egoera diglosikoan, zapaldua, zer pentsatzen edo sentitzen dugu erdal maileguak erabiltzean (butch, bollera…)? Egin dugu inoiz saiakera pertsonalki edo kolektiboki euskarazko hitzak topatzeko edo sortzeko? Hala bada, zeintzuk izan dira emaitzak?” Hamaika militante, bertsolari, idazle, musikari eta itzultzaileren ekarpenak jaso genituen, idatziz zein audioz, eta horiekin sortu genituen webguneko lehen edukiak: hitzak eta ekarpenak.
Bollojabetza, kuku, pottorbero, kapaza… Ekarpenetan agertzen diren terminoak eta bakoitzaren historia erresistentzia, sorkuntza eta sormen kolektiboaren isla dira. Alabaina, testigantzek esparru terminologikoa gainditu zuten, hausnarketa politiko zein biografia identitarioak barnebilduz. Orduan ohartu ginen glosarioa aitzakia bihurtu zela, eta euskal bolleren ahotsak entzutea zela interesgarriena. Hala, aurten bi atal berri sortu ditugu: Bizipenak eta Sorkuntza. Lehenengorako egin ditugun hamar elkarrizketen mamia laburbiltzea da kronika honen helburua.
.
Euskalduna eta lesbiana: elkargunea ala bidegurutzea?
“‘Lesbiana’ eta ‘euskalduna’ hegemoniatik kanpo kokatutako identitateak (izan) dira. Bai historikoki, bai gaur egun, identitate horiek bereganatu dituzten edo ezarri zaizkien pertsona nahiz kolektiboak jazarri eta baztertzen dituzte modu askotan. Baina hau horrela esatea sinpleegia, hankamotza eta biktimista izan daiteke, ezta?”, itaundu du Garazi/Gatx Eizagirrek. Bi identitate horiek ulertzeko eta sentitzeko era zabaldu egin zaio azken urteotan aktibista eta euskal filologoari, transfeminismoari eta feminista dekolonialari esker. Azaldu duenez, “zentzu ia biologikoa, esentziazkoa” zuten hasieran, baita “kontra-identitate” zentzua ere: “Ez naiz espainola, euskalduna naiz” eta “Ez naiz heterosexuala, lesbiana naiz’”. Egun, bollera ez-bitar honek botere-harremanen ulermen konplexuagoa du, eta prest dago bizi dituen bazterketa egoerez gaien pribilegioak ere identifikatzeko.
Eizagirrek gogorarazi du bollera euskaldunak ez direla airean bizi, baizik eta komunitate jakin batean: hots, ez da berdina landa-eremuan edo hiri batean bizitzea; euskaldun zaharra, etorkina edo maketoen alaba izatea; lodifobia, transfobia, klase edo adinagatiko bazterkeria pairatzea edo eragitea… Ildo beretik, Irati Leonek azaldu du Gasteizko B.A.L.A. kolektiboan hainbat identitate duten pertsonak daudela (marimutilak, lodiak, migratuak, maketoak, gaixoak…) baina bollerismoa dela “disidentzia antolatzeko identitate kolektiboa eta estrategikoa”.
Argi Lertxundiren testigantzak erakusten du identitate estrategikoak kokapenaren arabera alda daitezkeela: “Familia arrazializatu kontziente batean hezi nautenez, etxean nire lesbianitatea aldarrikatzeko beharra daukat, eta lagun artean, berriz, nire nortasun arrazializatua erdigunean jartzeko beharra suertatzen zait batzuetan”.
Bizipenetan agerikoa da testuinguru soziolinguistikoaren zein horren bilakaera historikoaren eragina. Hala, 40 urte baino gehiago dituzten hiri erdaldunetako (Bilbo, Gasteiz, Iruñea…) bollerek talka sumatu dute euskal komunitatearen eta komunitate lesbikoaren artean. Maite Irazabalen kasuan, Elorriotik Bilbora joan zenean (Madrilen eta Londresen ibili ondoren), ama hizkuntza zuen euskara herdoildu zitzaion: “Esango nuke inork ez zuela euskararekin harreman handirik izan Bizkaiko lesbiana feministen kolektiboak iraun zuen 22 urteetan (1983-2005 artean)”. Militante historiko honek euskaltegian izena emateko asmoa du jubilatu bezain pronto, euskara testuinguru publikoetan erabiltzeko gaitasuna eta konfiantza lortzeko.
Hainbat urtez “ura eta olioa bezala” bizi izan ditu Izaskun Aranbarrik: “Bilbora bizitzera etorri nintzenean ezagutu nuen mundu bolleroa oso erdalduna zen; nire inguruko mundu euskaltzalea, berriz, oso heteroa”, adierazi du Aranbarrik. Are gehiago, lesbiama honek nabarmendu du seme-alaben eskolan disidenteago sentitu dela euskaraz aritzeagatik, familia lesbikoa izateagatik baino: “Bollera izateak eragiten duen lehenengo harridura pasatzen denean, hizkuntzak harremana mugatzen du. Batzuetan badirudi komisario politikoaren figura egokitu digutela”.
Nagore Zuazori ere benetan frustragarria egin zitzaion Bilboko giro lesbikoaren erdalduntasuna, baina beste bollera euskaldunekin saretzea lortu zuen Txokolanda eta chueca.com-en garaian: “Honakoa esan behar izan genuen: “Lesbiana euskaldunak existitzen gara, lesbianak euskal munduan ere bagaude”. Jendea ezagutu, sexuaz gozatu, eta ondo pasa nahi genuen, baina euskaraz, eta horregatik hasi ginen presentzialki kedadak antolatzen eta sarea egiten. Garai polita izan zen”.
Kontrara, bollera gazte gipuzkoarrek aukera gehiago izan dituzte euskaraz ligatzeko, eztabaidatzeko, militatzeko edota parranda egiteko. Hortaz, kontrajarritako baino, elkarlotutako bi borroka gorpuztu dituzte: “Hizkuntzak identitatea eskaintzen digu, lesbianismoak bezainbeste.Euskaltzaletasunak erakutsi dizkidan tresnak gure identitate mariokerra eraikitzeko erabili nahi nituzke”, azpimarratu du Maren Zubeldia Zinegoakeko kideak. Antzekoa adierazi du Argi Lertxundik: “Historian zehar zapaldutako hizkuntza bihurtu zaigu historian zehar desgaitutako harremanak eta praktikak izendatzeko ezinbesteko tresna. Amankomunean bizi izan daitezkeen eta bizi beharko luketen borrokak dira. Bidea teorikoki erraza da: zapalkuntza historiko guztiak gordetzen dituen armairua euskaraz lehertarazten ari gara”.
Edonola ere, Gatx Eizagirre zarauztarrak eta Batirtze Lertxundi algortarrak bat egin dute haien erradiografian: “Aipatu ditudan giroetan [euskaltzale eta abertzaleetan] ez dut jarrera lesbofobo nabarmenik sentitu, baina ezta heteroaraua sakonki ezbaian jartzeko ahaleginik ere; jarrera “integratzaile” eta onarpenezkoak baizik”, esan du lehenengoak. “Ezker abertzaleko militantzian ez dut bollerismoa bizi izan. Ez naute erasotu baina ez dut horregatik borrokatu. Bollerismoa Bilgune Feministan landu ahal izan dut euskaraz, eta ondoren OihuK-n. Baina OihuK-n euskara bazterrean geratu zen”, azaldu du bigarrenak.
Batirtzeren militantzia kide izan den Nahia Urdanpiletak gaineratu du beti izan dituela bollera euskaldun erreferenteak, baina adierazi du “ez direla aritu borroka lesbofeministan, borroka abertzalean baizik, herri askatasuna helburu zuen borroka zabalago eta homogeneago batean”. Hargatik, berak ere OihuK-n izan zuen identitate bolleroa legitimatzeko aukera.
.
‘La vasca’ izatetik, xuxurlatzera
“Gogoan dut armairutik atera nintzenean, 1994. urtean edo, la vasca deitzen zidatela anbientean”, kontatu du Txikik, 7menos20ko kideak. “Gaur egun, uste dut Gasteizko lesbianen mundua euskalduna dela. Garai hartan bakarrenetarikoa nintzen, eta gaur egun, erdaldunari itzuli egiten zaio euskaraz esaten dena”, gaineratu du.
XX. mende bukaeran sortutako Bizkaiko Lesbianen Kolektiboa edota Arabako Elkarte Feminista (ALA, gaztelaniazko siglen arabera) saiatu ziren kanpo-komunikazioan euskara erabiltzen, baina asanbladaren gehiengoak ez zekien euskaraz. “Kalera begira, esfortzua egiten genuen. Sorginak aldizkaria [Euskadiko Lesbiana Feministen Kolektiboaren aldizkaria] argitaratzen genuenean , argi genuen zer edo zer ipini behar genuela euskaraz”, azaldu du Irazabalek.
Normalizazio linguistikoaren aldeko borrokak aurrera egin ahala, XXI. mendean jaio ziren kolektiboetan (Lumatza, 7menos20, Sare Lesbianista, Zikutak edo OihuK) kide euskaldun gehiago zeuden, baina hala ere zaila zen gaztelaniaren hegemoniarekin apurtzea; seguruenik, Gipuzkoako Medeak taldea izan zen gehien hurbildu zena. “Nafarroan jarduten genuen, eta garrantzitsua zen bertako hizkuntza egoera eta ezagutza kontuan hartzea. Iruñeko lesbianak ziren gure publikoa, eta gehienak ez ziren euskaldunak. Ezin genituen jarduerak euskaraz egin, ez zelako jende nahikorik etorriko”, azaldu dute Lumatzako kide ziren Josune Ortizek eta Ana Jakak. 7menos20ko Monek nabarmendu du urteekin indartu zutela euskararen aldeko apustua: “Garai batean, dena bi aldiz egiten genuen euskaraz eta erdaraz. Azkenaldiko kartel asko euskaraz gogoratzen ditut”.
Urdanpiletak kontraesan bat azaleratu du: “Aitortu behar dut, esateak pena ematen badit ere, OihuK-n sortu zen magia agian ez zela posible izango euskaraz bakarrik egin izan bagenu; jende oso anitza batu ginen. Egia da, halaber, euskarak protagonismo handiagoa merezi zuela”.
Alabaina, berriki sortutako zenbait kolektibok euskara dute lehen hizkuntza; Gasteizko B.A.L.A. eta Bolluriak dire horren adierazle: “Bi urteetan, urrian, Gipuzkoa eta Iparralde inguruan antolatzen diren bollera topaketa kulturalak dira. Helburua Euskal Herriko txoko guztietako bollerak elkartzea eta aisialdian elkarrekin gozatzea da, izaera politiko eta euskaldunarekin”, azaldu digu Argi Lertxundik.
Irazabalen ustez, paradoxikoa da mugimendua euskaldundu den garaian militantzia ahuldu izana. Ildo beretik, B.A.L.A.ko kideak kezka adierazi du: “Neoliberalismoaren eraginez, militatzeko eredu likiadoagoa duen multzo handi bat ere badago, (Twitter etabar erabiltzen duena) eta hor logika erdaldunagoa da”.
.
Etimologia eta iruditeria propioak
Bollera da bide bakarra leloa sustatu zuen Medeak taldeak 2014. urtetik aurrera. Manifestazioetan zein hitzaldietan erabili zuten eta egun grafiti bidez agertu da Euskal Herriko hormetan. Piperopilaedota soropila neologismoek arrakasta eskasa izan dute; aldiz, agerikoa da erdal mailegua errotu dela Hego Euskal Herriko mugimendu lesbofeministan. “Ez dugu inoiz eztabaidatu bollera euskaraz nola izendatu, bollera erabili dugu eta listo, baina gure borroka beti izan da oso tokikoa”, azaldu du B.A.L.A.-ko Irati Leonek. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan gouine esaten dela gogoratu digu Itxaro Bordak gure proiekturako idatzi duen ipuin zirikatzailean.
Elkarrizketatu ditugun lagun gehienen ustez, bateragarria da maileguak lasaitasunez erabiltzea eta hiztegia aberastea: “Sor ditzagun hitz berriak, erabil dezagun euskara gure erreferentzia propioak sortzeko. Mintza gaitezen euskaraz, kalean, militantzian, kantuan, filmetan edota ohean. Garaia da hiztegian gure lekua izan dezagun”, aldarrikatu du Maren Zubeldiak.
Leonen esanetan, “badirudi orain disidentea izateko ingelesezko ez dakit zenbat termino ezagutu behar dituzula. Horrek diskurtso unifikatu eta unibertsal bat dakar”. Ildo beretik, Josune Ortizek nabarmendu du hitz berriak sortzearen lanak “dinamika bat inplikatzen duela, hau da, hizkuntza bizirik mantentzen duela”, eta Ana Jakak gaineratu du autodeterminazio modu bat dela: “Guk definitzen dugu nor garen eta ez dugu besterik gabe beste toki batean definitu dutena kopiatzen. Hori nortasuna inportatzea da”.
Dena den, hitzak sortzea ez da nahikoa. Izaskun Arabarriren ustez, Nola esan/izan bollera euskaraz proiektuan bildutako hitzen erabilera sustatzeko egitasmoak antolatu beharko lirateke, hala nola, irakaskuntzan glosarioa erabiltzea edota hiztegiari lotutako ipuin lehiaketa bat antolatzea. Txikik aitortu du Marimutil handi baten bluesa (Leslie Feinbergen nobela, Fermintxo Zabaltzak euskaratua) irakurri duenetik hasi dela marimutil berba erabiltzen. Bestetik, Amaia Alvarez Uriak proiektu honetan iradoki duen marioker (kuirren baliokidea) agertu da Zinegoak jaialdiaren karteletan, eta Olatz Salvador musikariak bere egin zuen zinemaldiaren galaren biharamunean Instagramen publikatu zuen argitalpenean: “(…) Marioker hau gaur ajeari irabazi dion irribarre batekin esnatu da, atzo gure identitateak ospatzen berandutu egin zitzaigulako”.
Dena den, Argi Lertxundiren esanetan, prozesuak organikoa izan behar du: “Euskaraz pentsatu, harremanak egin eta oheratu ahala, kosmobisio honi atxikitutako etimologia sortzen eta eraldatzen joango gara. Lesbianok behar dugu gure errealitateak, fantasiak eta afektibitatea islatzen/azaltzen dituen euskara, eta hori gure egunerokotasuneko garapen dialektikoarekin baino ez da etorriko. Kalean eta ohean, asanbladetan eta bollurrietan, kukuak euskaraz”.
Euskal kultura lesbikoa indartzea da giltzarrietako bat. The L Word telesaila elkarrekin ikusteko geratzen ziren lagunek sortu zuten 7menos20 taldea 2007. urtean; garai hartan enroilatu ziren Goenkalen Itziar Ituñok eta Naroa Agirrek gorpuztutako pertsonaiak. 2010an estreinatu zen 80 egunean film ahaztezina. Urte luzez Itxaro Borda izan da literaturako erreferente bakarra Kattalin Miner eta Danele Sarriugarte heldu arte; azken urteotan poeta bolleroen belaunaldi berri bat agertu da, gure Sorkuntza atalean parte hartu duena. Egun erreferente gehiago baditugu ere, euskalgintzak eta, bereziki, ETB1ek produktu erakargarriak sortu behar dituela aldarrikatu du Txikik.
“Bertso munduan sexu aniztasunak lortu duen ikusgarritasunak euskararen aldeko milaka kanpaina baino gehiago balio du”, azpimarratu du Izaskun Aranbarrik. Maialen Lujanbioren bertsoaldiak ditu gogoan. Gure proiektuan, bollo bertso-sarioetan ari diren Amaia Agirre, Eli Pagola eta Maider Arregik parte hartu dute. Nabarmentzekoa da, halaber, Saioa Alkaiza txapeldunaren agurra, Nafarroako Bertso Txapelketaren finalean.
Halaber, Dom Campistron marrazkilariak gogorarazi du diskurtsoa ez dela soilik hitzen bidez sortzen, baita irudien bidez ere. B.A.L.A. taldearen ahobizi pegatina bolleroa da apustu horren adierazle: “Hizkuntza erabili dugu eragiteko eta euskal bolleron artean kodigo propioak sortzeko. Badira nazioartean partekatzen ditugun kodigoak, eta euskal kodigo propioak sortzeko saiakera ere egin dugu. Bollojabetza eta ahobizi bromak izan ziren eta hor geratu dira”, azpimarratu du Leonek.
Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak Bollera ahobiziak
“B.A.L.A. kolektiboan hainbat IDENTITATE duten pertsonak daudela (marimutilak, lodiak, migratuak, maketoak, gaixoak…) baina bollerismoa dela “disidentzia antolatzeko identitate kolektiboa eta estrategikoa”.
Sexu-orientazio homosexuala izatea ez da “identitate” bat; zer esanik ez gizen xamar egotea, elbarritua egotea edo atzerritik lanera etorri behar izana.
Beraz, badirudi egileek “lesbiana” terminoari beste definizio bat bilatu diotela, zeina inondik ere ez baita zehazten. Badirudi halako “identitate” bat besarkatzea edo “komunitate batekoa izatea” bezala ulertzen duzuela, hasiera batean emakume homosexuala baino ez zena.
Beste aldetik, “transfobia” hitza ere agertu da, nola ez. Segun eta nola uler dezakegun terminoa, izan daiteke diskriminazio-egoerak eta erasoak salatzeko terminoa ala izan daiteke, baita ere, xantaia emozionala eta irrazionalitatearen koartada bat. Emakumeak maite dituen “emakume trans” bat ez da lesbiana, heterosexuala baizik. Hori pentsatzea eta esatea ez da inorekiko gorrotoa edo fobia, egitate bat da.