[Urpeko Bonbarda #071] Udako jaialdietakoak

[Urpeko Bonbarda #071] Udako jaialdietakoak –

Urpeko Bonbarda Zuzeu Podcastek ekoiztutako musika saioa da, Anartz Bilbao gidari duena. Hirurogeita hamaikagarren saioan, udako jaialditzarrak izango ditugu aurkezgai, bertan joko duten emakume musikarien kantuekin zerrenda osatuta.

Hirurogeita hamaikagarren saioan, bi urteko etenaldiaren ondoren aurtengo udan gurean izango ditugun musika jaialditzarretan joko duten artistekin osatu dugu kantu zerrenda, soilik emakume musikariei erreparatuta, gogoak eman digulako. Azkena Rock, Music Legends, EHZ, Bilbao Live eta Donostia Festibala jaialdietako afixetatik egin dugu hautaketa, baita euskal herritar mordoa jasotzen duen Pirineos Sur jaialdiko afixari erreparatuta ere.

Ekainaren 16tik 18ra izango da Azkena Rock jaialdia Gasteizen, aurten inoiz baino emakume gehiagoren parte hartzearekin. Patti Smith eta Emmylou Harris izango dira besteak beste afixa buru, baina guk Adia Victoria eta Tiburona artisten kantu bana entzun dugu. Blues gotikoa jorratzen ei duen Hego Karolinako musikaria da lehena, estatubatuarra, adituen esanetan bere sorterriko doinuak berresmatzen jakin duena, country eta blues nahasketa bereziarekin eta zuzenekoetan atmosfera hipnotikoa sortuz. Manzanaren ertzeko hirukote madrildarra bigarrena, pop, garage eta punk soinuak dakartzana “Sola y feliz” lan argitaratu berrian.

Music Legends[Urpeko Bonbarda #071] Udako jaialdietakoak festibalak ibilbide luzeko eta eskarmentu handiko izarrak oholtzaratuko ditu Bilboko Miribillan, ekainaren 24 eta 25ean, Status Quo eta Alan Parsons Project izar nagusi direla. Lehenengoekin partekatuko du oholtza Anari azkoitiarrak -25 urte bete dira aurten debut lana plazaratu zuenetik!-; eta bigarrenarekin jamaikar jatorria duen Shirley Davis britainiarrak, “soularen diva berritzat” joa denak.

Gurean oso kuttun dugu Euskal Herria Zuzenean festibala, gaur aipatuko ditugunen artean iaz ospatu zen bakarra. Aurten uztailaren 1etik 3ra bitarte izango da Irisarrin, Baxe Nafarroan, eta bertan joko dutenen artean ohi bezala asko dira euskal musikariak. Horietako bi entzungo ditugu, Merina Gris donostiarren “Saiatzen naiz”, eta Irunberriko Ibil Bedi taldearen “Poesia bat”, sonoritatez bikain ezkontzen diren bi kantu; baita atzerriko gonbidatuak ere, bretoieraz kantatzen duen Madelyn Ann eta Eesah Yasuke hip-hop kantaria.

Sanferminekin batera dator bueltan gurean ditugun jaialditzarretan jaialditzarrena Kobetamendira, Bilbao Live festibala, uztailaren 7tik 9ra. Bertan oholtzaratuko diren musikarien zerrenda amaiezinetik bi ordezkari aukeratu ditugu, bikainak biak ala biak, Bomba Estereo eta M.I.A. Kolonbiar kunbia psikodelikoa eta folk tamil esperimentala; bi proposamen borrokalari, ausart eta festa girorako ezin aproposagoak.

Udaberria bukatu gabe dugun honetan, urruti samar ikusten da irailaren 16 eta 17ko Donostia Festibala, Lasarteko hipodromoan jokatzen dena. Bertan izango da debut lan luzea plazaratzear ei den Andrea Santiago iruindar kantaria.

Euskal Herritik kanpo, Pirineos Sur da euskaldunen jaialdi gustukoenetako bat, Sallent de Gallegoko Lanuza urtegi ertzean izango dena lau asteburuz, uztailaren 15etik abuztuaren 6ra.  Besteak beste Maliko afro bluesaren errege-erregina Amadou et Mariam bikotea izango da bertan jotzen, baita iazko “La costa de los mosquitos” aurkezgai duen Travis Birds bakarlari madrildarra ere.

.

* Zerrendatik landa utzi ditugu jazzaldiak aurreragorako, apropos, Urpeko Bonbarda propioa merezi dutelakoan.

.

[Urpeko Bonbarda #006] Berria, zaharra eta mailegatua I (Arima Soul)

ZUZEU PODCAST

(((podcast.eus)))

Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak…

Harpidetu Patreon-en eta babestu gure proiektua!
www.patreon.com/zuzeupod

Spotify     Apple Podcast    Google Podcast

[Urpeko Bonbarda #071] Udako jaialdietakoak

Euskal podcast katea. Zure hizkuntzan mintzo diren istorioak. Entzun!