Bohemian Rhapsody

http://alteretaego.wordpress.com

30_dendariak gure lagunak dira
Argazkia: Dendariak gure lagunak dira
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3828 x 3608 px
Sortze data: 2013/01/30
Latitudea: 43º 25,202´ N
Longitudea: 2º 43,304´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f/4L IS USM
Distantzia fokala: 24mm
Irekidura: f4
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 3200 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Agian, herri bateko azken ultramarinoa galtzean, herri horrek herri izateari ere utzi egiten dio. Bestela, merkataritza-gune handiei erreparatzea baino ez dago.

Carrefour, Megapark edo Txingudi bezalako munstroak, bere funtsean, herriak dira. Denda desberdinen errenkada bat baino gehiago, era guztietako zerbitzuak eskaintzen dizkiguten unitate oso bat osatzen dute. Eta, gehienez jota, hogei urte baino ez daramatzaten arren gure artean, zeinen ondo txertatu diren gure bizimoduetan.

Faltan botatzen dut, batzuetan, atzera begiratzeko beta hartu eta, ez dela horrenbestera arte, gauzak  nolakoak ziren gogoratzea. Gehienok izan dugu argazkiak erakusten duena bezalako dendaren bat etxe bueltan. Hara bidaltzen gintuen amak erosketak egitera.

Igual zuetako askok ez duzue jakingo, baina horren moduko denda bat zuen gure aitak ere. Joan-etorri ugari egin izan ditut txikitan bertara, eta baita, berari laguntzen nengoelakoan, ordu dezente bertan igaro ere. Koaderno berde bat zuen, begien aurrean edukiko banu bezala gogoratzen dudana, orain alderdi politikoek euren kontabilitate ezkutua eramateko erabiltzen dituztenak bezalakoa. Letra nahiko txukunean idazten zituen bertan bezeroek zorretan uzten zizkioten kopuruak. Matematikak lantzeko edo jartzen ninduen bezero bakoitzaren zorren batuketa egiten. Nire institutuko notek, ziurrenik, eskertuko zuten denda hartan hartutako eskarmentua.

Ñabardura bat. Orduan, baina, jendearen artean konfiantza deitzen zen sentimendu bat zegoen uztartuta: zor bezala aurkeztu ditudanak, berez, ez ziren zorrak, ordainketak egiteko beste modu bat baizik. Pelikuletan baino ez dugu, gaur egun, ordainketa-sistema hori ikusten, James Bond berak Martini bat eskatu eta “jar ezazu nire kontuan” dioenean. Quantum of Solace geratuko zaigu diodanaren testigantza gisa, ziurrenik, ultramarinoek baino gehiago iraungo baitu datozenen memoria kolektiboan.

Rapsodak ere lehengo garaiei kantatuz ibiltzen ziren herriz herri antzina: nor bada, argazkiko emakumea baino rapsoda hoberik, behin izan ginena gogora ekartzeko. Segundo bakar batean berandutu gabe, egunero-egunero, ondoko kanpandorreak goizeko bederatziak jotzearekin batera, bere mantal bitxia jantzi eta herdoilak jandako pertsiana igotzen du.

Telebistak, kontsumismoak, gizarteak berak beste ohitura batzuk hobesten ditu, etengabeko lasterketa bat bailitzan antolatzen dugun gure bizimodurako. Uste dut, xumea bada ere, lehengoaren gotorleku bezala har genitzakeen heroi txiki hauek ere merezi dutela euren aitorpena.

Visa, Electron eta Mastercard bezalakoek agintzen dute orain, eta ez boligrafoz zikindutako koaderno berdeek. Webguneetara ere jotzen dugu ogia erostera; bai, bai: ogia erostera… Xaflatan moztuta dator, plastikozko ontzi eta guzti, noizbait harategian erosten genuen okela. Yogako klaseetan ematen dugu izena lasaitasun apur bat bilatu nahi dugunean, garai batean sukaldeko berotasunean hitz egitera esertzen ginen bezalatsu…

Zenbakiek eta presak agintzen dute gaur egun, eta ez letrek: banketxeek hilaren bukaeran jarri dizkiguten hitzorduak dira salbuespen bakarra, baina gure kontu-korronteei ematen dizkieten zartakoak ere zenbakiekin idazten dituzte.

Ego dixi.