Agerian, blokeoa

ETAren disoluzioa. Hori da orain PP-PSOE alderdien totem berria. Sukalde lanak dauden jakin gabe, diskurtso publikoak blokeo gaindiezinera darama prozesua.

Espainiako Gobernuaren jarrera malgutzen ari zela zirudienean (dimentsio politikoa, lan diskretua) adierazpen zurrunak eta absolutuak itzuli dira. Igandean El Pais egunkarian Jorge Fernandez Barne Ministroak esan zuen ez dutela “presorik hurbilduko ETA disolbatzen ez den bitartean“. Are gehiago, dispertsioa ETA disolbatzeko “tresna eraginkorrena” dela adierazi zuen.

Adierazpen etsigarri horiek kioskoetan zeudenean, Ezker Abertzaleak autokritika egin zuen ETAren biktimak “umiliatu” izan dituela jendaurrean onartuz. Espainiako Gobernuak Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroaren eskutik erantzun du “diskurtsoa gezurra” dela. Gaineratu du, ez dagoela “alde bateko eta besteko biktimarik, errugabeak eta errudunak baino“. Eusko Jaurlaritzak ere sinesgarritasuna kendu dio “dolu adierazpenari” eta, oro har, Ezker Abertzaleak egin behar duena “ETAri desagertzeko” eskatzea dela esan dute eragile konstituzionalistek.

ETAk betiko armak uztea erabaki du, ordainetan ezer jaso gabe, eta Ezker Abertzalea iraganari begirako autokritika publikoa egiten ari da, baita estatuko instituzioetan lan egiten ere. Momentuz, Espainiako Gobernuaren urrats bakarra, Bildu eta Amaiur legez kanpo ez uztea izan da. Dispertsioak, atxiloketak eta bazterketa politikoak bere horretan diraute.


Ezer negoziatu gabe

Negoziaziorik ez da izango ETArekin” esan du behin eta berriz Espainiako Gobernuak. Gernikako Akordioak eta Aieteko Konferentziak jasotako “negoziazio teknikoak” ez du beraz Espainia eta Frantziako Gobernuen aldetik erantzun baikorrik. Barne Ministroak argi hitz egin du: “ez dugu izan eta ez dugu izango ETArekin kontakturik“.

Nola konponduko dira gai “teknikoak”? Negoziazioa egongo da, bai ala ez? Luzera joko duen auzia da. ETAk, PPk, edo biek, hitza jan beharko dute. Izan ere, gaur gaurkoz, agerian uzten den informazioaren arabera, konponbide prozesua blokeatuta dago.

Beste aukera bat ere badago: Jesus Egigurenen adierazpenak segiz eta Egunkariaren itxiera gogoan: “gezurra ari du”.

 

 

Zer duzu buruan “Agerian, blokeoa”-ri buruz