Bizkaiko zaborren formula
Bizkaiak azpiegitura berri bat dauka gaurdanik lurraldeko zaborrak tratatzeko: Arraiz mendian eraikitako TMB (Tratamendu Mekaniko-Biologikoa) delakoa. Albistea Berriak titulatu du “TMB plantara helduko den zaborraren %80 erraustuko dute”, Garak “Bizkaia inaugura una planta biológica que reducirá los residuos para la incineradora”, Deiak “Bizkaia le saca chispas a su basura“, El Mundok “Bizkaia tratará 180.000 toneladas de basura en una planta puntera en Europa“. Baina Arraizko TMBaren inaugurazioak bestelako chisparik ere ekarri du: Jose Luis Bibao ahaldun nagusiak Gipuzkoari botatako eztenkada.
(Pello Zubiriak Argia-ko Xehe blogean argitaratutako artikulua da hau, hemen jatorrizkoa)
Berrian Maite Asensio Lozanok bildu duenez, “Azpiegiturak teknologia ‘modernoena’ erabiliko duela nabarmendu du ahaldun nagusiak. Hala, ‘inbidia emateko moduko’ instalazioa dela gaineratu du, Gipuzkoako bizilagunei begiratuta: ‘Beste batzuek gurako lukete guk arlo honetan lortu dugun maila lortzea. Hemendik ez oso urrun, oraindik ez dakite zer egin biltzen duten zaborrarekin’”.
Hain ‘inbidia emateko modukoa’ ote da Bizkaiko hondakinen kudeaketa?. Titulu eta foto deigarrien azpiko letra txikia leitu beharra dago hobeto jakiteko. TMB berria zertara datorren, alegia. Gipuzkoarako ere bai baitago TMB bat aurreikusia. Arraizen Bizkaiko Foru aldundian eraiki duen TMB berria loturik dago Zabalgarbi errauste plantaren beharrekin. Berrian eta Deian ez dira zifrak berdin eskaintzen, baina bien kroniketan ere nabarmen ageri da TMB honek bertara eramandako zaborretatik gutxiena birziklatuko duela eta gehiena errausteko prestatu.
Hondakinez zerbait irakurri duenak badaki etxeetatik zaborrak ondo berezita ez biltzekotan,Ecoparque formula dela errauste plantei janari hobea emateko modua, hala dira Katalunian eta hala izanen dira Baionan bezala Bilbon. Funtsean, etxeetako hondakinen %40 baino gehiago den organikoa (txarri-jana) lehortzeko. Organiko bustiak berotze ahalmena kentzen dio zaborrari, paperak ondo erretzen dira, plastikoek bero handia ematen dute, zapi eta oihalek ere bai, baina organikoa hezea da. Tratatu dezagun zaborra organikoa lehortzeko, bide batez ahal den gasa kenduz, eta zaborrari berotze ahalmena handitu diogu.
Baina diru kontuei ondo erreparatu. Formula honek baditu irabazle gutxi batzuk eta gehiengo zabala osatzen duten petzeroak. Nork pagatu du TMB berria? Bizkaitarrek beren zergekin pagatu dituzte hor gastatu diren 43 milioi euroak. Zertarako? Zabalgarbi konpainia pribatuak kiskali behar dituen hondakinak erretzeko hobeto prestaturik eskuratu ditzan. Beraz, Bizkaiko herritarrak kaleko kontainerrean (ez Hernanikoak bezalako poste itsusi horietan, Jainkoarren!) lagatako bere zabor nahasia pagatu du behin eta berriro: biltzeagatik pagatzen dio multinazional handi bati, lehortuz tratatzeko TMBa eraikitzeko pagatu du, Zabalgarbi konpainia pribatuak kudeatzen duen azpiegiturak eraikitzea pagatu zuen, zaborrak Zabalgarbin kiskaltzea pagatzen du, Zabalgarbik kiskalitako tona bakoitzaren 1/3 diren eskoria eta errautsak nonbait uztea pagatzen du ostera… Ez aipatzearren erreketak sortutako kutsaduraren ondorioak, horiek kalkuluetatik kanpo geratzen dira beti. Bizkaiko hondakinen benetako kostea zehaztu beharko luke auditoria on batek… baldin eta egia bada diru publikoak urri direla eta behar sozialak izugarri handi.
Bizkaiko hondakinen formulak, hala ere, badauka are arazo larriagoa, ondoko lurraldeekin alderatzen hasita. Okerrena egiten dutela ere, Gipuzkoak eta Nafarroak oraindik erabakitzeko ahalmena daukate. Bizkaia urte luzetarako dago Zabalgarbiko inbertsioei kateaturik. Bihotza errauste planta duen kudeaketa eredu hori dela medio, bizkaitarrentzako gehiago birziklatzea arazoa da.
(Pello Zubiriak Argia-ko Xehe blogean argitaratutako artikulua da hau, hemen jatorrizkoa)
RT @zuzeu: ‘Bizkaiko zaborren formula’ http://t.co/Xtdc3DfHm5 Pello Zubiriak idatzia.
RT @zuzeu: ‘Bizkaiko zaborren formula’ http://t.co/Xtdc3DfHm5 Pello Zubiriak idatzia.