Ekologismo orain bai-orain eztarra

Haritz ebakia 20 m

Bizi gaituen herrian arazo ekologiko potolo samarrak dauzkagu. Harrobi itzelak inguru guztietan, mendi bat edo beste osorik jan dutenak, neolitikoko aztarnategi garrantzitsuak izandakoak tartean (Orobe, Atabo).

Trafiko handiko autobide bana herria inguratuz, zarata eta kutsadura itzelak eragiten dituztenak.

Erreka bazterrak jan dituzten industrialde handiak, horietako bateko ur zikinak errekara zuzenean isurtzen direlarik, amuarrainak hazteko akaso…

Lantegi kutsakorrik ez zaigu falta, arriskutsuena herrian ez baina herriko ateetan dagoelarik, Cementos Portland ospetsua. Herrigunea bera, garbi-garbi daukagunik ezin liteke esan. Utzia, garbi bainoago. Utzikeria horren adibide tristea da herriko “garbi gunea”, eta hori bezain esanguratsua da, herrirako sarrera nagusietako batean, herriaren izena duen seinaleari itsatsita dagoen zaborrontzia, egun batean bai, beste batean ez, hondakinak inguruan ere izaten dituena, eta aspaldi kixkalitako beste zaborrontzi baten arrastoaren gainean kokatuta dagoena. Horiek nahikoa ez, eta zaborrontzia uretatik babesteko-edo, pankarta zaharkitutako baten plastikozko gorpuzkinak dauzka itsatsita seinaleak. Ongi etorri gurera!

Egun ez, zorionez, baina oso ohitura errotua izan da zaborrontziei sua ematearena, dioxinagintza herrikoiaren erakusle. Alabaina, jakin genuenetik Cementos Portland-ekoek zaborrak, gurpilak eta era guztietako gai subentzionagarriak erreko zituztela, errausketaren aurkako kontzientzia piztu eta hedatu egin zen.

Ordutik, apenas erre da zaborrontzirik, eta lehenago ariketa horietan jardundako edota kiskalgintza begi onez ikusten zutenetako batzuek ere, euren haserrea adierazi izan dute lerdoren batek (orain esatea libre, ezta?) zaborrontzi bat edo beste erre duelarik. Konzientzia berri horren eraginez, gurean ere  atez ate jasoko omen dira zaborrak aurki, itsasgora ekologista haziz eta zabalduz doan seinale.

Baina, ingurumena errespetatzeko bidea luzea eta argi-ilunez betea da.
Errausketaren aurka eta atez-atekoaren alde gogor ari diren askok eta askok, alkatetzan dagoen taldeak tartean, ez dute ja ere esan harrobiek, autobideek edota errekara doazen isurkin kutsakorrez, baina are ulertezinagoa da, 200 bertoko haritz, zaharrak asko, ederrak guztiak, bota izana Pasaiako Albaola elkarteari emateko, antzinako baleontzi baten errepika egin dezaten. Bertoko haritza izaki biodibertsitaterako garrantzirik handiena daukan Euskal Herriko zuhaitz espeziea, eta hariztiak hain urriak izanik Araban eta Nafarroan… Gipuzkoan eta Bizkaian aspaldi desagerrarazi zituztelarik.
Ekologismo merkea batzuena, aldian aldikoa.

Ekologismo orain bai-orain eztarra

12 pentsamendu “Ekologismo orain bai-orain eztarra”-ri buruz

  • Itzain, batetik, zaborrontziak erretzearen harira egiten duzun ironia Egibarrek bere garaian ezker abertzaleari buruz egindako txistearen oso antzekoa suertatzeagatik originaltasun faltakoa izateaz gain, Beranduegikoek Egibarren txiste horren inguruan egindako parodia merezi du, hau da, gogorik gabe barrez hastea, grazia-oste bat antzeztuz.
    Eta bestetik, atez atekoaren alde eta errausketaren aurka egotea, eta, aldi berean, beste ekologia gai batzuk ahaztea, tristea izan daiteke, aldatu beharreko jarrera eta portaera, etab., baina ez zuzenean kontrajarpen salbagaitz bat. Denok ditugu kontraesanak, ezta?
    Guztia nahas-mahasean jartze horrek, gainera, ze helburu du? Kontraesanak daudela azpimarratzea? (hala bada, honetan ere ezer berririk ez, jakin bai baitakigu badaudela eta ez txikiak. Haiek gainditzeko asmo irmoaren gabezia litzateke larria, nire ustez); Zure herriko alkatetzarekiko herra adieraztea?… Zein da zure helburua, benetan.
    Haritzen salmenta dela eta artikulu serio bat egin izan bazenu, gogoz irakurriko nuke, hausnartzekoa dela iruditzen baitzait, baina halako min, gorroto jario baten baitan irakurtzeak ia kontrakoa lortu du.

  • Nire helburuak bi izan dira. Batetik itxurazko ekologismoa salatzea, ez ezker abertzalearena soilik, baita beste talde batzuena ere. Horregatik ez dut berariaz ezker abertzalea seinalatu. Eta bestetik, bertan benetako konzientzia ekologista dutenak akuilatzea, egon badaude eta. Edonola ere, “kontraesanak egon badaude” oso-oso epai aldekoa dela iruditzen zait. Uste dut kontraesanak baino, bestelako arazo baten isla dela deskribatu dudana.

  • Amonamantangorri 2013-02-21 17:22

    Azken parrafoan aipatzen denari buruz zerbait irakurria nuen Diario de Noticiasen argitaratutako gutun batean. Salaketa bitxia iruditu zitzaidan, hainbat arrazoirengatik:
    .
    – Sakanan eta hainbat lekutan zuhaiztirik ez litzateke egonen, gizakiak mendia zentzuz erabili eta zaindu izan ez balu. Izan ere, mendi gehienetan ikusten duguna ez da batere “naturala” eta “basatia”, parke natural apur batzuk salbu. Mendia mimoz garbitu, eraberritu eta zaindu izan dute inguruko biztanleek, bertatik etekina ateratzeko, tartean egurra, izan pagoa, arkazia, gaztaina, lizarra edo haritza.
    .
    – Nik dakidanez, “montero” edo mendi-teknikari batek aukeratzen eta baimentzen ditu bota beharreko zuhaitzak. Haren baimenik gabe ezin da zuhaitzik bota, izan bi, izan berrehun. Honako hauxe gogoratu zuen Iker Manterolak, Sakanako Garapen Agentziaren izenean (albistea ez dut jatorrizko hedabidean aurkitu): “Se han respetado los Planes de Gestión Forestal y por ello la sostenibilidad del bosque. Además, tanto guardas forestales del Gobierno de Navarra así como representantes de cada ayuntamiento han participado en la elección de los robles, por lo que se han respetado siempre los intereses locales”. Albiste berean esaten denez, Etxarri-Aranatzen bakarrik 2012an 5.740 zuhaitz bota ziren salmentara bideraturik, horietaik 2316 haritzak.
    .
    Salaketa gogor horretan, haritzak aipatu beharrean adibidez makalak edo gaztainondoak aipatu izan balira, igual salaketa ez litzateke hain gogor eta hunkigarria geldituko. Izan ere, euskaldunarentzat haritza ez baita edozein arbola bezalakoa…
    .
    Saio ona, baina huts egin duzue.

    • Barka amona, baina basoek ez diraute gizakiari “esker”. Gizakiak jardun arren diraute baso gutxi batzuk, gehien gehiena monolaborantza baita, pinu eta eukalitu arrotzak Gipuzkoan eta Bizkaian, eta asko (askoz aniztasun handiagokoa hala ere) Nafarroan ere. Mendia zaindu mimoz, lehen egongo zen agian. Egun gehiena ustiaketa mekanizatu basatia da. Baita Nafarroan ere, baina basatietan basatia Gipuzkoa-Bizkaietan.
      Bestalde, mendi teknikariak ez dira jaungoikoa. Eta denetik dago, botikan bezala. Gainera mendian, beste eremu batzuetan bezala, interes asko gurutzatzen dira: egurzaleenak, aziendadunenak, artzainenak, ehiztarienak… eta politikarienak, aurrekoak nahikoa ez balira. Mendietan era guztietako basakeriak egiten dira, teknikarien baimenaz ere. Hirigintzan bezala, eta beste alor batzuetan bezala.
      Hona ekarri duzun pasartea hizkera politiko interesatuaren adibide bikaina da. Batetik, horretan aritu udal ordezkariak alderdi berekoak dira guztiak, eta bestetik, bertoko interesak errespetatu direla txiste gazbakoa da: bioaniztasunari erasoa da, nork egin ere, eta gainera haritzok debalde joan dira Pasaiara, beraz…
      Azkenik, Etxarrin bota diren arbolez ari zarelarik, saiatuko naiz datuak eskuratzen, baina Altsasun behintzat apenas bota ohi da bertoko haritzik. Haritz amerikanoak (arrotzak eta gaizki bertakotutakoak) bai, ostera. Ez dira Etxarrikoak ere amerikanoak izango? Baietz egingo nuke. Enteratuko naiz.
      Edonola ere, bertoko haritz bakar bat botatzea akatsa iruditzen zait.

      • Amonamantangorri 2013-02-21 19:00

        Bai ba, Itzain. mendia, edonon, dagoen bezala dago gizakiaren jardunaren ondorioz. Egoera hoberenetan, azindek lurra garbitzen dute, baserritarrek orbela bildu abereei ohea egiteko, estartak ez ditu larrak eta lohiak jaten, eta zuhaitz bat bota orduko bestea aldatzen da… Hori gertatzen da -edo zen- mendiak jarduera ekonomikoa eskaintzean. Egun, landa-eremuetan mendia ez dago behar bezala zaindua, zikina dago. Hortik, udaoro suteak.
        .
        Baina tira ba, baliteke zuk ere arrazoi parte handia edukitzea.

        • Mendiaz (ere) ez dakigu gehiegi kaletarrok. Zeuk aipatutako
          “monteroetako” batek esana, Sakanako mendiotako lurrak bereziki pobreak dira, gehiegizko orbel-biltzearen ondorioz.
          Kaletarroi, bereziki, baina “menditar” askori ere, mendia “garbi” gustatzen zaio, hots, zuhaitzak eta belarra edo orbela, sastrakarik gabe apenas, berdegune bat bailitzan. Baina hori ez da basoa, hori parke bat da, eta parkeetan bizitza basoetan baino askoz urriagoa izan ohi da.

  • euskovlaams 2013-02-22 09:25

    Eskerrik asko Itzain zure ekarpenagatik. Gatazkak gora eta gatazkak behera, hamarkadak galdu ditugu gure herri honetako basoak, ibaiak eta itsasoa bortxatzen ziren bitartean. Gipuzkoa eta Bizakaiako pinudi eta “ibaiek” negargurea ematen dute.

    • Eskerrik asko zuri. Horixe negargura ematen dutela. Eta “iraunkortasun” araudi guztiak betez, eta teknikarien nahiz politikari gehienen bedeinkapenarekin ustiatuta ere, a zer txikizioa egin dugun bazterrotan!

  • Kateak_Apurtu 2013-02-22 13:43

    Egia esan gauza askotan ados nago, Itzain. Salagarria iruditze zait Pasaian hori egin badute salatzea.

    Intentzio txarrekoak iruditu zaizkit aldiz kale borrokaren gaiak eta pankartek uzten dituzten zeloak testuan txertatzea.

    Noski daudela lege asko aldatu beharrak, jardun asko gehiago arautu beharrak etb. Hori ordea gehienbat diputazio eta eusko jaurlaritzaren eskumenetan daude.

    Bestalde gai konkretuetan egiten diren ahaleginak txalotu beharko zenituzke, eta ez beste gaietan behar bezain beste ez egiteagatik, dena desitxuratu, eta “benetazko ekologistak” ez direla esan.

    Kritika ezazu 200 haritz zahar moztea, horretan ados, baino Anek esan bezala dena nahas-masean hartzea dena kritikatzeko ez da eraikitzailea.

    • Intentzio txarrik ez da egon Kateak… Letxe txarra bai, nahi baduzu, baina uste dut badugula horretarako eskubidea, batez ere beste guztiekiko bai letxea bai intentzio txarra ere, urte luzez erakutsi dutenei zuzentzeko orduan. Eta uste dut iruzkinean sartutako guztiek joan behar dutela batera, ingurumenarekiko sentsibilitateak guztiak hartu beharko lituzke-eta. Ezin da erraustegiari begira jardun eta errekari edo autobideari ezikusiarenak egiten egon. Ez du ez hanka eta ez buru. Bestalde, errausketaren gaia ere ez da udalen eskumenekoa, baina hor dabiltza eskualdeko udal gehienak borrokan murgildurik, eta hala behar du gainera. Udalek asko dute esateko eta asko egiteko, uste baino eskumen gehiago daukatelako eskura, batetik, eta herritarrengan eragin indar handia dutelako bestetik.
      Nik uste dut ingurumen politika osoago baten falta agerikoa dela ezker abertzalean ere, eta urratsak egin beharra duela lehen bai lehen, barruan ere eragozpenak aurkituko dituen arren.
      Hori bai, beste alderdiei ez nieke kritika eta eskari hori luzatuko. Zertarako?

      • Kateak_Apurtu 2013-02-22 15:26

        Erraustegia ez da udalen eskumenekoa, baino herri bakoitzeko bilketa sistema bai ordea.

  • Eta egungo zaborrontzien zaintza eta biketa, eta errekara doazen uren kudeaketa, eta basoena, eta Garbigunearena, eta abar.
    Baina gainera presio handia egin dezake udalak, oso handia, bere eskumenekoak ez diren gaietan ere, nahi izanez gero.