Bizkaiko aberatsak
Bizkaiko aberatsak –
Xabier Gantzarain Etxanizek berria egunkarian.
Egunero autobusa hartu, eguna argitzen ikusi, erdi lotan joan eta Bilbora sartzearekin batera esnatzen zen Arte Ederretako ikasle harentzat, Bilboko Guggenheim museoa nola ari ziren eraikitzen ikustea izaten zen eguneroko errituetako bat. Inguru zikin eta gris ilun hartan nola ari ziren jasotzen metalezko hezurdura dorre hura, fakultatean erakusten zizkiguten artisten lanak hartuko zituena gero, beharbada.
Orain, handik 30 urtera, lokamutsetik esnatu garenean, galdu dira kultur kezkak, ahaztu dira Joseba Zulaikaren liburuak, atera da berriro gabarra, eta agurra iragarri du museoak 30 urtean izan duen zuzendari nagusi bakarrak.
Helburuak ondo beteta agur esan ere. Ezin zaio ezer kendu Juan Ignacio Bidarteri, iraun egin behar du horrenbeste urtean era horretako museoa zuzentzen, ekaitzaldi eta barealdi, urtea joan eta urtea etorri. Ezarri ere ez: egin duen horrexetarako jarri zuten egon den tokian. Dagoen tokian.
Gauza bat daukat txarra: ez dut sinisten meritokrazian. Enpresa ikasketak 1978an bukatu zituen Deuston, graduondokoa egin zuen gero AEBetan, Bostonen, MIT ezagunean. Zeinek ordain ditzake halako ikasketak?
Juan Mari Vidarte lorategia bada Bilbon, bere aitaren omenez hala izendatua. Abokatua, senatari izana Madrilen 1977tik 1979ra Frente Autonomikotik, Gernikako Estatutuaren idazketan parte hartua, Bizkaiko Abokatuen Kolegioko buru izan zen hainbat urtez. Athleticzalea. Eta jeltzalea.
Juan Ignacio Bidarte 1989an Bizkaiko Foru Aldundiko Zerga eta Finantza Politikako zuzendari nagusi izendatu zuten. Ez dakit oposaketak atera zituen ala kargu politikoa zen, edota biak; ezin ba presazko arkeologia honetan denera iritsi. Juan Luis Laskurain Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuaren ondokoa bihurtu zen hala. Eta haren eskutik sartu zen Guggenheim Fundazioarekin hasi zituzten negoziazioetan; ingelesez ondo zekielako, batzuk esatera. Izango zituen beste bertute batzuk ere.
Ganorazko arkeologia egin nahi duenak irakurri beharra dauka Joseba Zulaikaren Crónica de una seducción. Batetik, oso garbi erakusten duelako Guggenheim Fundazioak, edo hobeto esanda Thomas Krensek, dirua usaindu zuenean bakarrik hartu zuela aintzat museoa Bilbora ekartzeko aukera, batez ere Espainiako Errege (orain) emerituaren koinatuak, Carlos Zuritak, Krensi galdera hau egin zionean: badakizu zenbat Ogasun dauden Europan? Ba, estatu bakoitzeko bat, gehi Hego Euskal Herriko lau. Eta bestetik, Krensek berak aitortu zuelako Juan Ignacio Bidarte zela negoziazioetako atzeko atea, bere esanak zuzenean lehendakariari helarazten zizkiona, eta alderantziz. Ardanza zen lehendakaria orduan. Laskurain baztertu egin zuten gero, Bidartek proiektuan mantentzen asmatu zuen.
Baita ondo mantendu ere. Bidarte ez da Bilboko Guggenheim museoaren zuzendari nagusia bakarrik, Guggenheim Fundazioaren Estrategia Globalerako burua ere bada 2008tik. Garaitsu hartan atera zen lehen aldiz Urdaibain beste Guggenheim bat egiteko asmoa.
Gauza bat daukat txarra, beste bat: adinak erakutsi dit ez dagoela diruaren arrastoari jarraitzea bezalakorik. Eta Guggenheim museoaz ari garenean, diruaz ari gara.
Bizkaiko aberatsak