Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abilezia

Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abilezia –

Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abileziaUrruñarren artean, adinekoen artean, batez ere, Bixente Izkierdo ditxolari handiaren oroitzapenak bizi-bizirik dirau. Xanpun bertsolaria ere harekin trebatu omen zen errima kontuetan. Zorigaitzez, nehon ez dut deus idatzirik topatu gizon honetaz. Hori dela eta, duela bizpahiru urte ezker-eskuin galdezka hasi nintzaien adineko hainbat herritarri. Ez nuen, tamalez, gehiegi atzeman, betiko gertaerak baitira urruñarren ahoetan errepikatzen direnak, ziur aski haien garaietan sona handikoak izan zirenak, eta ahoz aho, etxez etxe zabaldu zirenak. Dena den, ditxolari bizkorraren nondik norakoak ezagutzeko honako lekukotasunak aski direlakoan, lerro hauetara ekartzen ausartu naiz.

.

Bixente Izkierdori buruzko hainbat zehazkizun

Bixente Izkierdo 1895. urtean sortu zen Urruñako Ziobehere etxaldean, familia bordari batean. Anai-arreba franko ziren etxean. Ez zen eskolan ibili eta ez zekien irakurtzen, baina bazuen berezko jakituria bat bere mintzairan gazte-gaztetik islatzen zena. Edozer erraiten ziotelarik, berak bazekien erantzun errimatu bat ematen, gehien-gehienetan irringarria zena. Hori bai, beti errespetuzko erantzunak ziren, emazteekiko lizunkeria merkeetan nehoiz erori gabe. Mintzatzeko zuen abilezia horrek famatu egin zuen herrian, eta urruñarrek maite eta errespetatzen zuten.

Donadoa zen, gizon mehea, 1,75 inguru neurtzen zuena. Janzkera tradizionala erabiltzen zuen: atorra, galtza, abarkak eta buruan beti euskal kapelua. Lepotik gibelera zintzilik ainitzetan parasola eramaten zuen eta botoilatxo bat izpirituz betea sakelan. Bizpahiru egunetako bizarra moztu gabea eta begi zorrotzak aurpegian. Gizon seriosa zen eta irri guttikoa. Galtza bakarra omen zuen, eta berak kontatzen zuenez, arreba batek garbitzen zion guztietan, ohean egoten zen.

Etxean hainbat behi eta baratza bazituzten ere, Bixente herriko etxeetan laguntzen ibiltzen zen sos batzuen edo jatekoren truke. Hori dela eta, ainitzetan herriko beste etxeetan gelditzen zen bazkaltzen, afaltzen edota baita lo egiten ere. Erdi hargina zen, eta paretak egiten ere bazekien.
Kontrabandan ere ibili omen zen izpiritua edo pattarra Hegoaldetik pasatzen. 1967an, 72 urte zituelarik, zendu zen.

.

Herritarren lekukotasunak

Arotzenia ostatuko seme den Pierrot Haltzuet-ek ttikia zelarik ezagutu zuen, ostatuan sarturik. Pierrotek garai hartan hamabi bat urte zituen, gaur berriz, 84 urte ditu, baina burua bizkor eta gorputza osasuntsu.

Gogoan du Bixente Izkierdo behin joan zela etxera belar-meta bat egitera. Horretarako zurubi bat erabiltzen zuen. Meta eginda, solasean aritu ziren kafe baten inguruan etxeko jauna eta Izkierdo. Garaiko politikaz ari omen ziren. Haltzuet jaunak “hau egin dute eta bestea. Ez dakit zer izanen den gutaz horrela jarraitzen badute” eta ohikoak erraiten ari zitzaizkion. Bixentek hitza hartu eta honela erantzun zion: “Instantean joan beharko dugu mendirat eta bazterrekoak erdirat”.

Zugasti-baitako seme den 86 urteko André Zugastik honako gertakizuna kontatu dit: “Behin, Izkierdo Ibardineko bidetik herrirat heldu zela, jendarme batek ALTO! erran zion. Eta Izkierdok erantzun: moi à pied et vous à moto”.

Baina, zalantzarik gabe, pasadizo gehien kontatu didana Mattin Aldako izan da, duela 77 urte Hattinga-baita etxean sortua dena. Honen aita, Dionisio zena, Bixenteren komunioko laguna zen, eta ditxolaria biziki ongi ezagutu zuena.

Behin, Bixente etxera joan zitzaien eta Mattinen Josef anaiak honela erran omen zion: “Egun on, Bixente. Zu beti promene. Eta Izkierdok erantzun: aberatsak beti ibiltzen ziren ere”.

Bixentek bazuen Antton izeneko anaia bat, hil zitzaiona. Behin Antton hilik zegoela ez zekien batek anaiaz galdetu zion: “Non duk Antton? eta Izkierdok erantzun: Antton han duk, zeruko atean planton”.

Hargina trebea zela, dudarik ez. Behin egin omen zuen zerri-etxola bat eta borta egiten ahantzi. Beste behin, berak egindako pareta bat erori omen zen eta nagusiak Bixente ikustean honela erran zion: “Hik egin pareta erori duk! eta Izkierdok erantzun: ez nian betiko egina!”.

Etxeberri erretorak behin deitu omen zion eskolako paretak kisuaz xuritzeko. Eskatu behar zizkion sosengatik kezkatuta honela galdetu zion: “Errazu Bixente, ez didazu hautsiki haundirik eginen? eta Izkierdok erantzun zion ahoan eskas zituen hortzak erakutsiz: nere hortzekin ez!”

Ainitzetan lanik gabe egoten zela eta, adiskide batek laster Ziburuko portuan itsasoratu behar ziren arrantzaleak gogoan zituela honela erran omen zion: “Baina Bixente, ez duzu lanik? Ibili beharko zinuke arrantzan. Eta Izkierdok erantzun: urerat erori lehenbiziko balantzan”.

Gaur Clément Laurenzena karrika den pettarra beheiti zihoala behin, jendarme ezagun batzuk hurbildu zitzaizkion eta bere parean joanik hitz egiten zioten. Halako batean behetik goitti heldu zen jaun erretorak ikusi, eta preso zeramatela pentsatuta honela erran omen zion Bixenteri: “Ai Bixente, orain ere hauekin zoaz? eta Izkierdok honela erantzun: nahiago dut hauekin zurekin baino. Erretora enterramenduetan ibiltzen baitzen”.

Mattin Aldakoren aitaren anaietako batek Lorentxo izena zuen. Behin norbaitek honela galdetu omen zion gure ditxolariari: “Bixente, ezagutzen zinuen Lorentxo? eta Izkierdok erantzun: bai Lorentxo sortua zen ni baino lehentxo!”.

Hauek eta ainitzez gehiago dira Urruñan Bixente Izkierdoz kontatzen direnak. Norbaitek bildu beharko lituzke denak liburu batean. Bitartean, eta zoritxarrez, hau bezalako artikulu laburrekin konformatu beharko. Bixente Izkierdo pertsonaia izan da Urruñan, xelebrea, eta arras maitatua, bere erantzun errimatuekin urruñarren bihotza pizten eta alaitzen baitzekien. Hil zenetik berrogeita bederatzi urte pasatu diren arren, haren erantzunek eta haren umoreak bizi-bizirik jarraitzen dute urruñarren oroitzapen kolektiboan, eta luzaz horrela izanen delakoan nago.

.

Aitatxi baten kontakizuna

Behin, Urruñako Sokorriko Ama Birjinaren kaperaren inguruetan barrena nenbilela, otoitz egitera joandako aitatxi bat hurbildu zitzaidan eta Bixente Izkierdo herriko ditxolari famatuari buruz jadanik egina nuen artikulu edo bilduma aipatuz honela erran zidan:

–Zure paperean irakurri ez dudan istorioa kontatu behar dizut, zuri ongi idurituz gero, jakina!.
–Bai gizona! -ihardetsi nion nik- atsegin handiz entzunen dizut.

Eta nik emandako baiezko erantzunaz pozik, kontatzeari ekin zion.

“Behin, baziren Urruñan bi muttiko bizi-biziak zirenak eta bihurrikeriatan zebiltzanak. Arrats batez, eta iluntasunaz baliatuz, Urruñako hainbat etxetan sagarrak osten ari izan ziren. Zaku bat bete-betea zutela, herriko hilerrira sartu ziren sagarrak bien artean banatzeko asmotan.

Zakua aski handia zen, eta hortakotz, arrastaka eramaiten zuten. Hilerrira sartzean, gainezka zen zakutik bi sagar erori zitzaizkioten lurrera, baina ez zituzten jaso, zakuan jadanik sagar ainitz baitzuten. Hobien artean xoko goxo bat bilatu eta hortxe hasi ziren baltsan, sagarrak bien artean banatzen, alegia.

–Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….

Horretan ari zirela, iritsi zen Bixente Izkierdo hilerri aldera. Mozkorturik zegoen eta gaua pasatzeko xoko goxo baten xerka zebilen. Hilerri aitzinean zelarik, barrutik zetozen ahotsak entzun zituen:

–Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….

Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abilezia

Entzuten ari zena ezin sinetsiz, belarria ongi zorroztu eta berriz gauza bera entzun zuen:

–Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat….

Eskuan izpirituz erdi beterik zuen botoila lurrera bota eta lasterka joan zen. Apezetxera iristean, atean jo zuen indarrez, eta berant zen arren, jaun erretorak atea zabaldu zion.

–Zer nahi duk Bixente? Berandu ibiltzen haiz gaur.
–Jaun erretora, ez didazu sinetsiko, baina hilerrian Jainkoa eta debrua hildakoak elkarrekin banatzen ari dira.

–Baina zer erraiten duk. Jainkoak ez dik deus banatzen debruarekin. Bekatua duk hori!
–Ba, ez badidazu sinesten, etor zaitez nerekin, eta ikusiko duzu!

Jaun erretora, kapelua buruan ezarri eta Bixenteren gibeletik abiatu zen plazara buruz. Eliza ondoko hilerrira iristean, Bixentek honela erran zion:

–Jaun Erretora, entzun ezazu, otoi!

Eta erretora jaunak Bixentek erran bezala egin zuen. Belarria zorroztu eta entzun.

–Hau duk hiretzat, eta hau neretzat. Hau hiretzat, eta hau neretzat,
Hau hiretzat eta hau neretzat. Hau hiretzat eta hau neretzat. Hau hiretzat eta hau neretzat. Eta hau hiretzat eta hau neretzat, kitto!

–Eta kanpoan dauden biekin zer eginen dugu? -galdetu zuen muttikoetako batek hilerrira sartzean erori zitzaizkien bi sagarrak gogora ekarriz-.

–Bai, bi horiekin gauza bera eginen diagu -erantzun zion beste muttikoak-. Bat hiretzat eta bestea neretzat!

Hori entzutean, jaun erretorak gona beltza bi eskuez altxaturik, lasterka abiatu zen plaza beheitti, Bixente gibeletik zihoakiola. Apezetxeko atea esku bultzada batez zabaldu, eta biak lasterka sartu ziren barrura. Jaun erretorak gakoa zarpatik hartu eta fite zerratu zuen atea. Hortxe pasatu zuten gaua biek, ongixko afaldu ondoren. . Biharamunean, Bixentek Jaun Erretorarekin batera ederki gosaldu, eta apezetxetik joan zen.

Buka dezagun istorio hau Xerar Urrutia urruñar adiskideak egin dion amaierarekin: Apeza ikaratua / ta Bixente alegera, / afaria ta loa / urririk izan dituena. / Bakotxak bere sinesmena, / zerua ala lurra, / batzuen beldurra, / besteen malezia.

Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abilezia 

Bixente Izkierdo, edo hitz jokoaren abilezia

Euskaltzalea eta irakasle-ohia