Bisitari gogaikarriak

Bisitari gogaikarriak –

Pasa den asteburuan Hapoel Holon saski baloi talde israeldarrak Bilbo bisitatu zuen, Asiako kirol taldea izanagatik, Europako lehiaketa bat jokatzera, eta harekin batera 500 jarraitzaile inguruk. Hooliganak ostiral goizetik hasi ziren Alde Zaharreko karriketan zehar kalejira probokatzailean, mugimendu sionistaren banderak erakutsiz, zalaparta ateraz eta jarrera mehatxagarrian. Nolanahi ere, hebrearrek ez zuten espero zuten harrera abegikorra topatu, aitzitik, han-hemenka jarritako hamaika pankarta eta pintaketek erakutsi zieten ez zirela ongi etorriak. Hurrengo orduetan bisitari gogaikarrien aurkako protestaldiak antolatu ziren eta auzoko taberna eta establezimendu askok Palestinako banderak paratu zituzten atarietan sionisten aurkako gaitzespena adierazteko. Tentsio momenturik gorenenak igandean izan ziren, hooliganak ostatu eman zien Nix hotel israeldarretik baimenik gabeko manifestazioan Alde Zaharrera abitatu zirenean. Segizioa bandera palestinarrak zeramatzan auzokide talde bat erasotu eta bidean topatzen zuena birrintzen hasi zen. Bereziki, atean Palestinako bandera eskegita zuen Amets tabernarekin tematu ziren, hango altzariak jaurti eta establezimenduko zein inguruko atarietako kristalak txikitu egin zituzten. Suntsipen festa horren emaitza: bi atxilotu, baina ez erasotzaileen artean, ez, horiek inongo eragozpenik gabe hartu zuten Tel Avivrako bueltako hegaldia, auzoa defendatzen ari ziren herritarren artean baizik.

Bisitari gogaikarriak

Baina gertaerek, tamalgarriak izan badira ere, balio izan dute nor bere lekuan uzteko:

Israeldarrek erakutsi dute bortizkeria baino ez dakitela munduan zabaltzen. Gizarte militarizatu bateko seme-alabak izanik, ideologia supremazistan doktrinatuak izan dira eta mundu zabalean ezagutzen duten gaitzespenaren zergatiaz hausnartzea baino biolentzia harroputza dute erantzun bakarra.

Bilboko Alde Zaharreko auzokoek eraso faxista onartezinaren aurrean antolatzeko eta erantzuteko adorea erakutsi dute.

Prentsako hedabideek, berriz, etika falta lotsagarria erakutsi dute, haien jokaera erasotzaileen jarrera zuritu eta erasotuak kriminalizatzea izan baita. Batzuei, bortitzei, “zaletu” edo “jarraitzaile” deitu dieten bitartean, faxistei aurre egin dieten auzokideei “Palestinaren aldeko erradikalak”. Batzuk, biolentoak, gozotu; eta besteak, erasotuak, deabrutu egin dituzte, estrategia jakin bati jarraituz.

Eta Bilboko erakunde eta indar polizialez, zer esan… bertako gizarte mugimendua grina handiz erreprimitzea beste zereginik ez dutela, izan ere, herritarren segurtasuna benetan jokoan dagoenean ezikusiarena egiten dute, baldin eta erasotzailea faxista bada.

Pasa den asteburukoa ez da izango, zoritzarrez, Israelgo kirol ordezkariek eta euren tropelek Euskal Herria bisitatzen duten azken aldia. Luze gabe hemen izango ditugu berriz, eta badugu zer ikasi Bilbon gertatutakoaz. Ez gaituzte kikiltzen eta ez ditugu normaltasunez onartuko. Etorri adinetan izango gaituzte aurrean hori aurpegiratzeko. Palestinarrek sumud deitzen diote horri, irauteko kemena.

Bisitari gogaikarriak

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

3 pentsamendu “Bisitari gogaikarriak”-ri buruz

  • Harrigarria 2022-05-16 18:04

    Zenbat gorroto, Koldo! Barrenak jan behar dizkik.

  • Zergatik dago Israel markarekiko politika hau hemen, baina ez Espainia edo Frantzia markekiko? Diot, selekzioak, enpresak, adjudikazio publikoak… CAFek Tel Aviven egiten duen aldioro, boikota, Madrilen egiten badu, bost axola zaigu. Ez dakit egon beharko lukeen ere, baina batekiko boikota, besteari ongietorria ez da koherentea.

  • Bai israeldarrek, bai palestinarrek, ba al dakite Euskal Herria esistitzen dela?