Birritan ordaindu gabe, hobe

cd btx

2009tik hona gutxitan izan dut musika CD bat erosteko bulkada. Spotify-n entzun ditut -publizitate higuingarriz josia den arren-, youtube-n ere bai, deserosoa baiki, edo mp3an saretik ordainpean (gutxitan) edo Ekaitzalditik doan (askotan) jaitsi ditut. Lortu ditudan azken CDak oparitu egin dizkidate: bata Oier Aranzabalek –Lou Topet-, bestea Antton Aranburuk. Zorionekoa ni.

Kontua da Berri Txarrak-en azken CDak erosteko irrikitan nagoela -nobedadea zer den-. Azalpen musikal antieuscool bat eman ordez, esango dizut arrazoi nagusia: Joseba Elorzak sortutako diseinua esku artean izan nahi dut. Aldiz, ia alferrik ditut 3 CDak. Ezin dut ba zer egin erabaki: diskoak erosi (16€) edota iTunes bidez jaitsi (11€). Bata zein bestea hanka motz gelditu zaizkit, eta biak garestiegi.

Musika kontsumo dispertsoa da neurea, beste askorena bezala pentsatzen dut. CDa autoan erabiltzen dut asko jota, Bluetooth bidez Spotify jartzen baitut gehienetan (nire azken CDak zebrak baino marratuago daude); kalean sakelekoa aurikularrekin bat, eta etxean bozgorailuen alboan. CDa motz gelditzen zait, etxeko erreproduzitzailea aspaldi askatu bainuen entxufetik. Mp3 biluziak, aldiz, fisikoa ez denaren hutsunea eragiten dit (Elorzaren lana nahi baitut). Baliteke neure ergelkeria hutsa izatea, zuk esango didazu.

Berdin BTX ala beste edozein izan, lehenbizi esan nahi dut badagoela tarteko bide bat (gutxienez) ni bezalako kontsumitzaile xuhurra asetzeko. Zergatik ez saldu CDaren kaxa CD barik? Horren lekuan (edo horrez gain), deskargarako kode bat, nahi beste dotoreziaz jantzia.Akabo dilema.

Lotsa pixkat ematen dit gai hau miopiatik azaleratzeak. 2009an erosi nuen azken CDa, Lendakaris Muertos-ena (letren posterrean nire argazki -orain lotsagarria- agertzen zelako). Hiru Kortxea-ko lagun batek esana dit oraindik musikalki akultural jendea naizela, ilustratu beharrekoa. Definizio ezin hobea, aitortu behar diot. Ez dut balio Paperezko Kontzertuetan entzule-fin izateko, kontzertuei buruz ez bainaiz 140 karakteretik haratagoko hausnarketak garatzeko gai. Orain dela gutxi, Napoka Iria oso gustura entzun nuen, Parral tabernan; ez nuen abesti bakarra ere ezagutzen. Horixe ba, adituoi barkamenak, baina esplikatuidazue arren zer egin musika birritan ordaindu gabe entzuteko. Ni bezalako akonplejatu eskulaburrak ez baikara ez bat, ez bi.

IMG_3647

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra