Biluzteko eskubidea

Deustuko afera horrek geure intimitatearen gaia kolokan jarri du berriro ere. Sare sozialen bidez, muga hori arin gainditzen dugu behin eta berriz. Konturatu barik, nahi gabe, geure intimitatea plazaratzen dugu publikoki, horrek dakarren guztiarekin. Ez dakigu nork leitzen digun, ezta esan dugun horri zein erabilpena eman litzaiokeen.

Hala eta guzti, adierazpen askatasuna dugu. Dela politikaz mintzatzeko, dela argazkietan biluzik agertu eta beste bati pasatzeko eskubidea dugu. Halere, eskubide horiek ardurak dakartzate; gauzatzeak izan litzakeen ondorioak (goiko parrafoan aipaturiko “arriskuak”), hain zuzen. Izan ere, oso erlazio estua daukate biek. Eskubideak ditugula-eta; betebeharrak/ ardurak dagozkigu eta betebeharrak/ ardurak ditugula-eta, eskubideak dagozkigu. Animaliek betebeharrik/ardurarik ez daukatela-eta, ezin dute eskubiderik izan.

Gauzak horrela, argazkietan biluzik agertzen den jendeak argazki horien ondorioak zeintzuk izan litezkeen argi izan beharko lituzke. Irudi horiek zer eragin daukaten eta horren ondorioz zer erabilpen gaiztoa eman litzaiekeen begibistakoak dira, beraz, nolabait kontuan hartu beharko lituzke. Denok dakigu sexuak eta intimitateak morboarekin duten harreman estua, baita gizakiok zer morbosoak garen ere.

Pablo Sastrek bere liburu batean “natura etikaren gainetik” dagoela nolabait esan zuen. Ez gara guztiz arrazionalak eta askotan irrazional jokatzen dugu. Dudarik ez. Hau horrela dela-eta argazkietan biluzik agertzeko eskubidea dugu horrek dakarren guztia kontuan hartuta. Geure intimitatearen jagole eta arduradunak gara. Hori argi izan dezagun. Bestela, ez ginateke geure buruaren jabe izango; beraz, eskubideak izateko sujetoa ere.

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Zer duzu buruan “Biluzteko eskubidea”-ri buruz