Morboak mugituta

Deustuko Unibertsitatea, Bilbo

Ziur naiz guztiek entzun duzuela gaur bertan gertatu dena Deustuko Unibertsitatean (Bilboko campusean, zehazki). Kontua da norbaitek hainbat ikasleren (gehien bat nesken) argazki konprometigarriak  eskuratu  eta Whatsapp aplikaziotik bidali dituela. Horietako askotan ikasleak biluzik azaltzen omen dira.

Hau zabaltzen joan den heinean, denetariko informazioak sortzen joan dira: Deustuko wifia hackeatu dutela, unibertsitateko sei ikasle eta bi apaiz atxilotu dituztela, gero ezetz, dekanoa izan omen dela erruduna, eta azkenekoa: neska bat bere buruaz beste egiten saiatu dela zazpigarren pisutik salto eginaz, eta orain koman dagoela.

Ez dakit ze punturaino izango diren egia eta zeinetaraino gezurra baieztapen hauek guztiak, ezer ez baita oraindik egiaztatu. Bien bitartean, Twitterreko eta Facebookeko kontu ofizial eta webguneko komunikatu baten bitartez, unibertsitatekoek adieraztera eman dute beraiek ez dutela zerikusirik gertatu denarekin. Are gehiago, biktimak salaketa egitera animatu dituzte.

Nire zalantza zera da, egia zein gezurra izan, zer mundutan bizi gara halako muturretara iristeko? Zergatik ez gara gai bestea bakean uzteko? Azken finean,

  1. Norbera bere gorputzarekin nahi duena egiteko aske da; beste inor mintzen ez duen bitartean, nahi dituen motako argazkiak ateratzeko eskubidea du.
  2. Delitua da baimenik gabe besteen artxibo eta dokumentuak eskuratzea.
  3. Hackerrak (argazkiak lapurtu dituztenak) bezain errudun dira milaka pertsonari iritsarazi dizkietenak.
  4. Argazkiak bidaltzen hasi aurretik gomendagarria litzateke pentsatzea ea norberak ere halakorik duen ezkutuan gordeta.
  5. Lagun hurkoaz barre egitea gustuko duenak baditu bestelako bideak.
  6. Ez naiz bortitza izango, disfrutatu nahi duenak, bada, bestelako bideak ere baditu disfrutatu ahal izateko.

Errepikatzen dut, gutxi axola zait entzundako guztiak errealitatea islatzea edo ez islatzea[1], baina norberak gogoeta ttikia egin beharko luke gaiaren inguruan, konturatzeko ea zer den garrantzitsuagoa: jokabide etiko eta morala ala morbo hutsak mugitutakoa. Eta bide batez, jabetzea inoiz baino kontu handiagoa izan behar dugula gauza pertsonalekin, gaur egun intimitatea, lagunartea, askatasuna eta delitua oso marra lausoak bereizten baititu.



[1] Zurrumurruak besterik ez badira, egileak lotsaturik beharko luke egon.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

7 pentsamendu “Morboak mugituta”-ri buruz

  • Atzo erakutsi zidan lagun batek Whatsappen jasotako bideoklip horietako bat. Bertan ikusi nuen gorputz ederreko neska bat grazia handiz kamararen aurrean biluztuz eta dantza bero batean gerriak eta aldakak mugituz, nonbait bere kuttunari oparitu nahiz oroikarri bihurritxo bat. Eta pentsatu nuen zeinen pertsona eskasa den bideo hori zabaltzea erabaki duena, dela ustezko “kuttun” hori edo neskaren “adiskide” hurkoren bat. Eta pentsatu nuen poztuko nintzatekeela harrapatuko balute eta gogor zigortuko balute. Baina pentsatu nuen baita ere agian zigor horrek ez duela neskaren aztoramendua sobera arinduko eta zenbateraino gizartearen erreakzioak ez ote duen oharkabean laguntzen “kuttun” edo “adiskide” horrek hasitako lana burutzen, gertakariaren inguruan lotsazko, konpasiozko eta marmarrezko lanbro bat zabalduz. Eta pentsatu nuen bideoan ikusi dudan neska, harro atera litekeela kalera orain denok ikusi dugulako zeinen gorputza dotorea duen, nolako graziaz mugitzen dakien eta zeinen bihozpera, maitagarria eta eskuzabala den, maite duenari horrelako opari goxoa egiteko.Eta pentsatu nuen ez dagoela burutik oso sano horri lotsagarri irizten diona. Eta pentsatu nuen horrelakorik eginda gaudenok badakigula zeinen polita eta zirraragarria den eta inoiz egin gabekoei noizbait egitea baino gauza hobeagorik ezin diegula opa. Eta pentsatu nuen bideoko neska bezalako bat, bizitzan gutxik iristen duten saria dela. Eta pentsatu nuen ezagutzeko aukera banu besarkatu eta zoriondu egingo nukeela, guztien ametsezko neska izateagatik. Scarlet Johahnsson biluzik erakusten zuten argazkiak zabaldu zirenean duela hilabete batzuk, jende askok munduan zehar argitaratu zuten norkberea ere jarrera berberean. Hitzezkoa baino askoz ere elkartasun eraginkorragoa. Elkartasunaren txapeldunak omen garenok izango al dugu beste hainbeste agiteko adorerik?