Bilboko Alde Zaharrarekin zorra kitatzeko aukera

Bilboko Alde Zaharrarekin zorra kitatzeko aukera –

Joan den urtarrilean, eta datorren ikasturterako matrikulazio-epea hasteko egun gutxi batzuk falta zirenean, Presentación de María-Hijas de la Cruz ikastetxeko arduradunek jakinarazi zuten 2021-22 ikasturtean eskolak bere ateak itxi egingo dituela.

Bilboko Alde Zaharrarekin zorra kitatzeko aukera

Hala, Solokoetxe eta Alde Zaharraren artean dagoen eskola honek, duela 160 urte baino gehiago sortua, bere jarduera behin betiko eten egingo du datorren abuztuan, 200 familia baino gehiagok eta 33 langilek osatutako hezkuntza-komunitatea kaltetuz. Baina ez hori bakarrik, Hijas de la Cruz-en itxierak Alde Zaharrean, Solokoetxen eta Atxurin eragin zuzena izango du, kontuan izanda auzo hauetan hezkuntza mapak dituen gabeziak.

Itxiera hau gauzatzeko prozedura tamalgarria izan da hainbat zentzutan: Batetik,  Hijas de la Cruz eta Kristau Eskolako arduradunek beren hezkuntza-komunitateari bizkarra eman diote eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak eskolaren itxiera babestu besterik ez du egin, bere utzikeria agerian utziz. Izan ere, hau gertatuko zela jakinda, Hezkuntza Saileko arduradunek ez dute inolako aurreikuspenik egin, ez eskolarik gabe gelditu diren familiei irtenbide bat bilatzeko, ezta Bilboko Alde Zaharrean 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintza auzokideen beharretara egokitzeko.

Erabaki honek Ibaoindo barrutiko beheko auzoetan aspalditik datorren arazo bat agerian besterik ez du utzi. Izan ere, Solokoetxe, Iturralde, Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-eskaintza publikoaren egoerak okerrera egin du azken urteotan; honen aurrean, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute Eskola Mapa auzo horietako bilakaera demografiko eta urbanistikora eraginkortasunez egokitu eta, era berean, ez dute inbertsiorik egin, ez auzo hauetan hezkuntza-eskaintza publiko eta euskalduna handitzeko, ezta Mujika eta Atxuriko eskolen instalazioen kalitatea handitzeko ere.

Gainera, hezkuntza publikoaren eskaintzaren gabezia bigarren hezkuntzara eta batxilergora ere hedatzen da. Hala, Eusko Jaurlaritzak Emilio Campuzano Lanbide Heziketako ikastetxearen ondoko lursail batean Batxilergoko Institutu bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen aspaldi, baina egun zain jarraitzen dugu eta proiektua oraindik ere ez da jaso Jaurlaritzaren inbertsio-planetan.

Utzikeria honek jarrera politiko argi bat erakusten du eta EAJk eskola publikoarekiko erakusten duen axolagabekeria auzo hauetako familiek ordaintzen dute: Ikasle askok euren auzotik urrun dauden ikastetxeetara jo behar izaten dute, Mujikan eta Atxurin leku nahikorik ez dagoelako, eta errealitate hau gainera, Bilbon gero eta nabarmenagoa den eskola-segregazioarekin gurutzatzen da. Hala, Ibaiondo barrutiko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publiko batzuetan plazak falta diren bitartean, beste batzuetan (estigmatizatuta daudenetan) soberan daude, sare pribatuko zentroak kontsolidatzen doazen bitartean. Ezin dugu ahaztu, ikasleen kontzentrazio artifizial hauek injustizia sakonak eragiten dituztela eta arrakalak sakonduz, gure auzoetako etorkizuneko kohesio sozialari zuzenean eragiten diotela. Hau al da EAJk Bilbon eskaintzen digun euskal oasia?

Esan dugunez, Hijas de La Cruzen itxierak erakundeen utzikeria eta arduragabekeria azaleratu du baina, era berean, aukera politiko bat zabaltzen du, instituzio publikoek auzo hauetako hezkuntza-komunitateekin duten zor historikoa konpontzeko.

Bete gabeko konpromisoen aurrean, administrazioek mahai gainean irtenbide eraginkorrak jartzeko erantzukizuna dute, kalitatezko euskal eskola publikoaren aldeko apustua eginez. Arazo honek ikuspegi orokorra eta epe luzerako konponbide integralak eskatzen ditu, hezkuntza-komunitateko eragile guztiekin adostuta.

Horregatik, berandu baino lehen, eraikinaren erabilera aldatuko ez dela ziurtatu beharko litzake eta, bestetik, auzo hauetan 0-18 urte bitarteko hezkuntza-eskaintza publiko euskaldun eta integrala osatu. Baina, horretarako, instituzio arduradunek ausardiaz jokatu behar dute eta urte luzez abandonatuta utzi dituzten auzo hauetan inbertsio garrantzitsu bat egin, auzokideen beharretara egokituta eta tokiko hezkuntza komunitateekin elkarlanean.

Aukera-leiho bat ireki berri da Bilboko Alde Zaharreko eta inguruko auzoetako euskal hezkuntza-eskaintza publiko euskaldun ez unibertsitarioa duintzeko, eta erakundeek ezin dute aukera hau pasatzen utzi.

 

Bilboko Alde Zaharrarekin zorra kitatzeko aukera
Bilboko Alde Zaharrarekin zorra kitatzeko aukera

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.