Bilbok erdi-prezioan kutsatu ahal izango du

Bilbok erdi-prezioan kutsatu ahal izango du

Bizkaiko Aldizkari Ofizialak argitaratu duenez Bilboko udalak eta Bizkaiko Foru aldundiak akordio bat sinatu dute. Akordio horren ondorioz Bilbori erraustea erdi-prezioan aterako zaio hurrengo 10 urteetan. Hauek dira akordio horretan azpimarratu behar diren ideia nagusiak:

Aldundiak Artigasko zabortegira eramango du

Zabalgarbi errauste plantatik aterako den zabor toxikoa

Bilbok, berea den Artigasko zabortegiaren erabilpena Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utziko du. Horrela, Zabalgarbi errauste plantak sortuko dituen eskoria eta errauts toxikoak (“balioa gehitzeko prozesuetatik sortutako bigarren mailako hondakinak” testuan aipatzen dituen hizkeran) bertara eraman ahal izango ditu .

Bilboko udalak zabortegia uztearen ordainetan hobari handiak izango ditu erraustera eramango duenaren gainean

Hori al da, testuan aipatzen den “hondakinak kudeatzeko dagoen hierarkia errespetatzea”? Zergatik egingo diote hobaria erraustera eramango den zaborrari, eta ez, gaika bildu eta birziklatzera edo konpostatzera eramango diren materialei? Hiererakia laguntzak hierarkia horretako azpiko mailetan aplikatuz errespetatzen al da?

Kezkagarria da zenbait erakundek gauza bat esan eta kontrakoa egiteko erakusten duten erreparo falta. Herritarrak dena irensten dugun zergadun botoemale inozotzat hartzen gautuztela nabaria da.

Ondorengoak izango dira prezioak Bilboko udalarentzat:

  • Zaborra erraustera eramatea: 40,37 euro/tona.
  • Gaika bildu eta birziklatzera eramango duena: 48,07 euro/tona.
  • Gaika bildu eta konpostatzera eramango duen organikoa:46,33 euro/tona.

“behin betiko desagertu daitezen, egiten duen hiri hondakinen tratamendu zerbitzua”

Horrela aipatzen du Bizkaiko Aldizkari Ofizialak errausketan oinarrituz hiri hondakinei ematen dien tratamendua. Xelebrea gero desagertzea aipatu, eta, era berean, letra batzuk aurrerago, nora eramango diren zehaztea, Artigasko zabortegira alegia. Ez al zuten ba hondakin hoiek desagertu behar? Zertarako orduan zabortegia? Zaborra zabortegian pilatzea desagertzea al da? Ume txikiak bezala, ikusten ez duguna ez dagoela sinetsi behar al dugu?

Errausketaren mitoa: Zaborra desagertzen duela

Errausketaren gezur handienetako bat horixe bera da, zaborra desagertarazten dueneko ideia hori. Errausten den materialaren heren bat eskoria eta errauts toxiko modura geratzen da, erraustu aurrekoa baino arrisku handiagoko zabor bihurtuta.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia benetan betez gero, posible da zabortegien beharra nabarmen gutxitzea eta hauetara bidaltzen den errefusaren izaera asko jasangarriagoa izatea. Horretarako baina, hobariak eta pizgarriak hierarkiaren goiko mailetan aplikatu behar dira eta beheko mailetan aldiz atzera egiteko neurriak.

Berria Bizkaiko Aldizkari Ofzialean irakurtzeko esteka (37 orritik aurrera)

Bilbok erdi-prezioan kutsatu ahal izango du

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.