BilbaoBizi ala iraun?

BilbaoBizi ala iraun? –

Ekaina bukaeran jarri ginen pankarta atzean lehenengoz BilbaoBiziko langileekin batera, baina aspalditik datorren kontua da hau. 2018ko urrian, Alfonso Gil zinegotziak zuzendutako Bilboko Mugikortasun Sailak bere mugikortasun-planeko proiektu izarra, “Bilbao Bizi”, aurkeztu zigun: bizikleta elektrikoen alokairu zerbitzu publikoa. Bizikleta modernoak, azkarrak, ugariak, mailegu puntu gehiago, 24 orduko zerbitzua, berehalako asistentzia, mugikorrerako aplikazioa… 

BilbaoBizi ala iraun?

Baina berehala geratu ziren agerian bere argilunak: azkarregi matxuratzen diren bizikletak, hutsik dauden mailegu-puntuak, erantzuten ez duten frenoak… Denbora gutxian erabilera izugarri hazi da, NEXTBIKE-SAGALÉS enpresaren aurreikuspenak erabat txiki utzita: egunean batez beste 4 erabilera izango zituzten bizikletak, 20 bidaiatik gora egiten ari dira.

Zerbitzuaren hazkundea ez zen udalaren aurrekontu-partida handiago baten eskutik etorri: lizitazio-prozesura aurkeztu zirenen artean ahalik eta proiektu merkeena aukeratu zuen, udaleko aholkulariak “merkeegia” izanagatik mesfidati agertu baziren ere. Ezin esan erabaki horrek harritzen gaituenik, aspaldidanik hori baita Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia zein PNVk bere kortijo bihurtu dituen beste instituzio batzuetan sustraitzen ari den joera: zerbitzu publikoen azpikontratazio ahalik eta merkeena.

Zoritxarrez, LABen badakigu instituzioei merke ateratzen zaiena, garesti ordaindu ohi dugula langile eta erabiltzaileok. Izan ere, zerbitzuaren funtzionamenduarekin eta bizikletekin dauden arazoak oso agerikoak badira ere, ezkutuan geratzen diren lan baldintzak ez dira xamurragoak.

BilbaoBiziko langileei euren jarduera eta errealitateari erantzuten ez dien Bulego eta Langeletako Hitzarmen Kolektiboa aplikatzen zaie, bizikleta-maileguari dagokion metal merkataritzako hitzarmena aplikatu beharrean. Eta ezin ahaztu gabe utzi, bulegoetako langileek urteak daramatzatela 2012tik iraungituta dagoen hitzarmen hori birnegoziatzeko borrokan, haren soldata eskasek itota! Ez al da lotsagarria zerbitzu publiko batean lanean dabilen langile batek hilean 1.000 euro ziztrin kobratzeko aparteko orduak egin behar izatea?

Zerbitzuaren tamaina aintzat hartuta, plantilla oso txikia da eta gehienak ez daude lanaldi osoan. Lan karga izugarria denez, aparteko ordu mordoaegiten dituzte, eta ordu horiekin betetzen ez diren lanak, ETTetara joz konpontzen ditu enpresak. Guzti honen ondoriozko estresak, presak, heldu-ezinak… dagoeneko ETT bidezko langile batek sufritutako lan-istripuaeragin dute, baita zerbitzuaren kalitatean beherakada ere.

Egoera honen aurrean, antolatzen hasi ziren langileak. Honezkero bi kontzentrazio egin ditugu Udaletxearen aurrean, bizikleta-martxa bat, eskuorri banaketak asteazkenero, propagandaz josi ditugu jasotze-puntuak eta erabiltzaileak kexa daitezen dinamika abiatu dugu. Baina enpresak ez mugitzeko aitzakia merkea dauka: udalarekin sinatu zuen aurrekontuak lotzen omen dizkio eskuak.

Eta, bitartean, zer jarrera du Udalak? Bere azpikontratazio politikak sortutako gatazkaren aurrean beste albo batera begiratzen du. Birritan eskatu badugu ere, ez du ordezkariarekin bilerarik egin nahi izan. Zergatik? Ez duelako lan gatazka honen parte denik onartu nahi.

Zerbitzu publikoak azpikontratazioaren bidez eskaintzen dituzten Administrazio Publikoek, lan baldintzak prekarizatzeko alfonbra gorria jartzen diete enpresei: instituzioek negoziaketa kolektiboan zeresanik ez dutela diote; enpresek, instituzioek partidak aldatu ezean, zereginik ez dutela. Esplotaziorako zirkulu perfektua. Biek ala biek zukutzen gaituzte langileak: gure lan indarra esplotatuz batetik, eta diru publikoa poltsiko pribatuetan sartuz, bestetik.

BilbaoBiziko langileak ez dira Bilboko Udalak prekarietatera kondenatutako bakarrak: Etxez Etxeko  Laguntza Zerbitzuko langileak, BilbaoKirolak-ekoak, 010 zerbitzukoak… Lan gatazka guzti hauen aurrean, mezu argi batekin kontzentrazioa egin genuen Udaletxe parean: azpikontratatutako zerbitzuen prekarizazio prozesuen azken erantzulea udala da. Baina, esan bezala, praktika hau ez da udaletxeetara mugatzen: begiratu bestela Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatutako erresidentzietako langileen edota garbitzaileen borrokaldi luzeak.

2019an pairatutako lan istripuek agerian uzten dute prekarietatea eta azpikontratazioa txanpon beraren bi aurpegi direla. Errealitate lotsagarri horren aurrean, zerbitzu publikoek oasi bat izateko aukera lukete. Zerbitzu publikoak duintasunez eskaini eta garatu beharko lirateke; etekinak lehenesten ez dituen bestelako eredu baten erakusgarri izan. Horren ordez, azpikontratazioaren bidez, prekarietatea hedatzeko makinak dira. Eta erantzuleak oso argiak. Gure ardura da beste albo batera begiratzen jarrai dezaten ez uztea.

 

BilbaoBizi ala iraun?
BilbaoBizi ala iraun?