Bihar, martxoak 13a, Bolibartik Ziortzara 2000 lagun bake bidean
“Zure Hitza bakea da” goiburua aukeratu dabe biharko alkarraldirako eta hori jasotzen dauan pankartaren atzetik joango dira bertaratutakoak Bolibarretik Ziortzaraino Oiz mendiaren hegaletan zehar. Ermua, Elorrio, Amorebieta-Etxano eta Durangoko, Arratia inguruko, Arrigorriaga, Gernika-Lumo, Lekeitio, Ondarroa eta Markina-Xemeingo parrokietatik autobusak atarako dira eta Bolibarko plazan bi mila lagun inguru batuko dala uste da.
Antolatzaileek behin eta barriro dinoenez, ibilaldian parte hartu gura dabenak autobusez joan daitezala eta horretarako, euren parrokietara jo dagiela ia oraindik lekurik dagoan jakiteko, auto partikularretan joateak eragozpen haundiak ekarriko leukezalako, lekua dala-ta. Beste aukera bat Bizkaibuseko autobusa hartu eta Iruzubietan geratzea da. Handik Bolibarrera paseotxo bat dago, leun leuna.
Iazko harrera ona ikusita, IV. eta V. Bikaritzek bigarren ekitaldia prestatu dabe eta bertan izango da, besteak beste, Isaak Totorika Nafarroako La Olivako abat barria, iaz egon zan lez, orduan Ziortzako priore lez izan bazan ere.
Antolatzaile batek dinoan lez, “beharbada, Paulok baldintza eskasetan bizi ziran Korintoko kristinauei esandakoan laburtu daiteke guztia. Harek dinoskunez, ‘adiskidetasuna lanbidez emon deusku’, ‘geure ardurapean itzi eban adiskidetasun hori iragartea’ (2 Kor 5, 17-21). Hauxe da gure egitekoa, Eliza osoaren egitekoa. Ideologia eta uste pertsonal orotik haratago dagoan eskakizunagaz, Paulok behin baino gehiagotan dinoanez, Kristoren bitartez Jaungoikoagandik datorkigulako”. Azkenik, biharko ekitaldian parte hartzeko dei egiten dau: “zain gaukazuez, beraz, martxoaren 13an, zapatuz, otoitz eta ospakizunezko esperientzia hori alkarregaz bizi dagigun”.