Bigarren mailakoak gara?
Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak. Laura Mintegi ari zen Youtubeko leiho batetik hizketan, prentsaurreko batean. Euskaraz jatorrean ari zen, baina ezustean, honakoa bota zuen gaztelerara salto eginda: “Se que tenéis prisa para entrar a las diez, por lo tanto, voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera”. Harrapazank. Ohituak gaude kazetari euskaldunok mespretxuetara, baina, Mintegiren ahotan halakoa entzuteak edonori barrenak hausten dizkio.
Euskara tramite huts bezala tratatzeak, egin beharreko eta ez berezko zeozer bezala ikustarazteak mina ematen baitu. Min are handiagoa ustez euskaltzalea den (zorrotzago, euskalduna den) alderdi eta pertsona batengandik entzunda, berriro diot. Sobera da esatea errespetu falta bat dela euskaraz lanean dabiltzan kazetari guztientzat. Edo euskaraz lan egiten duten kazetariek ez dute presarik? Ez dute gainontzekoek bezala 10:00etarako sartu beharrik? Hasi gintezke kasu mordoa aipatzen, EiTBren beraren hizkuntz irizpideetatik hasita, EAJren jarrerarekin segika, baina paso. Soilik Mintegi entzutean gogora etorri zitzaidan anekdota bat uzten dizuet bukatzeko.
Duela urtebete inguru, hauts asko harrotuz ZuZeun Iñaki Antiguedad diputatuaren dimisioaren berri eman genuenean, Dani Alvarez kazetariak galdetu zion Radio Euskadin ea zergatik eman zion esklusiba hura hedabide digital eta euskaldun bati. “Ez da ohikoa”. Bi aldiz bigarren mailakoa da ZuZeu. Digitala izateagatik eta euskalduna izateagatik.
Benetan ote gara bigarren mailakoak? Ez dakit, baina ia ia ia denek halaxe tratatzen gaituzte.
Laura Mintegik barkamena eskatuz idatzitako txioa hemen:
Gaurkoan prentsari gaztelaniaz zuzendu natzaio lehenago eta gero euskaraz, estrainekoz, beraien eskariz. Barka norbait kaltetu badut.
— Laura Mintegi (@lauramintegi) 2013 otsaila 14
RT @zuzeu: Bigarren mailakoak gara: Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak http://t.co/uP5a7DJQ
RT @zuzeu: Bigarren mailakoak gara: Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak http://t.co/uP5a7DJQ
RT @zuzeu: Bigarren mailakoak gara: Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak http://t.co/uP5a7DJQ
Aho bete hortz geratu naiz, ezin sinisturik!!
Niri ere jarrera horrek izugarri harritu nau, ez nuen espero.
Ez dakit euskalduna izatearren bigarren mailakoa den zuzeu, ez dakit digitala izatearren birritan bigarren mailakoa den, baina argi daukadana da momentu honetan euskal panoraman dagoen erreferentziazko hedabidea bihurtu zaretela, eta askorentzat ezinbestekoa dela munduaren berri zuzeuren bitartez izatea.
Segi horrela!!
Bota egingo ote dute Bildutik?
Edo Bildukoak ere ez dira gureak?
Ez dakit.
Zein gara gu?
Egun ona izan
Bittor
P.S. Hau idatzi det oraintxe Sustatun eta bihoa hemen ere.
Bittor:
Euskaltzalea bazara, Bildu baino zureagorik ez dago, momentuz.
Bittor Hidalgo, gure artean euskaltzaleena bide zaitugu. Berriako langileei hamaiketakoa ere ordaintzen diezula esango balidate, akaso sinetsi egingo nuke. Baina euskararen inguruko zure kritika gehien-gehienak ezker abertzalearekin lotuta daude: Naiz webgunea erdaraz dagoela, Berria egunkaria ezker abertzalearekin lerraturik dagoela, Gipuzkoako Aldundiak ateratako aldizkarian erdara dagoela… Ez dizut, ordea, EAJri kritika bat ere irakurri. Horregatik, pentsatzen hasia naiz euskara aitzakia duzula politika egiteko, alderdikeria egiteko, alegia.
Minorizazioaren ajeak guztioi eragiten digula agerikoa da. Uste dut denok egongo garela ados horrelako portaerak salatu beharrekoak direla, izan batenak ala bestearenak. Dena dela, neurri batean ados nago Gorkarekin eta iruditzen zait kritikatzen dugun pertsonaren jokabide orokorra eredugarria denean, hanka sartze konkretua kritikatzera mugatu beharko ginatekeela, honek daukan pisua disimulatu gabe, jakina. Baina beti ere, eskertzekoa izaten da kritika modu eraikitzailean egitea, Juanjok egin duen bezala.
Bestalde, jakin nahiko nuke zein kazetariren eskaera izan zen lehendabizi gazteleraz egitearena, eta eskaera horren harira, kazetari euskaldunen erreakzioa zein izan zen (eskaeraren jakitun baziren, noski).
Benetan penagarria, hala ere espero dut berak honen inguruan zerbait esatea. Harrituta nago erabat, okertu egin da, argi dago, baina guztiak okertu gaitezkeela uste dut.
Kasu hau euskaraz bizi nahi dugunoi etsipena sortarazten digun adibide klasikoetako bat da: eredua eman behar duenak kale egiten duenean. Gainera kontuan hartzekoa da kasu honetan eredua pertsona publikoa den heinean duen zabalkunde eta eragin biderkatzailea.
Laura, TELP tailer batera gonbidatzen zaitut, horrelakoak errepika ez daitezen eta euskaraz nonahi eta noiznahi eroso aritu ahal izateko.
Mintegiren azalpenak twitter-en
Laura Mintegi ?@lauramintegi
Gaurkoan prentsari gaztelaniaz zuzendu natzaio lehenago eta gero euskaraz, estrainekoz, beraien eskariz. Barka norbait kaltetu badut.
Guillermo Aranzabe ?@garanzabe
@lauramintegi Eta Legebiltzarrean? Nik pentsatzen nuen beti egingo zenuela euskaraz baina Urkulluren inbestiduran Egibarrekin erdaraz egin
Laura Mintegi ?@lauramintegi
@garanzabe Ez dut justifikatuko inbestidurakoa (erreflexu falta), baina jakizue gehien-gehiena euskaraz egiten dugula, errazagoa zaigulako
Irizpide falta sumatzen zaio. Batetik “barka inor kaltetu badut”, eta bestetik “gehiena euskaraz egiten dugu errazago zaigulako”.
Aizu Laura, ba ez bata eta ez bestea.
Kalte euskaldunon komunitateari egin diozu, pertsonaia erreferentea zarelako, eta teorian euskararen lehentasuna defendatu beharko zenukeelako, EH Bilduren ordezkari zaren neurrian.
Eta euskaraz egin behar zenuke, ez errazago zaizuelako (hori zortea), koherentziak eskatzen dizuelako baizik.
Alpargatero, euskaltzale naz eta ez naz Bilduko 😉
Ni ere ez naiz Bilduko, baina euskaltzaletasuna balitz nire lehentasunezko irizpide bakarra, botoa beste zeini eman?
Ba ez eman.
Berriz diot, euskaltzalea naizen aldetik, Bildu baino nereagorik ez dut ikusten (alderdi politikoez ari naiz, noski).
Guztiz penagarria den jarrera. Zoritxarrez,kazetari gisa aitortu dezadan atzokoa izango zela euskarazko kazetari horri aste honetan pasako zaion suabeena. Prentsaurre osoak erdaraz eta euskaraz galdetzean aurpegi txarrak, legebiltzarrean bertan osoko bilkuretan euskara jatorrean egin dezaketenak erdara hutsez… neurri batean kontua guregan dago, horrelakoak salatu beharko genituzkeelako guztiak, Mintegi izan, Egibar izan edo hizkuntza politikako sailburua… Orduan, agian, aldatuko litzateke kontua.
Laura kritikatzen duzuen guztiontzat; Laurak euskararekiko duen jarrera beste politikariek balute, gauzak beste modua batean lirateke. Akats bat edonork izan dezake, zerbait puntuala izan da ta barkamena eskatu du. Laura edo Bilduri egurra emateko goguakin zeundetelakoan nago, ta momentua aprobetxatu dezutela.
Akats bat izanda eta punto. ez dut uste Laura Mintegik prentsa hau besteak baino gutxiagokoa dela pentsatzen duenik ezta ere euskara gazteleraren azpitik dagoenik. Gorkarekin ados, ondo dago kritika egitea, baina morboa eman gabe. Justu kritikatzen dena, euskarari laguntza gehien ematen diona izatea…
Akatsa izan da, eta barkamena eskatu du. Eguneroko jarduna, euskaraz ia osorik egiten du, eredugarri. Anekdota bat da. Tuit baterako ematen duena notizia bihurtzea gehiegizkoa iruditzen zait. Laura Mintegik kafea gaztelaniaz eskatzen badu ere notizia egingo dugu? (berdin jeltzalea izanda, noski). Honez aparte, nire iritzia, GFAn prentsaurrekoei dagokionez jarritako irizpidea segi behar luke EH Bilduk ere.
Oker ez banago, eta hala bada barkatu (zein erraza den barkamena eskatzea…), bigarren aldia da Laura Mintegik euskara dela eta barkamena eskatu behar izan duela. Ni baino memoria hobea duenik edo twiterzaleagorik egongo da hemen lehenengoa lokalizatzeko.
Nik berari eman diot botoa, ez Egibarri eta ez beste inori, eta horregatik diot: Laura, ASKI DA! Alpargatero aho bete hortz, nineu harrituta… Bada, ni, minduta. Oso. Eta ezker abertzalea ororen gainetik defendatzen dutenei, zera: ezker abertzalea ez da helburua, helburua Euskal Herria da, eta ezker abertzaleak Euskal Herria horrela erasotzen duenean, egurra, beste guztiei ematen zaien bezala. Batzuk kexatzen zarete beti ezker abertzalea dagoela jopuntuan, baina batzuek sekulan ez duzue kritikatzen, euskaldunoi eraso egiten digunean ere. EAJk gaizki egiten duenean, duela egun gutxi bezala, kritikatu egin zen. Bada, orain Laura Mintegi kritikatu behar da. ASKI DA!!!
Mintegik barkamena bi aldiz eskatu badu, hanka sartzean barkamenik eskatzen duelako da. Gehienek ez dute egiten, barkamena eskatzeko arrazoia asko eduki arren. Gainera, zuk zeuk bezala, ezker abertzaleari botoa ematen dioten euskaltzale askok kritika zorrotza egiten diote ezker abertzaleari edo edozeini, eta hemengo bi kasu gogoratuko dizkizut:
Iñaki Sotori egindako elkarrizketa: https://zuzeu.eus/2012/09/07/inaki-soto-gara-rik-gabe-gaur-egungo-eszenatoki-politikoa-ezinezkoa-litzateke/
Otegiren liburuaren inguruan: https://zuzeu.eus/2012/09/18/el-tiempo-de-las-luces-y-las-sombras/
RT @zuzeu: Bigarren mailakoak gara: Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak http://t.co/uP5a7DJQ
Mintegik barkamena bi aldiz eskatu badu, hanka sartzean barkamenik eskatzen duelako da. Gehienek ez dute egiten, barkamena eskatzeko arrazoia asko eduki arren. Gainera, zuk zeuk bezala, ezker abertzaleari botoa ematen dioten euskaltzale askok kritika zorrotza egiten diote ezker abertzaleari edo edozeini, eta hemengo bi kasu gogoratuko dizkizut:
Iñaki Sotori egindako elkarrizketa: https://zuzeu.eus/2012/09/07/inaki-soto-gara-rik-gabe-gaur-egungo-eszenatoki-politikoa-ezinezkoa-litzateke/
Otegiren liburuaren inguruan: https://zuzeu.eus/2012/09/18/el-tiempo-de-las-luces-y-las-sombras/
RT @zuzeu: Bigarren mailakoak gara: Atzo txio bati hozka egin eta altzairuaz txikitu nituen hortzak http://t.co/uP5a7DJQ
Arazoa, Mintegi andereñoak española euskeraren aurretik jarri dauala uste dozuenon ikuspuntua irakurrita harrituta geratan naz. Ganera Mintegiren alde egiteko Pnv-koak españolagoak direla esaten dozue.
……………………….
Nire ustez arazoa beste bat da: Euren burua Euskal heritarron gidari politikotzat daukienek, españolez egitera derrigortuta dagozala eta naturaltasunez onartzen dabela. Gure herrian, gure hizkuntza normalizatzeko botererik ez daukiela, alegia.
……………….
Mintegi andereñoan barkamena eskatzekotan, española erabiltzeagaitik eskatu beharko leuke eta ez euskera españolaren ostean erabili daualako.
Barkatu, Galfarsoro jauna, baina Mintegi edo Laura Mintegi edo Mintegi andrea egokiagoa iruditzen zaizkit. Halako kirats paternalista misogino bat hartzen baitiot zure “andereño” horri.
Ni ere harrituta geratu naiz, bat-batean gazteleraz hasten delako, batez ere, ezusteko zerbait da.
Bide batez, beste inork galduta ikusten du Mintegi diskurtsoan zehar? (Euskaraz hitz egitean, batez ere)
Umore pixkat:http://www.youtube.com/watch?v=bP1cRoWolsQ&feature=youtu.be
Bikaina benetan!
“Gaurkoan prentsari gaztelaniaz zuzendu natzaio lehenago eta gero euskaraz, estrainekoz, beraien eskariz. Barka norbait kaltetu badut.”
Barka norbait kaltetu badut?
Hori ez zait barkamena eskatze hutsa iruditzen ba. Bestalde, ez lioke inori barkamenik eskatu beharko. Akatsa egin badu, akatsa aitortu eta ez errepikatzeko asmoa azaldu, kitto. Niri behintzat ez dit barkamenik eskatu behar.
Hori bai, euskaldunon erdaldunekiko erabateko sumisioa berriz ere ageri-agerian. A ze gustura geratuko ziren Vocentotarrak, ETB-dostarrak, Radio Euskaditarrak…
Eta berriz ere agerian, alderdietako (guztietako) kide eta zale askok kritikarik bidezkoenak ere jasotzeko daukaten ezintasun errotua.
Azkenik, uste dut Oierrek bete-betean asmatu duela planteamendua egitean. Kazetari euskaldunei egundoko begirune falta izan da Mintegirena. Nahi gabe, ez beste batzuena bezala, baina begirune falta edonola ere.
Eta bai, kazetariek politikarien jokabide horiek salatuko balituzte, laster bukatuko ziren halakoak
Irizpideak garbi izatean datza lehendabiziko gakoa.
Eta irmo jokatzean bigarrena.
Eta horrek ez du salbuespenik onartzen.
Edo bagara edo ez gara.
Eta orain ez bagara, gero ere ez gara izango. Deus ere ez.
Ezer izango bagara, errotik kendu behar ditugu ahulezia eta zalantza guztiak geure hizkuntza-portaeretatik.
Eta GURE politikariek izan beharko lukete lehenak horretaz jabetzen eta behar bezala jokatzen.
Argazki-makina eta bideo-kamerek sorrarazten duten bertigo, erakarpen edota izuaren aurrean odol hotzez jokatzen ikasi beharko lukete GURE politikariek.
Eta EUSKALDUN direnek ez badute horrela jokatzen…, gureak egin du!
Negargarria izan da Laura Mintegiren erreakzioa. Euskara baztertu eta gaztelania jarri du aurretik. Nik neuk auzo-lotsa sentitu dut. “Barka norbait kaltetu badut…” esatea ere negargarria iruditu zait, hemen kaltetua euskara izan baita. Badakit ez dela ohartuki egindako zerbait izan, baina horrek ez du axola. Benetako lider batek ezin du halakorik egin.
Mintegik prentsaurreko batean gaztelania lehenetsi du kazetari elebarren eskaerei men eginez. Gaizki, kritikatzekoa oso, baina hemengo iruzkin gehienak ikusita, neurri eza ikusita, zurikeria ikusita, alde bateko zein besteko putreen zinismoa ikusita… lehendabizi nazka sentitzen dut, eta gero erabateko etsipena. Hemen idatzi duzuen askok euskara politikeria egiteko erabili duzue. Non zeundeten orain dela astebete euskarari egindako eraso bortitzari erantzuteko? http://berria.info/albisteak/75418/haureskoletangaztelaniaetaeuskaraerabiltzearenaldeazaldudiraeajppetaupyd.htm Baina Hementxe bertan ateratako artikuluan (https://zuzeu.eus/2013/02/07/kolpez-kolpe/) sei iruzkin baino ez dut ikusten! Segi ezazue politika kanibal hau egiten eta horrela azkarrago bukatuko da agonia.
Zure iruzkina moderatzeko zain dago.
Mintegik prentsaurreko batean gaztelania lehenetsi du kazetari elebarren eskaerei men eginez. Gaizki, kritikatzekoa oso, baina hemengo iruzkin gehienak ikusita, neurri eza ikusita, zurikeria ikusita, alde bateko zein besteko putreen zinismoa ikusita… lehendabizi nazka sentitzen dut, eta gero erabateko etsipena. Hemen idatzi duzuen askok euskara politikeria egiteko erabili duzue. Non zeundeten orain dela astebete euskarari egindako eraso bortitzari erantzuteko? http://berria.info/albisteak/75418/haureskoletangaztelaniaetaeuskaraerabiltzearenaldeazaldudiraeajppetaupyd.htm Baina Hementxe bertan ateratako artikuluan (https://zuzeu.eus/2013/02/07/kolpez-kolpe/) sei iruzkin baino ez dut ikusten! Segi ezazue politika kanibal hau egiten eta horrela azkarrago bukatuko da agonia.
Mezu guztiak irakurri ditut eta tristezia sentitu dut. Tristezia eragin dudan minagatik, ustekabean. Tristezia, edozer eginda ere inoiz ez dudalako guztiz asmatuko. Tristezia nire akats batek (eskatutako mesedeari baietza emateagatik, bestalde) kalte egin diezaiokeelako ordezkatzen dudan indar politikoari. Tristezia ezin dudalako erabat koherentea izan.
Euskara hutsean bizitzea erabaki dugunok ezin dugu zeharo koherente jokatu. Nire kasuan, ez nintzateke amarekin mintzatuko, ezta ahaide ia guztiekin ere. Ez nuke idatziko Periko Solabarriaren Facebook-ean. Behin eta berriz ezetz esango nieke Twiterren bidez gaztelaniaz idazteko eskatzen didaten milaka katalanei eta bertoko hiritarrei eta, koherentziaz jokatuta, Legebiltzarrean dauden kazetari erdaldunei ez nieke hitz bakarra esango, ulertu ez arren, Legebiltzarrean ez baitago aldibereko itzulpen zerbitzurik, Gipuzkoako Aldundian ez bezala.
Zein izan behar duen komunikazio politikak, nola jokatu gizarte diglosikoan, zer egin euskara hutsezko gizartea lortzeko. Eztabaida luzeak eragiten ditu eta kontraesanak sortzen ditu, etengabe. Euskaldun guztiok ditugu kontraesanak uneren batean, egoeraren batean. Jendaurrean dauden ordezkariei gehiago eskatu behar zaie, noski, eta ez dut desenkusatuko egindako akatsik.
Kritikak onartzen ditut eta guztietatik zerbait ikasten dut. Jakin badakit, gainera, kritika beti-beti helduko dela, batetik edo bestetik. Asmatzeko formula bakarra da leiala izatea zure buruari eta ordezkatzen duzun taldeari. Eta pertsonalak izan diren kiritiken aurrean, ez dut zer esanik. Nik badakit nor naizen, baina nork bere ustea dauka eta errespetagarria da.
Zure iruzkina moderatzeko zain dago.
Ni ez nau asko harritu L. Mintegiren hanka-sartze horrek, ez da lehenengo aldia emakume “abertzale” horrek euskararekiko duen ikuspuntu motza garbi uzten duela. Badakit euskal idazlea dela, horregatik hain zuzen are larriagoa iruditzen zait bere utzikeria euskararekiko. Hau Kataluinako Parlamentuan gertatuko balitz kristorena gertatuko litzateke, bertan ezker “abertzale”ko bozeramaile horrek esan duena ez lukete esango ezta PProek ere…Larria, oso larria gertatutakoa. Ezker “abertzale”ko gaitzespen publikoa merezi du Mintegiren jokabidea.
Zergatik “abertzale” eta ez, abertzale?
Zertan oinarritzen zara Laura Mintegik euskararekiko ikuspuntu motza duela esateko? benetan sinesten duzu esaten duzuna?
Mintegik prentsaurreko batean gaztelania lehenetsi du kazetari elebarren eskaerei men eginez. Gaizki, kritikatzekoa oso, baina hemengo iruzkin gehienak ikusita, neurri eza ikusita, zurikeria ikusita, alde bateko zein besteko putreen zinismoa ikusita… lehendabizi nazka sentitzen dut, eta gero erabateko etsipena. Hemen idatzi duzuen askok euskara politikeria egiteko erabili duzue. Non zeundeten orain dela astebete euskarari egindako eraso bortitzari erantzuteko, EAJ haurreskoletan gaztelaniaren alde egin zuenean? Baina Hementxe bertan ateratako artikuluan (Kolpez kolpe, Itzain) sei iruzkin baino ez dut ikusten! Segi ezazue politika kanibal hau egiten eta horrela azkarrago bukatuko da agonia.
Chapeau!!
hautsak harrotu dituen esaldiak: https://zuzeu.eus/2013/02/15/bigarren-mailakoak-gara/
Arratsalde on Laura,
Lehenik, zinez eskertzen dizut erantzun izana, eta hain argi gainera. Eta esan beharra dut ulertzen ditudala zuk esaten dituzun guztiak. Denok baikara testuinguru diglosikoaren biktima. Denok baitugu une batean edo bestean zalantza, indar falta edo kontraesanekin borrokatu beharra.
Kazetaritza, prentsaurrekoak, euskara eta irizpideak. Kasu jakin honi erreparatuta uste dut kazetariak berauek moldatu behar dutela, hizlariaren hizkuntza (ofiziala bide batez) itzultzeko baliabideez. Katalunian hala egiten dute. Pep Guardiolak katalanez hitz egiten du, kazetariek kortea hartzen dute eta gero itzuli.
Gogoratzen dut Cuatroko albistegi batean, nola atera zuten Bartzelonako presidentea edo entrenatzailea (ez naiz oroitzen) katalanez berbetan azpitituluekin. Eta minutu bat beranduago Urrutia notizia izan zen, prentsaurreko galdera bat euskaraz soilik erantzun zuelako. (ze errespetu falta)
Ni ez naiz inor, inori lezioak emateko. Estimu handia dizut eta badakit egindakoak intentzio onez eginak zirela. Baina irizpide batzuk argi uzteko garaian gaudela uste dut, urteetan arrunt diren inertzia batzuk aldatzeko garaian. Batez ere, EAEn EHBilduren ordezkaritzaren buru izanik.
mila esker berriz ere
eta animo!!
Oier, eskertzen dizkizut esandakoak. Legegintzaldiaren hasieran lan-gosaria egin genuen kazetari guztiekin gure komunikazio politika azaltzeko: beti euskaraz hasiko gara , %70 euskaraz eta beste %30 gaztelaniaz…. gure jarrera ona adierazi nahi izan genien eta, gainera, agindu genien euskara ikasteko laguntzaren bat bideratuko genuela Legebiltzarretik, argi utzita beraien enpresek ere ikastaroetako gastuen zatia ordaindu beharko luketela. Kazetarien erantzuna izan zen lan-egoera ezegonkorra eta kaxkarra zutela enpresetan eta ez zeudela eskatzeko ezer. Hile honen amaieran argazkilari batzuk kale gorrira botako dituzte (25 urtean jardun ostean), eta soberan ezaguna da El Pais-en eta beste egunkari batzuetan dozenaka kazetari bota berri dituztela. Bestalde, Euskal Herria ez da Katalunia, onerako ala txarrerako.
Uste dut, Oier, oreka ezinezkoak egiten segitu beharko dugula eta, bitartean, indarra egin Haurreskoletatik euskara ez jaisteko, euskaltegietako laguntzak mantentzeko, A eredua desagerrarazteko, euskara hutsezko hedabideak indartzeko eta erakunde guztietan sistematikoki euskara planak egiteko. Eta hori guztia ez da alderdi bakar baten lana, gutariko bakoitzaren lana baizik. Besarkada bat.
Besarkada bueltan!
Aupa Laura,
eskertzekoa da eztabaidan parte hartu izana eta oinezkoon artera etorri izana, ez baita ohikoa politikari gehienen aldetik.
Hori esanda, uste dut arazoa irizpide faltan dagoela, besteak beste.
Oierrek honakoa aipatu zuen: … Euskaraz jatorrean ari zen, baina ezustean, honakoa bota zuen gaztelerara salto eginda: “Se que tenéis prisa para entrar a las diez, por lo tanto, voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera”.
Hots, arazoa ez da kazetari batzuek euskararik jakin ez izana (meritua), edo Legebiltzarrean aldi bereko itzulpenik egon ez izana (lotsagarria). Arazoa da lehentasuna espainierari eman izana, bidenabar euskarazko saioa alferrikako bilakaraziz.
Horixe leporatu genion euskaltzale askok Arnaldori ere. Ez liburua espainieraz argitaratu izana, espainierazko bertsioari lehentasuna eman izana baizik.
Eta nik ere tristezia sentitu dut, eta etsipena. Zeren eta ezker abertzaleko ordezkariek ere hain kontu oinarrizkoak ez badituzue zaintzen, gureak egin baitu (euskaldunonak, alegia).
Unionistek huts egin gabe, espainerari ematen baitiote lehentasuna, bigarrentasuna eta ondoko tasun guztiak, euskara desagerrarazteko gurutzadan tematuta. Eta aspaldiko urteotan badirudi EAJ-ko euskaltzaleek barne-borroka galdu, eta jeltzaleek euskara bide bazterrean uztea erabaki dutela (“ez dut euskara inposatuko” esan zuen Urkulluk, lotsagorritu gabe).
Kontua ez da erdaldunak “baztertzea” (eurek gurekin egin legez). Kontua da euskarari lehentasuna ematen ez badiogu, hobe dugula txiringitoa ixtea. Euskal Herria Kataluñatik gero eta urrunago, eta Irlandatik gertuago gaude. Ez dago zalantzarik.
Laura,
Eusko Legebiltzarrera doazen kazetariak euskaraz lan egiteko gauza izan ez -harrigarria!- , eta Eusko Legebiltzarrean aldibereko itzulpen zerbitzurik ere ez -marka da gero!-… koktel explosiboa, Laura: behartzen zaitu ala, presaka dabiltzanez gero, mesedeak egitera ala, bestela, euskal taliban baten gisan pertsona antipatiko eta intrantsigente gisa geratzera…
Ez da zuen errua ez ardura Eusko Legebiltzarrean lan egiten duten kazetariek euskarazko adierazpenak erabiltzen ez jakitea; eta ez da zuen errua Eusko Legebiltzarrean aldibereko itzulpen zerbitzurik ez izatea: baina errua izan ez arren, zuen arazoa da, izan ere, ataka honetan, zuek, legebiltzarkide euskaldun eta abertzalekok irtengo duzuelako beti galtzen.
Ea zer egin daitekeen kazetari elebakarrek eta aldibereko gabeziak sorturiko sorgin-zirkulu tamalgarri hau hautsi eta egoerari buelta emateko. EAJ eta gainontzeko taldeetako legebiltzarkide euskaldunek ere bereziki interesaturik behar lukete arazo hau konpontzen eta ziur badela moduren bat konponbidea, ezta?
Animo eta besarkada bat!
Gogoan dut Gonzalez de Txabarrik, aldun nagusi zela, euskaraz ohar edo prentsaurreko bat eman ondoren, kazetari batek eskatu ziola ea erdarara itzuliko zion. Txabarriren erantzuna izan zen berak ez zuela zertan kazetari horren lana egin.
Uste dut oso oso oso bakana den jokabide hau gehiago zabalduko balitz beste
(Gonzalo, aizkora haizatu dezazun baino lehen: ez ez naiz PNVren apologia egiten ari, egun horretan Txabarrik izan zuen jokabidearena besterik ez)
Beste anekdota bat: behinola rifi-rafe bat izan zen Legebiltzarrean, ez naiz akordatzen oso ondo zeinen artean, baina uste dut Egibar eta HBko norbait zirela. Rifi-rafea euskaraz izan zen, eta mamitsua antza. Ba berehala berri nagusi zen albistegi guztietan, baina Espainiakoetan ere. Hau da, mamia interesekoa bada, hizkuntza ez da muga.
Aurrera bada
Atzo beroaldi bat izan nuen eta uste ez ditudan gauza batzuk idatzi nituen, Laura Mintegiri buruz. Damu naiz Mintegi andereari mina egin badiot, ez dut inondik inora hori egin nahi. Nire atzoko iritzia zuzendu nahi nuke zalantzan jarri gabe bere euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna. Hori esanda, baina, jarraitzen dut pentsatzen Legebiltzarrean egin zuena hanka-sartze bat izan zela. Bakoitzari berea.
Kaixo, Laura:
Eskertzekoa da aurpegia ematea. Atzo suminduta erantzun gogor bat idatzi nuen. Bueltak eman dizkiot egun eta erdian, eta orain, ongi hausnartuta, ez dut uste neurrigabe aritu nintzenik, nahiz eta ez dudan zure asmo ona zalantzan jartzen.
Zuk eta gure hautesleek komunikabideen aurrean egiten duzuen euskararen erabilerak pose itxura hartu du kontu honekin. Egiaren orduan, irizpide argien falta nabaritu da.
Kafetegi batean kafea esaktzen ariko bazina, tira, baina legebiltzarrean zabiltzate gure eledun modura.
Zergatik nago suminduta? Pentsa esaten duzula: “lehenengo zuriei erantzungo diet, eta beltzek denbora galtzeak ez du asko inporta”; edo beste hau. “Gizonek dute lehentasuna, emakumeekin solasalditxo bat geroxeago”… Nik esandakoak baino gogorragoak entzungo zenituzke, eta arrazoiz.
Hizkuntza irizpideak argiago izan behar dituzue, lanketa bat egin… Serio hartu, mesedez. Konfidantza dut zuengan.
Egunon, Laura!
Bi gauza kontu honen inguruan.
Bat. Nik ulertuko dut zuk nahi duzun hizkuntzan egitea, edo errazen komunikatu zaitezkeenean, zure amarekin. Edo katalanekin. Edo Senegalen. Are seguru asko Bastidako zahar-etxeko mitinean. Periko Solabarriarena ez dut horrenbeste ulertzen. Eta batere ulertzen ez dudana da zu, edo zuk diozun bezala “euskara hutsean bizitzea erabaki dugunok” euskaraz ez aritzea BETI zure lan publikoan legebiltzarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Donostiako udalbatzan, edo parekoetan. Nork behartzen zaitu(zte) horietan espainolez aritzera, ez %30ean eta ez %1ean. Espainolez egiten baduzue, %1, %2 edo %100ean, zu(e)k hala nahi duzu(e)lako ari zara(te), eta ez bide zaude(te) “euskara hutsean bizitzea erabaki dugunon” artean. Areago zuen lan inguru horretan diharduten kazetariei (ere) espainolez egitera makurtzen bazarete. Zu(e)k jakin eta egin behar duzue espainolez, kazetariek jakin beharrik izan ez dezaten. Majo gaude, lerrake nire aitak. Transmititzen duzun mezua da ‘euskarak ez digula sikiera euskaldunoi balio’. Nahiago duzula espainolera makurtu zure benetako mezua espainol zuzenean transmititu dadin. Jarrerak pertsonala behar du izan. Erakundeak erakunde lez, Legebiltzarra, GFA, bai daudeke derrigortuak mezuak ‘espainolez’ era ematera (legez, eta etika demokratikoan ere, oraintxe EAEko biztanleen %40 inguruk oraindik ulertzen ez duelako euskara). Baina hori gauza bat da (eta horregatik ez nuen garbi ulertu orain hilabete batzuk GFAren adierazpen ‘instituzional’ hura ‘euskaraz bakarrik’ hura, baina gero diputatuok bietara (ere) egingo dugu, eta gainera euskara ulertzen ez duten kazetariei itzultzaile masajista bana jarriko diegu alboan…), eta beste gauza bat erakunde horietan nola mintzo den jaun parlamentaria, Jaun Ahaldun Nagusia, Jaun Alkatea edo Jaun Lehendakaria, euskaldun badira, abertzale, euskaltzale eta batez ere “euskara hutsean bizitzea erabaki dugunon” artekoa, eta oraingoz denak entzuten ditut hedabideen bidez lasai asko espainolez, eta ez dut jakingo %1ean, %30ean edo %100ean ari diren, niri pasatzen didaten 7 segundoko tartean espainol garbian ari bada. Euskaldun bihotzekook intsumisio linguistikoa praktikatzen ez dugun bitartean, jai daukagu. Badakizu.
Eta bi. Eta hau gogorragoa da, eta bila gabiltzan gizarte ereduari dagokio. Aipatzen baituzu, badirudi helburu gisa, “zer egin euskara hutsezko gizartea lortzeko”. Eta ez dakit lapsus calamia duzun, ailedi, aitzakia zuritzeko zergatik ‘euskara hutsezko gizartea lortu’ arte zilegi dukezun espainolez zuzentzea gizarte honi, edota benetan jarri nahi diguzun helburu ‘euskara hutsezko gizartea lortzea’. Ze ez dakit mezu hori oso ongi ulertu litekeen, oso ‘demokratikoa’ ere ba ote den Tuteran edo Bastidan, Baionan, Iruñean, Bilbon edo Donostian. Eta agian ‘fintzen’ ere hasi beharko ditugu gure diskurtso erradikalak errealitatera. Eztabaida noski, zuk diozun bezala luzea izan liteke, baina zinez eta patxadaz egin beharrekoa. Eta ni ere prest nago horretan parte hartzeko, eta horretan ari naiz.
Agian diskurtso erradikala eta praktika lasa baino, komeniago zaigu diskurtso malgua eta praktika erradikalagoa. Hizkuntza kontuetan, diot. Horretan nago ni behintzat aspaldi batean.
Adeitasunez
Bittor
Arrazoi osoa duzu, Bittor. Gaurko egoeran Bilduko ordezkariek ez dute inolako arrazoirik gaztelania erabiltzeko Legebiltzarrean, ez dago horretarako aitzakiarik.
Bildukoek? Zergatik Bildukoek bakarrik?
Nik besteengandik ez dut ezer espero, baina Bildukoengandik bai, eta min ematen dit Legebiltzarrean erdaraz entzuten ditudan bakoitzean, halaxe da.
Iruzkin guztiak irukurrita, hau nire galdera: ez al da gehiegi ustea bigarren mailari iristen garela? Zalaparta lotsagarria Laura Mintegiren kontra.
Ez dago Lauraren aurkako ezer, Jagoba. Bilduko ordezkari bat kazetari erdaldun prepotenteen aurrean makurtu izanak eragindako arrangura baizik. Oso ondo azaldu ditu auziaren barruak, Bilduko legebiltzarkide Xabier Isasik gaurko berrian:
“…Euskaraz sortutako informazioa isilaraztea ohiko portaera da erdal hedabideetan. Ohiko portaera eta nahita egindakoa. Erdal hedabideen portaera hori, harrokeria, handikeria eta zentsura gisa defini daiteke. Zentsura dagoena baino nahi dutena argitaratzen dutelako. Erdal prentsaren zentsurak bilatzen du euskaldunen hizkuntza portaera behartzea: «gure hedabideetan agertu nahi baduzu, erdaraz hitz egin behar diguzu».
Horregatik, akaso, erdaldunei informazioren bat helarazi nahi diegunean, euskaldun gehienek barneratuta daukate (daukagu) erdaraz egitea komeni dela. Erdaldunen aurrean gaudenean, euskaldun askorentzat euskaraz esandakoa itzultzea edo erdaraz laburtzea abegikortasuna da, erdaldunenganako kortesia. Baina ez gaitezen engaina, ez da abegikortasuna, otzantasuna edo beldurra izan daiteke, baina ez abegikortasuna. Kazetarien lana informazio bilatzea eta zabaltzea bada, kazetariek ahalegindu behar dute informazioa bilatzen. Hau da, zerbait egin behar dute informazioa lortzeko, informazio bila joan behar dute. Horregatik, informazio emaileari «erdaraz mesedez» eskatzea ohitura lotsagarria da. Alde batetik, euskara alferrikako hizkuntza dela adierazten dutelako eta, beste aldetik, informazio emailearen portaera zalantzan jartzen dutelako, hizkuntza eta pertsona gutxietsi egiten dutelako.”
Oso ondo iruditzen zait EHBilduko norbaitek Euskara “mespresatzen” badu horrelako artikulua idazteakk, baina zilegi izateko duela 3 egun atera zan albiste bat nun EHBilduk proposatuko du helduek eta langabetuek Euskara dohainik ikas dezaten, eta bitxia iruditzen zait hortaz hemen ezer irakurri ez izana, ez det esaten alde edo kontra (bakoitzak bere iritzia bait dauka), baina ezer ez aipatzea bitxia iruditzen zait gutxienez. Egia esan ez zeate guztitaz ohartu behar baina horrelako zerbait? Hemen idazten det baina aldizkariari orokorrean zuzendutako iruzkina da.
Albistearen lotura
http://www.argia.com/albistea/gipuzkoako-diputazioak-helduek-euskara-doan-ikasteko-aukera-izatea-eskatu-du