Euskaldun guztiok arabarrak al gara?

“Beste iluminatu bat!”, pentsatuko du batek baino gehiagok. Halaxe dirudi, bai. Lehen, Gernikako zuhaitzaren itzalean, euskaldun guztiok bizkaitarrak izan behar genuen. Gaur, geure erreinua izan genuela kausitu ondoren, nafarrak.

Bizkaitarrak eta nafarrak  erlikien kriptan ohorezko leku batengatik lehiatu ondoren,  arabarrok ere erlikien lehia horretan sartuko ote gara? Zein antzinako harribitxi aterako dugu gure ohorezko lekua eskuratzeko? Veleiako ostrakak? Edo denboraren ilunpeetan galtzen den iragan euskaldun miragarria non Araba euskal munduko erdigunea omen zen? Zein arkeologo edo historialari edo linguista ekarriko dugu gure historiari lokatza eta hautsa kentzeko? Zein mito proposatuko dugu euskal iruditegi kolektiboa osatzeko? Zein esentzia berri aurkeztuko dugu euskal identitatea oinarritzeko?

Historialari, linguista edo arkeologoen lana errespetatzen eta aintzat hartzen dut, noski. Kritikatzen dudana beste hau da: historialari, linguista eta arkeologo batzuen aurkikuntzak oinarritzat hartuz, historia eta gizarteari buruz  “katedrako ustezko profetek” (Max Weber, 1919) sortzen duten ideologia  sorgintzailea. Herriko profeta liluratzaile horiengan dago arriskua, hain zuzen. Gauza bat da historia, arkeologia edo linguistika – zientzia, hitz batean – eta beste bat, guztiz ezberdina, komunitate baten oroimena, balioak eta unibertso sinbolikoa. Campionek ondo zekienez, historia , alde batetik, eta elezaharrak eta mitoak, bestetik, ondo bereizi behar ziren.

Zientziak, edozeinek (“zientzia dialektikoek” barne), ez du balio herri baten oroimen kolektiboa, balioak eta unibertso sinbolikoa ulertarazteko; are gutxiago, sortzeko. Zientziak ez digu ezer esaten bizitzaren zentzuari buruz eta, are gutxiago, euskalduntasunari buruz. Kontu handiz ibili behar da, ba, antzinatasunean euskal esentzia bilatzen duten “profeta sorgintzaile” horiekin. Antzinako gauza horiek zientziaren muga gainditzen dutenean, eztanda egin dezakete (Thomas Mann, 1930). Eztandarena ez da metafora hutsala, duela gutxi arte gure artean antzinako gauza horiek eztanda egin baitute.  Eta orain eztanda egiten ez badute, zaharkeria horiek ideologia irrazionala eta, batez ere, antzua sortzen jarraitzen dute.

Euskal zaharkinen bilatzaile horiek noriaren inguruan etengabe bueltak ematen dituzten alegiazko astoak gogararazten dizkidate. Urrutitik begiratuta, noriaren karranka entzunda eta askak gora eta behera nola doazen ikusita, asto horien lan astun eta jasankorra miresgarria dirudi. Baina gertutik begiratuta, guztia itxurakeria dela konturatzen gara. Izan ere, putzuan ez dago urik, harriez eta lokatzez beteta dago eta.  Halaxe gertatzen da euskal zaharkinen zaletu horiekin. Urrutitik ikusita, ilustratuak eta azkarrak direla eta haien diskurtsoak ondo josita daudela dirudi. Itxura hutsa. Alegiazko astoek bezala euskalduntasunaren ingurura etengabe bueltak eman arren, ez dute ideia tantarik ere ateratzen. Izan ere, haien buruan  ez dago pentsatzeko lekurik, zaharkeriez eta aurreiritziez beteta baitago.

Arabarrok ere halako zaharkeriak besapean ekarriko ditugu? Ez kezkatu, lagunok. Arabarrok ekipajerik gabeko ibiltariak gara. Etorkinak gara. Ez dugu ezer eskaintzeko; ez dugu ezer saltzeko. Esentziarik gabeko euskaldunak gara. Horregatik diogu euskaldun guztiok arabarrak garela, euskaldun izateko eta euskaraz bizitzeko inolako esentziarik – arraza, odola, lurra, senidetasuna, erreinuak, gazteluak,  egitandiak, heroiak … – behar ez delako. Horregatik diogu euskaldun guztiok arabarrak garela. Horregatik diogu euskaldun guztiok etorkinak garela.

Zer den arabarra izatea? Hona hemen nire definizioa: Araban, hau da, Euskal Herriko zati batean, “erori” dena eta euskaldun izan eta euskaraz bizitzea erabaki duena. Hala bada, arabarrok esentziarik gabeko euskaldunak gara. Esentziarik gabe, ekipajerik gabe; hemen “erori” izana, hori da gure euskal esentzia. Baina zori hori patu eta betebehar bihurtu nahi dugu. Arabarrok arrazoi asko ditugu euskaldunak izateko – Arabara etortzeko  bide adina – baina azkenean guztiak arrazoi honetan biltzen dira: euskaldun izan nahian. Bide asko daude euskalduntasuna garatzeko, baina azkenean bide guztiak honetan biltzen dira: euskaraz bizitzeko erabakian.  Metafisika historikorik gabeko euskaldunak gara arabarrok, bada.

Horregatik diot euskaldun guztiok arabarrak garela, arabartasuna euskalduntasun komun txikienetakoa delako: nahia eta erabakia. Euskaldun izan nahia eta euskaraz bizitzea erabakitzea, hori da arabarra izatea. Zer gehiago behar da euskaldun izateko? Zer gehiago behar dugu euskaldunon komunitatea sortu eta eratzeko? Memoria historikoa? Iruditegi kolektiboa? Euskal identitatea?

Euskaldunak izan nahi dugu eta euskaraz bizitzea erabaki dugu arabarrok. Hori eginez, beste gainontzekoa – oroimena, irudimena eta identitatea – eskuratuko dugu.

bertsolariak, euskaldunak, euskara
Galo

FILOSOFO OHIA