Bideojokoen armairutik
Ez zait ahaztu GameBoy-a oparitu zidaten arratsaldea. Jaunartzea ere egin nuen egun hartan. Ordutik, nere eskutatik pasa dira GameBoy Advance, PlayStation, PS2, PSP eta Xbox 360. Laster akaso PS4 telebista alboan izango dut. Bideojoko zalea naiz, eta armairutik atera nahi dut.
Entretenimenduaren industriaren munduan bizi gara. Masei eskaintzen zaien produktuak dira, literatura eta zinea barne. Baina, ebidentea da, liburu bat irakurtzeak, berez, status kultural bat autoezartzen dizula. Zine ‘independienteak’ ere beste hainbeste. Bi entretenimendu mota horiek ez dira per se denbora galtzea. Horrekin ados nago: edukian dago ezbaia. Aldiz, bideojokoak: publiko masibo bat alienatzeko entretenimendu antisozial, gatazkatsu eta hutsalak dira. Horrela ikusten dituzte askok eta askok. Mandoa birrinduz telebista aurrean imintzioka orduak pasatzen dituzten pertsonak. Lower class culture. Neu naiz horietako bat. Lehen baino askoz ere gutxiago, baina Star Wars-en azkenaren zain dagoenaren irrikaz espero izaten ditut urtean laupabost joku. Horrela nabil, gutxi gora behera, GameBoy-a oparitu zidatenetik.
Arrazoi bat aukeratu behar banu bideojoak zergatik gustatzen zaizkidan esateko, hau da: erronkak gainditzeak saritzen nau. Programatzaile batzuek prestatu duten labirinto batetik irtetzea bezalakoak dira jokoak. Horri gehitu gainontzeko ikus-entzunezko ikuskizuna; zinemaren baliokidea. Azken aldian gainera, narrazioak gero eta anitzagoak dira, heroi, terrorista eta klitxez jositako munduetatik urrun. Pertsonaien konplexutasuna eta motibazioak bilakaera narratiboaren giltza bihurtu dira. Esaterako, Last of Us jokoak erredentzioa ardatz duen istorioa lotzen du, Gran Torino-k bezala, adibidez. Maisulan bat da (The last of us – Joko ‘haietako’ azkena). Edo, maila apalago batean, Limbo, sorpresaz eta autoikaskuntzaz beteriko mundu liluragarria.
Serieak panorama kulturalaren bedeinkapena lortzen ari diren bitartean, bideojokoen gidoiek ez dute Emmy saririk, ezta Grammy, Oscar edo Nobel-ik. Ezta, eta hau da garrantzitsuena, kontsumitzen ez duen publikoaren abegikortasunik. Aldiz, gainontzeko entretenimenduak gainditu ditu negozioaren tamainan, eta ehunka milaka programatzaile amateur-ek publikatzen dituzte indie deritzen bideojokoak sareko plataformetan. Prentsa espezializatuak ere ez du behar beste sakondu bideojokoen balio kulturalean. Aldizkari gehienak produktuen marketing tranpolin izatera mugatzen dira, Edge bezalako salbuespenak badauden arren.
Arreba txikiaren papera betetzen dute, ez dira elitearen entretenimendutzat jotzen. Izatekotan denborapasa dira, ez hausnarketa eta aldaketa bultzatzen duten ezer. Gutxiespen horregatik, bideojokoaren artean (zergatik ez?) gabiltzanok mespretxua publikoa jaso dezakegu. Aldiz, badirudi serieak guztientzako direla interesgarriak, ikus-entzunezkoen banguardia, eta piperrik axola ez bazaizu ere ez otu inoren monologo seriefiloa etetea. Aldiz, bideojokoak friki-ak dira. Munduan ez da hainbeste jarraitzaile dituen entretenimendu friki-rik existituko.
Neure etxeko salari itzuliz. Ezin ditut ahaztu Super Mario Land-en errepikatutako jauziak, Driver-en ihesaldiak, Pokemon-en dominak, Metal Gear Solid-en istorioaren ziabogak, Resident Evil-en sustoak, God Of War-en tenplu kolosalak, Pro Evolution Soccer-en pikeak, GTA-ko paraxut hegaldiak… Gutxi batzuk hasieratik bukaerara igo ditut, gehienak bide erdian utzi, eta mordoxka bat hasi eta berehala baztertu. Nahi baduzu, ez da entretenimendu garestia.
Amaitzeko, ez dakit zer eman didaten bideojokoek eta zer kendu. Galdera berbera zineari, telebistari, futbolari edo literaturari zuzenduko banie seguru nago argiak gehiago liratekeela itzalak baino. Honetan ere berdin. Ondo pasa dut, ez da gutxi, eta ingelesa ikasi dut, historia apur bat ere bai, lagunekin barre egin, asperdura baretu, fikzioak bizi… Neurriz. Hikikomori bihurtu gabe. Denean bezala, obsesioak beharko luke muga. Halere, egiari zor, Joxe-ren biografiak dioen bezala, bakoitza bere frikiak bizi du.
Eskerrik asko irakurtzeagatik. Banoa GTA 5ean astakirtenarena egitera. Ez nuen denda atarian ordu laurdeneko ilara egin kontsola hozten uzteko.