Bide onetik goaz, denbora behar dugu
Bide onetik goaz, denbora behar dugu –
Nanoteknologian lehen aditua izateaz gain, –Richard Feynman New York 1918- fisikari ipar amerikarrak zioen: “Zientzia da, gauzak ezagutzeko modua irakasten duen bideetako bat”. Baita ere, ezagutzen ez ditugun gauzak ikasteko edota ezagutza horien norainokoa zein den jakiteko bidea ere bada. Ezer ere ezin baitaiteke era absolutuan ezagutu. Zalantza eta duda-muda erabiltzeko bidea. Gauzen inguruan iritzi jakin bat edukitzearren pentsatzeko bidea. Egia eta iruzurra, egia eta ikuskizuna etab. elkarrengandik desberdintzeko bidea.
Feynmanek esandakoa espainiar Estatuan egun bizi dugun egoerari aplikatuz, eta horri adimen ttantta bat gehituz gero, ikusiko dugu, Moncloako maizterra etengabe aldatzea saihestu ezinezko zerbait dela, baita gaur bertan Moncloa hutsik geratuko balitz ere.
Are gehiago, “normaltzat” jotzen dugu; izan ere, sisteman bizi dugun krisi-prozesuaren baitan aldaketarako aukera hori erabat bateragarria litzateke kapitalismoaren kontraesan sozialekin.
Hori horrela, eta datorkigun errealitatea kontuan hartuz, beste behin esan beharra dago guztiz jasan ezinezkoa eta faltsua dela, bai Moncloan, bai Lakuan, “ongizate soziala kontsumo masiboarekin” defendatzen duten teoria.
Tamalez, langabezia da ekuazio horretan zalantzan jartzen den lehendabiziko erreferentzia. Eta hori ez da “soilik” hemen gertatzen, gauza bera gertatzen da Europan eta baita mundu zabalean ere, non langabetuen erroldak inoiz ezagutu izan ez ditugun mailak gainditu dituen.
Ez dago Espainiako eskuin frankista baino inor egokiagorik, beraien ustelkeria mortero gisa erabili eta Babel dorreak eraikitzeko. Baina gauzak horren nabariak izan arren, jo eta su ari dira jauregia berreskuratzeko. Are gehiago, iluntasuna argitzen duen argia bailiran erakusten dute beraien burua, konturatu ere egiten ez direlako, argiak eta iluntasunak betidanik mantendu izan dutela lehia estua, zuria eta beltzaren artean.
Joko hori berezkoa da demokrazia formaletan. Gobernuak etorri eta joan egiten diren bitartean, handikeria, diruzalekeria, eta ustezkotasuna, bertan geratzen dira, ezagutzaren muturreko aurrerapausoak izango balira bezala.
“Beraien” demokrazia horretan, diruaren hotsak eta urrearen koloreak ordeztu dituzte morala, kontzientzia eta lotsa. Demokrazia horren bilakaerak zibilizazioaren modu kolonialaren zabalkundearen biktima bilakatzen gaitu. Balioen suntsiketa garaira garamatza, eta balio horien ordez objektuak baino ez ditugu aurkitzen. Bide hori ez da etorkizunera jotzeko egokiena.
Biluzik, odol artean eta negar eginez jaio zirela ahaztuta daukatenen kodizia kriminalak eragindako gabetze, gose eta nahaspilak, norbere buruaren nahiz gure seme-alaben buruaren gainean, zeru urdin eta argia ikusi eta bizitza baloratzeko desira izugarria pizten dute.
Baina guztiok ez gara halakoak, eta gauzak ez dira betidanik horrela izan. Gure herriak auzolanen bidez administratzen ziren sasoi haietatik, euskal gizartearen eta euskal herritarren bizimodua elkarri lotuta egon dira. Indartsuak izan gara betidanik, eta hala izango gara etorkizunean ere, lankidetza eta erkidetasuna defendatzen dugun neurrian.
Ezker abertzaleak beti aintzatetsi ditu norbanakoaren berezko balioak, eta hala ulertzen du kolektibismoa. Hau da, helburu berbera izanik, pertsona desberdinez osaturiko unitate edo multzoa.
Garena gara, herri subiranoa amesten duen proiektu bateko kideak. Pertsonaren baikortasun eta tragedia, biak onartzen ditugu, txanpon beraren aurpegi desberdinak direlako. Batak bestea baztertzen ez duen bateratasun dialektikoa. Beti izan gara horrelakoak, eta hala jarraituko dugu aurrerantzean ere.
Jakina denez, ezin dugu ahaztu kaltearen oinarria soziala dela, baina ez naturak hala ezarri digulako. Kalte horrek, izan ere, boterearen egiturazko indarkeria errealitate bilakatu du. Horregatik, bada inongo zalantzarik gabe esaten duenik, Estatu espainiarrean gobernuak epaitegiak “aktibatzen” dituenean askatasunak isilarazten dituela. Ni ere iritzi berekoa naiz, are gehiago, asko eta asko, dira gaur “idazten” ari garenarekin bat ez datozen epaiak. Gertatzen ari denaren aurrean ez ikusiarena egiten dute.
Idazketa aipatu dudanez, honakoa baieztatu nahi nuke; bizi dugun egoera konprometituaren aurrean, unibertsoaren eta pertsonen arteko bitartekoa izan beharko lukeela idazleak. Horregatik, epaitegiak aktibatu eta “isiltasuna” espetxeetako soinu bilakatzen denean, guk geuk onartzen dugu espetxe hori, gure isiltasunaren bidez. Hortaz ez dago zalantzarik.
Oso larria den egoera horren aurrean, azpimarra nahi nuke, bizi garen egoera larrian ez dagoela tokirik “aseptikoarentzat”. Pertsona “aseptikoak” badaki bide zuzena eta okerra desberdintzen, baina ez da arrazoiaren eta egiaren bidean urrats bat bera ere emateko gai . Norberaren buruari iruzur egin beharra, zertarako eta barruan daraman utzikeria estaltzeko. Ze pena.
Barne begirada bat eginez gero, ohartu arazi nahi dut, sarritan ahaztu egiten dugula zeinen gaztea den -gure herriaren historia kontuan hartuta- gure seme-alabei Euskal Herri aske bat eskaintzeko helburuarekin gauzatzen ari garen borroka. Egia da lan ugari egin dugula, eta egindako bidea luzea dela. Duela berrogei urte baino hurbilago gaude, bai, baina oraindik ez gara helmugara iritsi. Daukaguna eta etorkizunean lortuko duguna defendatuta baino ez gara iritsiko helmuga horretara, ez baita posible izanen beti aurrera egitea.
Aldaketa ugariko bidea hartu dugu, -oraingoa ez da lehena- eta aldaketa horietara egokitzen ari gara. Iritsi da unea, bidean gaude eta ezin dugu atzera egin. Badakit aserreak baretzen doazela -denak bai gara derrigorrezko- jakinik aurka dugun indarra handia dela, oso handia da, baina ez gaindiezina.
Betidanik gabiltza “gure etxeko” teilatua zabaldu nahian. Hor ditugu lanak, eta ez makalak. Lehenik senitartekoa ugaritu beharrean gaude. Baina ez kezkatu, ez baita bi eguneko lana.