Bi ereserki berri Euskal Herriari [Brecht &Nico] [poetische samizdat]
Aberri egunaren karietara aitzakia bikaina: bi alemanek sortutako bi ereserki euskaraz. Kapitalismo alemanak, bere hogeita hamarreko moldean, geurean egin zituen sarraskiak gogoan ditugun urteurren honetan hona Brecht eta hona Nico.
[hemen pedeefea: 26 aberri egun gorria]
Umeen ereserkia:
Ekialdeko Alemaniari ereserkia egin zion Bertolt Brechtek 1946an. Ez zuen arrakastarik izan. Jarraian duzu 1994an Wolfgang Harichek, Bertolt Brechten etxean lagunekin batzartuta zegoela, eman zuen azalpena. Brechten ereserkia itzuli dugu. Euskal Herriak dituen ereserkietan bat gehiago izan dadin. Aldaketa ñimiñoak egin ditugu baliagarria izan dadin. Brechtek Alemania zioen lekuan guk Euskal Herria esan dugu; Alpeak, Oder eta Rin zeuden lekuan Auñamendiak, Aturri eta Ebro jarri ditugu. Ostantzean fidelak izan gara.
Hona, beraz, Umeen ereserkiaren nondik norakoak Harichek azalduta:
«Eta orain, berriz ere genius lociari buruz mintzatuko naiz, etxeko jaunaz, Bertolt Brechtez. Mendebaldeko eta ekialdeko zerbitzu sekretuek ere ezagutzen ez duten zerbait kontatuko dizuet.
[Barreak]
1949an bi estatu alemanak sortzean, alegia, lehenik Alemaniako Errepublika Federala maiatzak 23an, eta gero Alemaniako Errepublika Demokratikoa urriak 7an, SED-eko [Alemaniako Alderdi Sozialista Bateratua] buruak Alemaniarentzako ereserkia behar zutela jabetu ziren. Bertolt Brechtek uste zuen, mendebaldean zein ekialdean, Joseph Haydn-ek 1793an sortutako melodia bikaina gorde behar zutela. Abestiak hala zioen: «Jainkoak gorde beza Franz, Kaiserra, gure Franz Kaiser ona». Franz II.ari buruzko hitzak ziren, “Alemaniako Nazioaren Inperio Saindu Erromatarraren” azken enperadorearenari buruzkoak. Haydnek idatzitako Kaiserraren laukotea garai guztietako kultura altxorra da. Baina Brechtek musika hari goitik behera aldatu zizkion hitzak, ez zuen Wilhelm Pieck konbentzitzea lortu [orduko AEDko lehendakaria], ezta Otto Grotewohl [AEDko presidentea] ezta Walter Ulbricht ere [alderdiko idazkari nagusia].
Denek nahiago izan zuten Johannes R. Becher-en testua zuena, «errautsetatik zutitu eta etorkizunera zuzendu», Hanns Eisler-en melodia batekin.
Brechtek ez zuen kalapita sortu nahi izan eta bere ideiari garrantzia kendu eta “Umeen ereserki” gisa aurkeztu zuen, Umeentzako kantak sortan jaso zuen. Eislerek melodia jarri zion, Haydnen soinuetatik urrun. Orduz geroztik ahanzturak jan zuen proposamena.
Gaurkoan Brechten testua aurkeztu nahi dizuet, baina gainera Hoffman von Fallersleben-ek 1841ean sortutako testua ere entzungo duzue [egungo Alemaniako ereserkia handik sortua da]. Ziurrenik ez duzue osoa ezagutzen. Seguru aski lehen ahapaldiak jakingo dituzue, samurtasunez beteriko horiek: «Alemania, Alemania oroz gain, mundu guztiaren gainetik». Bigarren ahapaldia ez duzue, segur aski, ezagutuko, hala dio: «emakume alemanak, leialtasun alemana, ardo alemana eta abesti alemana, munduan zeuen izen zahar eta ederra mantendu behar duzue. Eginkizun prestu bat dugu bizi osoan beteko emakume alemanengatik, leialtasun alemanarengatik, ardo alemanarengatik eta abesti alemanarengatik». Nahiko penagarria da, nire ustez, bigarren ahapaldia. Hirugarrena, halere, kaltegabea da, ulertu dudanaren arabera, lokuzio abstraktuz osatua da, eta halere, badu susmagarria den zerbait, ez duelako esaten «Batasuna eta eskubidea eta askatasuna gure aberri alemanean», baizik eta «gure aberri alemanarentzat», nire aburuz kezkagarria den ezberdintasuna da.
Eta orain entzun 1949ko Brecht:
Graziak ez du ahaleginik aurrezten – Umeen ereserkia
Graziak ez du ahaleginik aurrezten
ezta pasioak ere elkar-ulertzea,
Euskal Herri on bat loratu dadila
beste herrialdeak bezain ona.
Herriak ez daitezela zurbildu
lapurraren aurrean bezala
haien besoak zabal diezazkigutela
geuri baita beste herriei ere.
Geuk ez dugu beste herrien
gainetik ez azpitik egon nahi
itsasotik Auñamendietaraino
Aturritik Ebroraino.
Eta geure herrialdea hobetu nahi dugulako
maite dugu eta babesten,
atseginena iruditzen zaigu
bestetzuei haien herria bezainbat.
[2012]
Inoiz ez da abesti hau ekitaldi publiko batean abestu, nahiz eta Brechtek horretarako pentsatu. Eta gaur entzungo dugu Berlingo Pedagogoen Abesbatzari eta Hans Eckhard Thomasen zuzendaritzari esker, hemen, Brechten etxean, bere desira beteko dugu, mundu mailako estreinaldia izango da nolabait.
[Txalo zaparrada]
[Brechten bertsoen eta Haydnen Kaiserraren ereserkiaren melodiaren ostean txalo zaparrada]
Milesker geure asanbladari itxiera duin hau emanagatik. Eskerrak berriz ere etorri izanagatik. Ikusi arte!»
Ezkutuko aldea
Zenbaitetan zuzenean abesten zuen Nicok Alemaniako ereserkia –Haydnen musika Hoffman von Fallersleben hitzekin–. 1973ko The End… albumean harmoniuma jotzen zuela grabatu zuen. 1977an Andreas Baader ezkerreko militantea hil zutenean hari eskainita abestu zuen kontzertuetan. Honakoan The End… diskoko beste kantu bat dakarkizugu. Hitzetan ez dugu aldaketarik egin behar izan, berez da nahikoa mistikoa. Honakoa ingelesez abestea nahiko genuke, Brechtena euskaraz.
Ezkutuko aldea
Gidarik gabe, eskurik gabe
birjin ezkongabeak lurrean.
Birjin ezkongabeak lurrean
arean geldiaraziak.
Lurrera itsasontziak etortzerakoan
buru-makurtzeen zain egongo dira.
Buru-makurtzeen zain egongo dira
beren umeen eskuetan.
Ez al zara leiala zeure harrotasunarekiko
ez al zaude alde ezkutuan?
Ez da krimen bat, zeure aldeko zerbait da,
ez al duzu ulertzen?
[2012]