Bi urteko haurren gelak ikastetxeetan: aukerarik txarrena haur eskolak doakoak izateko prozesuan aurrera egiteko

Bi urteko haurren gelak ikastetxeetan: aukerarik txarrena haur eskolak doakoak izateko – 

Bi urteko haurren gelak ikastetxeetan: aukerarik txarrena haur eskolak doakoak izateko prozesuan aurrera egiteko

Nafarroa osoan kudeaketa komuna izateko ordua da, haur eskolek eta bertako langileek jasaten duten kaosa behingoz antolatzeko.

Duela aste batzuk Nafarroako Gobernuak iragarri zuen 0-3 zikloa doakoa izango dela Nafarroa osoko sare publikoan. Orain jakin berri dugu, prentsaren bidez, Hezkuntza Departamentuak erabaki duela 2024-2025 ikasturtetik aurrera 2 urtekoen gelak sartzea ikastetxe publikoetan, sektoreko profesionalekin edo sindikatuekin kontsultatu edo kontrastatu gabe. Helburua, diotenez, Haur Hezkuntzako lehen zikloaren unibertsaltasunerantz aurrera egitea da.

Doakotasuna iragarri ondoren, argi genuen ez zela plaza publikorik egongo 0-3 urte bitarteko Nafarroako haur guztientzat. Eta, dirudienez, Gobernuak gai horri erantzuteko plantea ditzakeen aukeren artean, biderik “errazena”, azkarrena eta, jakina, merkeena aukeratu du: ikastetxe publikoetan bi urteko haurren gelak sortzea. Horrela, ez da beharrezkoa izango eskola berriak eraikitzea eskaintza handitzeko, espazio libreak erabiliko baitituzte 2 urteko haurrekin. Erabaki horrekin, eskoletako espazio libre horiek ratioaren jaitsiera lineala ezartzeko eta, horrela, ikasleen arreta hobetzeko aukera bikaina baztertu dute.

Eta LABen alarma guztiak piztu zaizkigu.

Alde batetik, uste dugu pedagogikoki zentzugabekeria bat dela zikloa zatitzea eta 2-3 urteko haurrak haur eskoletatik ateratzea, eskola horiek bereziki haientzat sortu eta diseinatuak baitaude. Gainera, haur txiki-txikientzat prestatuak edo pentsatuak ez dauden instalazioetan kokatzeak (oso bestelako beharrak dituzten ikasle helduagoentzat egokitutako patio izugarriekin, konparazio batera) ez du ezer onik ekarriko eta hezkuntza-kalitatea nabarmen okertuko du.

Bestalde, neurri hori landa-eremuetan aplikatzen hasteak haur eskola txikienak kondenatuko ditu, urte batzuk baitaramatzate ikusten nola murrizten zaizkien unitateak hainbat arrazoirengatik. Askok espero genuen, doakotasunari esker, hango matrikula kopurua berriro handituko zela. Baina Hezkuntzak orain iragarritako neurriarekin, landa-eskola horiek are kaltetuagoak izango dira.

Eta, azkenik, lan arloari dagokionez, ez dakigu nola kudeatuko diren langileak. 2 urtekoen gela horietako langileak ikastetxe publikoetako gainerako irakasleak bezala kontratatuko dira Hezkuntzako zerrendetatik? Haiek arduratuko al dira, halaber, ziklo honetako errutinen ardatz diren zainketez (jaten ematea, pixoihalak aldatzea, siestan laguntzea…)? Orduan, B mailako langileak izango dira, ala udalek edo udal-eskolen enpresa kudeatzaileek C mailako langile gisa kontratatutako langileak izaten jarraituko dute? Erabaki horrek arrakala bat sortuko du ikastetxe publikoetako 2 urteko haurren geletako langileen eta haur eskoletako langileen artean?

Gure ustez, garaia da Gobernuak zikloa duintzeko dituen konpromiso garrantzitsuei heltzeko, hala ziklo hori hezkuntza-ziklo gisa aitortuz –LOMLOEk eta 61/2020 Foru Dekretuak aldarrikatzen duten bezala–, nola baliabide materialen kudeaketari eta langileen kontratazioari dagokionez. Garaia da, beraz, Nafarroa osoko kudeaketa komunari aurre egiteko, haur eskolek eta bertako langileek lurralde osoan jasaten duten kaosa behingoz antolatzeko.

LABetik ausardia eta ikuspegi zabala eskatzen dugu erronka honi aurre egiteko. Inprobisatzeari eta berriak prentsa bidez zabaltzeari utz diezaiotela, eta benetako urratsak eman ditzatela Nafarroako hezkuntza-arretaren kalitatea hobetzeko eta sektoreko langile guztien lan-baldintzak duintzeko. Garaia da Nafarroa osoko haur eskola guztiek kudeaketa komuna izan dezaten. Publifikazioa lortzen ez den bitartean, LABek Nafarroako haur eskoletarako hitzarmen propio baten negoziazioa defendatzen jarraituko du.

Bi urteko haurren gelak ikastetxeetan: aukerarik txarrena haur eskolak doakoak izateko prozesuan aurrera egiteko

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude