Betiereko sua

Betiereko sua –

Anuntxi Aranak ARGIAn.


Lehen bioletekin bat, mendiko suak heldu dira tenoreko, beren desmasiek jarraikiak. Eta ondoren protestak, aldizkari honetara bidali ohi ditudanak barne.

Betiereko sua

Orain dela bi urtekoa ikaragarria izan zen. Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoan hedatu ziren suteak, Larrun menditik Endarlatsaraino. Orotara 2.300 bat hektarea erraustuak, eta gutxi egin zuen, ez baitzen jende zauriturik edo hilik. Aziendak bai, bizirik erre ziren, animalia txikiak bezala. Eta borda, oihan, larre eta alhagiak.

CADE-ek eta ingurumenaren defentsan diharduten beste taldeek ohartarazi zuten dozenaka urte beharko direla segurki nahitara piztu su horiek deuseztatu zuten bizia indarberritzeko, eta onartezinak direla behin eta berriz biodibertsitatea horrela kaltetzen duten su kriminalak; kriminalak baitira zinez, eta ez “baimendu gabeak”, batzuek eufemismoz deitzen dituzten moduan. Nork eginak? Ofizialki ez da jakiten.

Eta hola urtero-urtero, temati, betiere.

Zenbaitek ahotsa goratu zuten, ez dutela pozoi hori onartzen tradizioko ohiduratik badator ere, tradizioak oro ez direlako egokiak

Aurten Iruñeraino iritsi da ke usaina. Gero, antizikloia finkatu eta haizea gelditu zenean, gehiegizko partikula finen metaketak alerta joarazi zuen. Prefetak autoen abiadura murriztarazi zuen, bai eta kanpoan edozein su debekatu ere… 24 orduz. Handik laster artzainei zuzendu zitzaien, otoi, zintzoak izan zitezela, ez zezatela mendia gehiegi erre, edo bederen banan-bana egiteko, ez denok batera.

Bitartean smog-a arnastua zuten jadanik hainbat lekutan –Maulen piloa– eta zenbaitek ahotsa goratu zuten, ez dutela pozoi hori onartzen tradizioko ohiduratik badator ere, tradizioak oro ez direlako egokiak. Bestalde, denok dakigula, batez ere artzain xaharrek, suteek orain hartu duten hedadura ez dela antzina sekula ikusi.

Su aski elkarteak, bospasei urte hauetan borrokatzen baita holako suntsiketa galarazteko, ozenki salatzen ditu arazoan estatuak duen erantzukizuna eta europar finantziazio sistema aldrebesa: Nekazaritza Politika Bateratuak belaien azaleraren arabera banatzen ditu dirulaguntzak, hau da, belar gehiago eta mozkin politago. Ondorioz, arra bete baino gorago hazten den guztia hauts bihur!

Su zaleen argudiaketa: suak beharrezkoak direla mendia garbitzeko, eta otsail honetan piztu direla, aroa gisa hartakoa izanki. Kontua da eskola oporrak direla aldi berean, haurrak kanpoan dabiltza eta sudur guztiek ez dute kedar usaina gustuko. Beraz, azalduko zaie betidanik ditugula sute horiek, arbasoengandik heldu zaizkigula, gure jatorrikoak direla. Eta abar.

Betiereko sua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.